Bi herriak lotzen dituzten zubiengatik ez balitz, Urretxu eta Zumarragako bizilagunak Urola ibaiak banatuta biziko lirateke.
Zubia baino eraikuntza ikonikoagorik ez dago, elkartasuna, bakea, bizikidetza… sinbolizatzen baititu. Hala, arkitekto eta ingeniariek oso gustuko dute zubiak eraikitzea eta oso gaizki ikusia dago zubi bat txikitzea. Hamaika zubi ezagun daude munduan: Firenzeko Ponte Vecchio ederra, dozenaka pelikuletan azaldu den Golden Gate, Balkanetako gerran txikitu zuten Mostar hiriko zubia… Urretxu eta Zumarragako zubiak ez dira horren ezagunak, ezta hain ederrak ere, baina oso garrantzitsuak dira. Izan ere, bi herri lotzeko balio dute. Bi herri hauek herrigune bakarra osatzen dute, baina Urola ibaiak banatzen ditu. Zubiengatik ez balitz, elkarri bizkarra emanda biziko lirateke. Urretxu eta Zumarragako zubiak albiste izan dira azken egunotan, herri mailako konfinamendua dela eta, lanera, ikastera edo medikuarengana joateko bakarrik gurutzatu baitaitezke.
Lazkaoko jaunaz nazkatuta zeuden zumarragar batzuk sortu zuten Urretxu. Erregearengana joan ziren babes bila, eta hark Urola ibaiaren beste aldean hiribildu bat sortzeko baimena eman zien. Ordurako zubiren bat egongo zen eta Urretxuren sorrerarekin balio handiagoa hartuko zuen.
Dokumentatutako lehen zubia XIV. mendean eraiki zen, Kalebarrenen. Izan ere, Urretxuko lehen etxeak inguru hartan eraiki ziren eta urretxuarrek eta zumarragarrek zubi bat behar zuten ibaiaren alde batetik bestera joateko. Garai batean Zumarragako toki horri Zubiaurre deitzen zitzaion eta hala deitu beharko litzaioke oraindik ere, Kalebarren bertako etxe baten izena baitzen.
Hasieran, zubi haren oinarriak harrizkoak ziren, baina gainontzekoa egurrezkoa zen. Uholdeak zeuden bakoitzean, goialdea usteldu egiten zen eta aldatu egin behar zen. Gastuak bi udalek ordaintzen zituzten, erdibana. 1580 eta 1610 urteen artean uholde asko egon ziren eta egurra harriarengatik aldatzea erabaki zuten.
Liskarra
Baina zubiak liskar iturri ere izan dira. XVI. mendean, Zumarragak zubi berri bat eraikitzea erabaki zuen Akelarre elkartea dagoen tokian. Bere helburua Legazpira joateko egin beharreko bidea moztea zen. Baina urretxuarrak zubi berri horren aurka agertu ziren. Izan ere, gurdiek Urretxutik pasatzeari utziko ziotela uste zuen. Epaitegietara jo zuten eta epaileak zumarragarrei eman zien arrazoia. Hala, Zubiberri eraiki zen. Urretxuarrek bi harri jarri zituzten zubiaren bere aldean gurdiak pasatzeko aukerarik izan ez zezaten, eta zumarragarrek epaitegira jo zuten berriro. Azkenean, urretxuarrek harriak kendu behar izan zituzten.
Dokumentatua dagoen hirugarren zubia ere garai hartakoa da: Leturiondo baserrikoa. XVI. mendean eraiki zen eta XVII. mendean egun duen itxura hartu zuen. Gaur egun ez du inongo zentzurik inguru hartan zubi bat egiteak, baina garai hartan hura puntu estrategikoa zen. Azkoitira doan bidea oraindik egin gabe zegoen, eta Azkoitira joateko Oleta mendira igo beharra zegoen. Ondoren, Oletatik Azkoitira jaisten ziren. Leturiondo baserriaren ondoko zubia urretxuarrek eraiki zuten, noski.
Laugarren zubia Leturiondoko zubitik gertu zegoen: Lizarazuko errotaren ondoan (Etxeberri auzoaren aurrean). XVI. mendean eraiki zuten eta 1990eko hamarkadan bota zuten, gasa kanalizatzeko.
