Jose Luis Aranburu • Itsasondo
Astea Itsasondon pasatzen bagenuen ere, ostiral arratsaldean, oinez, astoan trasteak hartuta, Urkiara joaten ginen asteburu pasa, igande iluntzera arte. Horixe izaten zen gure haurtzaroko asteroko plana.
Itsasondoko erdigunean jaio eta bizi gara, baina ama Urkiakoa da, Saletxe Berri baserrikoa. Gure haurtzaroan asteburuko eta oporretako plana izaten zen Urkira joatea. Oso arraroa izaten zen Urkira joaten ez ginen asteburua. 8-10 bat lehengusu elkartzen ginen asteburuetan baserrian. Urte batzuetan uztail osoa bertan pasatzen genuen.
Haurtzaroko Urkiako oroitzapen asko dauzkat, oroitzapen oso onak, beti jolas eta opor girokoak. Joaten ez ginen asteburua oso gogorra izaten zen. Itsasondon geratu eta ez genuen jakiten zer egin. Futbolean eta irudimen jolasetan aritzen ginen. Bolantetarako kazuelaren baten tapa zaharren-edo bat hartu, eta osaba kamioilaria izanda, bakoitzak gure kamioia muntatzen genuen bolante eta kanbioekin. Udan, Olinpiar jokoak egiten genituen. Parda edo makila batekin xabalina, taparen batekin disko jaurtiketa, ardo kaxa batzuk jarrita hesi lasterketak… Lanak ere bidaltzen zizkiguten. Baserriko sukaldean ez zegoen urik, baserritik 30 metrora zegoen iturria eta ura eraman behar izaten zen etxera. Lehengusu zaharrenek balderik handienetan eramaten genuen ura eta txikienek antosin batean. Udan belarretan aritzen ginen, igual estorbo gehiago egingo genuen baino.
Igandeetako plana
Igandea ezberdina izaten zen, meza egoten baitzen ermitan, eta mezaren ondoren, elkartean elkartzen ginen. Gu mezatara eramanarazteko, duro bana ematen ziguten mezatan botatzeko eta beste duro bat, paga bezala, ondorenean elkartean zerbait erosteko. Txus bat eta azeituna pakete bat izaten zen. Mezatara joan ezean, pagarik ere ez zegoen. Han elkartzen ginen gure baserrikoak eta ermitaren aurreko etxekoak, beste sei bat ume gehiago. Elizondoko zimitorioan ibiltzen ginen jolasean.
Festak urtean bi aldiz izaten genituen, maiatzean eta irailean. Beti trikitixa ezagutu dugu. Zendoia trikitilaria 28 urtez jarraian etorri zen, urtean bi aldiz. Eta 10 bat urtean, Urtezaharretan, gure baserrira etorri zen. Guretzat etxekoa bezala izan da. Urkiako jaietan, ikastolan baimena geneukan ikastolara joan gabe geratu eta Urkiara festara joateko.
Urtezaharretan amaren familia osoa elkartzen hasi ginen, 50 lagundik gora. Urtezahar egunean afaldu eta Urteberri egunean bazkaldu. Lo han egiten genuen, ahal genuen bezala. Txikienak, ohe batean lau, alderantziz jarrita luzetaka. Hazten joaten ginen eran, gazteak, ganbaran, koltxoiak botata.
Lotura handia
Oraindik ere lotura handia dugu Urkiarekin. Umetan Urkian ibiltzen ginen 8-10 lehengusuok urtero afari bat egiten dugu Saletxe Berri baserrian, guk prestatuta, txandaka. Eta elkarteko bazkide izateaz gain, festak antolatzen ere ibiltzen gara gure Urkia kuttunean.