Joxe Begiristain • Euskara teknikaria
Euskadi Irratian lau bat urtez Maite Artolaren Faktoria irratsaioan Bernardo Atxaga idazleak egindako gogoetak dira, orain Kilker bat autopistan liburura moldatu dituenak. Zarata eta abiadura handia berezkoak dituen autopistan (norberaren bizitzan), lekuko zentzudun bihurtu zaigu egilea, kilker, ikusle soil ez beste guztia, egunero-eguneroko ohiko eta ez horren ohiko gertakizunak «gogo kritikoaz» (Sarrionandiaren hitzez) aztertuz.
Liburua esku artean, egilea irratian bere ahotsez aditzen bazeunde bezala sentiarazten zaitu aurrena, noizbehinka entzuteko aukera izan zenuelako. Baina segituan ahazten zaizu irratian ari den bati entzuten ari zarela eta berehala murgiltzen zara haren gogoetak zeure berezko bizipenen baitan hausnartzera. Berealdikoa da fikziorako ez ezik, errealitate gordinenari ere zentzurik baliagarriena antzemateko Atxagak duen abiltasuna. Eta pasarte bat hasi eta bukatu, hurrengoak aurrekoarekin zer ikusirik ez duenean ere (batzuetan jarraipena bai baitute), ezin diozu irakurtzeari utzi, segi eta segi, orain zertaz arituko ote zaigun.
Halako batean zera dio idazleak: «…banaketa on bat behar du, batez ere, euskarak eta euskal kulturak. Egia bada ekoizpena ona dela…». Eta nik diot: izango ez da ba, ona, ekoizpena! Euskaratik eta euskal kulturatik mundu zabaleko bizitzara (baita liburuan zerura egiten duzun bidaiatik ere) leihoa irekitzen diguzu, adibidez, zuk, Atxaga; ni neu zeinen ezjakin naizen antzemateko moduan, baina betiere, ematen didazun munduaren ezaguera eta eragiten didazun jakin-mina nola eskertu asmatu ezinik: norberaren autopista zentzuzko bidea izan dakigun, gutako bakoitza kilker bihurtzeraino garamatzazularik.