Lau zubi zaharretatik, bakarra dago zutik: Leturiondokoa. Zubiberri Norteko trenbidea egin zutenean bota zuten. Urola ibaiak bihurgune luze bat egiten zuen eta bihurgune hori desagerrarazi beharra zegoen trenbidearen mesedetan. Inguru hartan zubirik gabe gelditu zirenez, Isabelekoa eraiki zuten. 1860 eta 1864 bitartean egin zuten.
Zubi zaharrena Kalebarrenekoa zen: uholdeak eragiten zituen eta 1990eko hamarkadan bota egin zuten
Egungo zubi zaharrena Leturiondo baserriaren ondokoa da: urretxuarrek eraiki zuten Azkoitira joan ahal izateko
Kalebarreneko zubia, guztietan zaharrena, 1990eko hamarkadan bota egin zuten. Zubi horrek uholdeak sortzen zituen, euri asko egiten zuen bakoitzean ibaiak ekartzen zituen harriak eta adarrak bertan gelditzen baitziren. Udalek zubia bota, Urola ibaiaren bidea zabaldu eta zuzendu, eta erreka estali zuten. Estali ondoren sortu zen plazari Kalebarren-Areizaga izena eman zioten. Plaza horretan zubiaren zati bat jarri zuten, oroigarri gisa.
Bidegorria
Egun, herrigunean hiru zubi daude. Zaharrena Isabelekoa da. Beste biek 30 bat urte dituzte eta elkarrengandik oso gertu daude: batak Zumarragako plaza eta Urretxuko Kalerrota lotzen ditu eta besteak Zumarragako Legazpi eta Secundino Esnaola kaleak eta Urretxuko Kalerrota. Bestalde, Urolako trenbidearen gainean egindako bidegorria herri batetik bestera pasatzen da. Eta Legazpitik Urretxuko Ipeñarrieta kalera edo Zumarragako geltokira joateko ez da zubirik igaro behar, inguru horretan ibaia estalita baitago.
Urretxu eta Zumarragako bizilagunak egunero pasatzen dira alde batetik bestera: senitartekoak bisitatzeko, lagunekin elkartzeko, anbulatoriora edo ospitalera joateko, kiroldegi batera edo bestera joateko, kultur etxe batera edo bestera joateko, erosketak egiteko, lanera edo ikastera joateko…
Haserre daude, LABIak zubien erabilpena mugatu duelako. Zubien garrantziaz jabetu dira. Ez litzateke gaizki egongo berriro irekitzen direnean bi herriak batzen dituzten zubiei merezi duten omenaldia egitea. Nola? Izena jarrita, adibidez. Izan ere, zubiek ez dute izen ofizialik oraindik. Bizilagunek Isabelekoa, lizeokoa, Galeperrakoa, BMkoa, Zumarragako udaletxekoa… deitzen diete. Maria Cristina eta Santa Catalina bezalako izenak soberan daude, baina bi herrien alde lan egin duten emakumezko eta gizonezkoenak ez. Zubi bat ematea baino errekonozimendu hoberik ba al da?
Zubiak
Gaur egun hiru zubi daude herrigunean. Horretaz gain, Areizaga-Kalebarren plaza errekaren gainean egin zuten eta Urolako trenbidearen ibilbidean egin zuten bidegorria alde batetik bestera pasatzen da behin baino gehiagotan.
- Isabeleko zubia. Norteko trenbidea egin zutenean, Zubiberri izenekoa bota egin zuten. Inguru hartan zubirik gabe gelditu zirenez, Isabelekoa eraiki zuten. 1860 eta 1864 bitartean egin zuten. Zubiaren ondoan Isabel taberna ireki zuten eta herritarrek tabernaren izena eman zioten zubiari. Zubi hori anbulatoriora, geltokira, Urretxu-Zumarraga ikastolara, Euskaltelen dendara… joateko erabiltzen da batez ere. Garai batean Golden dantzalekura joateko erabiltzen zen.
- Izen askoko bi zubiak. Zumarragako Secundino Esnaola kalea eta Urretxuko Ipeñarrieta eta Labeaga lotzen dituen zubiari Isabeleko zubia deitzen diote herritar gehienek. Beste biak, ordea, modu askotara deitzen dituzte. Bata, Zumarragako plazara eta lizeora joateko erabiltzen da batez ere. Bestea, BM janari-dendara joateko.