Sasieta mankomunitateak 21.828 tona hondakin jaso ditu 2020an. Goierritar bakoitzak 310 kilo zabor sortzen du urtean, batez beste. 2019ko kopuru bertsuak dira, nahiz eta hondakin zatikietan gorabeherak egon diren. Pandemiaren ondorioak zaborretan ere nabaritu dira.
Hondakinen sorkuntza gure bizitza eta kontsumo estiloetara lotuta dago», dio Iñaki Erauskin Sasieta mankomunitateko zerbitzuburuak. Xehetasunei erreparatuta nabari da 2020a ezohiko urtea izan dela, baina kopuru totaletan, aurreko urteetako joera mantendu da. Badira zazpi urte 22.000 tona zaborretik behera biltzen dutela. 21.828 tona jaso dira aurtengoan, zehazki.
Hiriguneetan jasotakoaren hiru laurden baino gehiago gaika sailkatu dira. «Birziklatze indizearekin edo tasarekin ez da nahastu behar», hasi da Erauskin. «Ulertzeko erraza da: jo dezagun kaleko iglu itxurako edukiontzi horietatik jasotzen dugun beira 100 kilo direla. Ez ditugu 100 kilo birziklatzen. Zergatik? Bada, tartean, tapoiak, botilen etiketak, zirrindolak… badaudelako. Jasotzen dena ez da beira puru-purua. Seguro asko, 97 kilo izango dira labe batean sartu direnak eta botila berriak egiteko erabili dituztenak, baina beste hiruk zabortegi batean edo tratamendu zentro batean amaituko dute. Eta berdin paperarekin, ontzi arinekin…». Urtetik urtera banaketa geroz eta hobeto egiten da, eta ehuneko txikiagoa bideratzen da zabortegietara. Duela hamar urte %29a sailkatzen zen behar bezala, 7.985 tona urtean. Egun, %76,7koa da kopurua, 16.737 tonarekin. Halere, banaketa indizeak iaz jo zuen goia, ia %77arekin.
Ormaiztegi da hondakin gehien bereizten duen herria. %85etik gora daude. 5.000 biztanletik gorako herrien artean Urretxuk du tasarik altuena, ia %80ko tasarekin. Ordizia ere Goierriko batez bestekoa baino ia puntu bat gorago dago; Mutiloa eta Altzaga dira banaketa kopuru txikienak dituzten herriak. %70era ere ez dira iristen.
Biohondakinak dira gaika biltzen diren zatiki handiena. Gutxigatik ez dira jasotako guztiaren herena. Halere, aurten kopuruak behera egin du zertxobait, ia %1. Jaitsiera handiagoa izan dute beirak eta paper eta kartoi bilketek, «seguro asko, pandemiaren ondorioz»: %7,7 beira gutxiago jaso da kaleko edukiontzietatik. «Etxeetan ere kontsumitzen dugu beira: botilak, flaskoak… baina ostalaritza hilabeteetan itxita egon denez kontsumoa txikitu egin da», arrazoitu du Erauskinek. Martxora arte 2019an baino beira gehiago ari ziren jasotzen Sasietakoak, baina apiriletik aurrera, hilabetez hilabete, kopuruak txikiagoak izan dira, nahiz eta ostalaritza irekita izan; paperak eta kartoiak ere behera egin du, baina Erauskinek uste du joera orokorragoa dagoela kasu honetan: «Ohiturak aldatzen ari dira. Dena digitalizatzen ari da eta papera geroz eta gutxiago erabiltzen dugu.
Egunkariak, propaganda…». 2018az geroztik behera datorren zatikia da. «Paketeria-kartoia ari da gora egiten, Amazon eta halako banatzaileena», gaineratu du.
2020an herriguneetan bildutako zaborraren hiru laurden behar bezala sailkatuta zeuden eta birziklatzera bideratu dira.
Ormaiztegi da banaketa kopuru handiena duen herria, %85etik gora; Mutiloak du daturik kaxkarrena, %61,9arekin.
Biohondakina da jasotako hondakin guztien ia herena. Ontzien zatikia hazi egin da, eta beira eta paperarena, txikitu.
