Hogeita hamar urte betetzera doaz Barricada musika taldeak Ataunerako bidea ikasi zuenetik. 1980ko hamarkada erradikala igarota, puri-purian zeuden artean Txantreakoak. 1992an izan ziren lehenengo aldiz Ataunen. Garai eta une errepikaezinak dira jada, gehiago urte hasieran Javier Hernandez Boni kidea hil zenetik.
Ataunen, urte batzuk lehenago, San Martin auzoko jaiak azarotik ekainaren 15era aldatzea erabaki zuten. Eguraldiaren hotza saihestu nahiak, ordea, ez zuen gazteriaren berorik jaso, eta ez zen asmoa sustraitu. Atzera, hamarraldiaren bukaeran, azarora mugitu zituzten. Eta, jaiak indartzeko, ekimen berriak eta arranditsuak antolatu zituen Festa Batzordeak: bertsolari jaialdia, rock kontzertu erraldoia… Errotu zen hori.
Lehenik, 1988ko irailaren 24an, Hertzainak eta M-ak taldeek jo zuten, eskola ondoko kirol pistan. Artean Auzoeta eraiki gabea zen –1991n inauguratu zuten–. Baina arriskua zen aire librean egitea, eguraldiak zaputz zezakeelako.
1992an, gazteak boluntariotzan laguntzeko saldoka prest zirela, Barricada ekarri zuten. Hura bakarrik, gastu handiegitan sartu gabe. Balas blancas 8. diskoa atera berria zen. Arrakasta hainbestekoa izan zen, hurrengo urtean jada hiru taldeko kontzertua antolatu baitzuten: Lin Ton Taun, Su Ta Gar eta Kojon Prieto y los Huajolotes.
Lau urtetan egin ziren kontzertu erraldoiak, 1992tik 1995era. Festei eman nahi zieten bultzada berreskuratu zuten. Milatik gora lagun sartu ziren, beti; urteren batean, 1.500 ere bai. Donostiatik autobusak ere jarri zituzten.
Lehen lerroko taldeak
Auzoeta kiroldegia euskal rockaren urtean behingo Woodstock bihurtu zen. Aipaturiko bi saioez gain, 1994an emanaldi puska egin zen: Platero y Tu –Fito Cabrales buru–, eta Su Ta Gar eta Barricada. 1995ean, Siniestro Total, Def Con Dos eta Tapia ta Leturia Band. Ia ezer ez.
Denetan izarrak, ordea, Barricada eta Su Ta Gar izan ziren. Euskal talde entzunenetakoak ziren, eta jendetzak erakartzen zituzten. Bina urtetan etorri ziren Ataunera; beste guztiak, behin.
Arrakastak, bere baitako kritika ere piztu zuen. Auzoeta herrigunetik aparte samar dago, egon; eta hiru talderen kontzertu luzeekin, jendetzak kalea ez zuen ia gau osoan zapaldu ere egiten. Festa gutxi plazan, beraz. Boluntarioekin egiten zuten muntaia, garbiketa, segurtasuna, taberna… dena.
Azken urtean, gaupasero batzuen jarrerak lehertu zuen ekimena. Igande goizean, elizara sartu, kaliza hartu, eta plazan futbolean ibili ziren harekin. Eskandalua eragin zuen herrian, eta jaialdia izan zen pagaburu. Azken kopa izan zen kaliza hura kontzertuarentzat ere.