
1987. urtean inguruan San Adriandik bueltan, txistulari taldea elizara arteko bidea egiten udal ordezkariekin eta herritarrekin batera.
Xabier Urteaga • Idiazabal
Astearteetan gaueko bederatzietan egiten genituen entseguak udaletxea dagoen eraikinean, osoko bilkuretarako erabiltzen duten aretoan hain zuzen ere. Gerora, ostiral iluntzetan eta larunbatetan elkartzen ginen.
Eskolaz kanpoko jarduera gutxi zegoen Idiazabalen 80ko hamarkadan, eta aurreko urteetan. Horien artean, solfeoa eta txistua. Nazario Telleriarekin ikasi genuen idiazabaldar askok pentagrama barruko notak irakurtzen; kortxeak, fusak, semifusak eta isiluneak neurtzen, baita txistua jotzen ere. Txistulari taldea osatu genuen: primeroak, segundoak, silboteak eta atabala.
Txistularion «goi-denboraldia» sanblasetan izaten zen. Bete beharrekoak: goizeko kalejirak, alkate soinua, dantzarien saioa, edota dantza suelto txapelketa. Otsaileko hotza eta lo falta, aldiz, osagarriak.
Herriko festez gain, txistulari taldeak bazituen, orain ere baditu, bestelako hitzordu finkoak. Udaberrian, esate baterako, San Adrian eguneko erromeriari lotutakoa. San Adriandik bueltan, Seguran eta Zegaman sartu-irtena egin ostean udal ordezkariak eta idiazabaldarrak herrira iritsi zain egoten ginen Xume parean. Elizara arteko bidea elkarrekin egiten genuen, argazkia 80ko hamarkada amaierakoa da. Agerikoa da txistua bakarrik ez, tronpetari hotsa ateratzen ere ikasi genuela baten batzuk. Adin tarte ezberdinetako txistulariak bat eginda aritzen ginen garai hartan. Ordukoak dira txaketa gorridun uniformeak ere, Beasaingo jostun batek neurrira egindakoak.
San Adrian egunaz gain, baziren urteroko beste emanaldi batzuk ere. Irailean Urtsuarango jaiak, eta Gabonetan plazako kontzertua. Idiazabalen bakarrik ez, inguruko herrietan ere jotzen genuen txistua. Axari dantza taldearekin dantzari txiki egunetara joaten ginen; txistulari talde modura Beasain, Urretxu edota Zumarragako alardeetara. Herrian zein kanpoan, txistuaren inguruan beti sortzen zen bazkari, afari edo hamaiketakoa egiteko aukeraren bat.
Ikasketak edota lana tarteko utzi genuen gehienek txistulari taldea. Duela 9 urte, ordea, berriro elkartu ginen. 2012ko txistularien alardean Nazariori egindako omenaldia zela-eta, bere ikasle izandako herritar taldea elkartu ginen. 30 lagun baino gehiago, adin ezberdinetakoak, herrian eta kanpoan bizi garen idiazabaldarrak, horien artean argazkian agertzen garen ia guztiak. Berriro ere elkarrekin txistuaren bueltan, primeroak, segundoak, silboteak eta atabala.
Urtero ekitaldi laburra
Harrezkero, urtero, sanblasetan egiten den txistularien alardearen aurretik kalejira eta jendaurreko emanaldi laburra egiten ditugu. Aurten aurrekoetan baino jende gutxiago elkartu gara. Kalejirarik ez, baina emanaldia osatu dugu. Gustura aritzen gara urtean behingo hitzordua prestatzen. Orain txistulari ohiak gara, izen hori du behintzat gure Whatsapp-taldeak.