Ontzi arinen bilketa ia %8 hazi da. «Betiko komertzio txikiaren ordez merkatalgune handietara jotzen du jendeak eta, horrek, enbalaje gehiago suposatzen du», dio mankomunitateko zerbitzuburuak. «Joera nabarmendu egin da pandemia garaian. Konfinatzeak eta saltokiak ixteak herritarren kontsumo ohiturak aldatu baitituzte»; etxeetako eta komertzioetako errefusak ere gora egin du, %1,5. «Hainbat faktoreren ondorioz gertatu da: pandemian zehar hondakin berriak sortu dira, hala nola, maskarak, eskularruak, mantalak eta beste babes-elementu batzuk. Horiek ezin dira birziklatu. Gainera, positiboren bat izan duten familiei hondakin guztiak errefusera botatzeko eskatu genien. Badaezpada, gero hondakin horiek tratatu behar dituzten langileak arriskuan jar ez zitezen». 2020an, era berean, errefusaren edukiontziak inoiz baino denbora gehiago egon dira zabalik. Itxialdiak irauten zuen bitartean asteko egun guztietan izan ziren zabalik eta Erauskinek dio horrek erlaxazio bat eragin zezakeela.
Industrialdeetan, jauzia
Industrialdeetan bildutako errefusak nabarmen egin du behera. 2019an baino laurden bat gutxiago jaso zen iaz. «Neurri batean, eragina izango zuen industria-jarduera txikiagoa izateak, baina 2020an zehar lan handia egin da birziklatzea ahalik eta gehien indartzeko», aipatu du Erauskinek. «Martxoan Mutiloako zabortegia itxi zen eta bat-batean hondakinak nora eramanik gabe gelditu ginen. Orduan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak arazoari aurre egiteko hondakinak Zubietan onartuko zituela esan esan zuen, betiere, materialak garbi iristen baziren: hondakin arriskutsurik gabe, ez latarik, ez pinturarik… Beraiek ere estandar batzuk bete behar dituzte euren emisioetan. Orduan, martxotik aurrera lanketa berezia egiten hasi ginen, errefusa errefusa izan zedin, beste material arriskutsurik gabe». Industrialdeetan jasotako guztizko kopurua %17,5 jaitsi zen iaz, baina birziklatzera bideratutako hondakinen kopurua mantendu egin zen. «Lehen errefusera zihoazen hondakin asko orain birziklatu egiten direlako». 800 bat enpresa txikiren eta ertainen hondakinak biltzen ditu Sasieta mankomunitateak.
Garbiguneetan ere inoiz baino jende gehiago artatu dute, itxialdi garaian bizilagunentzat itxita egon ziren arren. «Izugarrizko jende pila izan dugu. Tonatan gutxiago bildu da, baina erabiltzaile kopurua %16,6 hazi zen 2020an», dio Erauskinek. 32.000 erabiltzailetik gora izan dituzte Beasaingo, Ordiziako eta Urretxuko garbiguneetan, 110 lagun egun bakoitzean, bataz beste. Inoizko kopururik handiena da. «Guretzako garbiguneak oso elementu garrantzitsuak dira, eta ikusten da. Bereziki, gremioetako langileek erabiltzen dute. Eskertzekoa da. Hondakinak kalean botata egon beharrean birziklatzera bideratzen dira». Kalean bildutako etxetresnen bilketak ere gora egin du, «asko gainera». %14 baino gehiago hazi da. 827 tona jaso ziren urte guztian zehar, azken hamar urteetako kopururik handiena. «Ez dakit itxialdian jendeak etxebizitzak, ganbarak, garajeak… garbitzen ibili ote den. Asko izan dira trasteak garbiguneetara eraman dituztenak, baina kalean aurreko urteetan baino gehiago jaso dugu. Etorkizunean honek bai eskatuko duela kudeaketa berezia», aurreratu du.
Geroz eta zabor gutxiago
Goierritar bakoitzak 312,24 kilo zabor sortu zuen 2020. urtean. Hau da, ez da eguneko kilo batera iristen. Duela hamar urte 426 kilo sortzen zuen goierritar bakoitzak. Hori da bidea: geroz eta zabor gutxiago sortzea eta sortzen den hori behar bezala bereiztea birziklapena bermatzeko.
Sasieta mankomunitateak badu ahalmena jasotzen den zabor guztia kudeatzeko. «Gure helburua da biltzen den horretatik errefusa ahalik eta gehien txikitzea. Momentuz errefus hori Zubietara eramaten da bertan erre eta energia elektrikoa sortzeko. Baina Europak markatzen duen hierarkian hori azken-aurreko pausoa da. Azkena zabortegiak dira. Erraustegiaren aurretik daude prebentzioa, berrerabilpena eta birziklatzea», aipatu du arduradunak. «Prebentzioa ez da erreza. Berrerabilpena gauza puntualekin egiten da: arropa, jostailuak, botila batzuk… Baina indar handiena ematen diogu birziklatzeari. Gure politika hori da».
Goierriko familia bakoitzak, etxebizitza bakoitzak, 130 euro inguru ordaintzen du zaborren inguruko zergetan. «Ez zait garestia iruditzen», azpimarratu du Erauskinek. «Sasieta da bilketa guztiak, tratamenduak, poligonoak, komertzioak… Herri bakoitzaren tamainaren arabera kopuru bat ordaintzen du, eta gastu hori zabor-tasen bidez jasotzen du. Zati bat etxebizitzei egokitzen diete, beste bat komertzioei eta beste bat enpresei. Udal batzuk gastuaren parean gelditzen dira eta beste batzuk zertxobait azpitik, eta diferentzia beste diru partida batzuetatik ateratzen dute. Zabor tasetatik kostua baino gehiago ezin da lortu, legeak ez du uzten». Hala, herri batetik bestera aldaketak egon daitezke, baita ere urtetik urtera. Erauskinek ez du uste aurten aldaketa handirik egongo denik, «momentua txarra delako». Halere, zaborren kudeaketa garestitu egin da Mutiloako zabortegiaren itxieraren harira, Zubietako erraustegiraino eramatea garestiago delako. «Zaborrak edukiontzi zikin batean pilatu, hala moduz zabortegira bota, eta huskeri bat ordaintzen amaitu da».
Sasieta mankomunitateko langileek ere nabaritu dute pandemiaren eragina lanerako orduan, baina Erauskinek balorazio positiboa egiten du. «Sekula ez gara gelditu», nabarmendu du. «Oinarrizko sektorea gara eta arazoak arazo, lanean jarraitu dugu». Goizetik gauera egokitu beharra izan zuten. Esaterako, kalean lan egiten dutenek sarrera eta irteera ordutegiak aldatu dituzte pilaketak ekiditeko. Babes osoko jantziak ere erabili dituzte. «Positibo ziren jende askok deitu zigun zaborra ezin zutela bota esanez. Beraien etxeetara joan gara, eta oraindik ere kasu batzuetan joaten gara. Edukiontziak ere irekita utzi ditugu… Urte zaila izan da, eta zaila izango da, baina zerbitzu ona eman dugulakoan nago. Egoera ez da nahaspilatu, ezta gutxiago ere. Ondo moldatu gara».
Hondakinen bideak irteera asko ditu
Hondakin bat edukiontzira botatzean bere bidea hasi besterik ez da egin. Hondakinaren ezaugarrien arabera bide bat edo bestea hartuko du, hau da, birziklatzera edo Zubietako erraustegira bidaliko da. Erraustegira ahalik eta produktu gutxien bidaltzea komeni denez, garrantzitsua da ongi sailkatzea birziklapenaren bidea har dezaten.
Kasu honetan, kontsorzioaren banaketa planta batzuetara bideratzen dira, are zatiki txikiagotan banatzeko. Ontzien kasuan, esaterako, Legazpiko plantara eramaten dira eta plastikoaren ezaugarrien arabera banatzen dira. Behin banaketa eginda, fardoetan pilatzen dira eta enpresei saltzen zaizkie, lehengai bezala. Enpresa espezializatuak arduratzen dira hondakinak birziklatzeaz eta bigarren bizitza bat emateaz. «Adarrak bezala, bideak zabaltzen joaten dira», lazaldu du Erauskinek.
Hondakin organikoekin ere antzeko tratamendua egiten da. Jasotakoa bildu eta ezpurutasunak kendutakoak konposta egiteko erabiltzen da espezializatutako eremuetan, Zubietan esaterako.
Errefusa, birziklatu ezin diren hondakinak, Zubietan erre egiten dira. Konbustioaren beroa aprobetxatuz energia sortzen da bertan, baina keak ingurumena zikintzen du.