Antzinako gauzek duten xarmaz liluratuta bizi da txikitatik Fernando Botanz Parra legazpiarra, zaharkinen mundua bere pasio bihurtzeraino. Bilduma ederra zuen osatuta, baina orain zatirik handiena Gipuzkoako museotan dago jasota. Zaharkinak bezala, artea eta musika ere maite ditu.
Legazpiakoa zara, baina Donostian jaio zinela esaten duzu.
Nire belaunaldiko asko bezala, Donostiako erresidentzian jaio nintzen 1967an, eta han bertan bataiatu ninduten. Hiri horrek izugarrizko garrantzia izan du nire bizitzan. Niretzat magikoa da nire lehenengo haizeak, lehenengo eguzki izpiak donostiarrak izatea.
Baina legazpiarra zara.
Bai, eta orain Bizkai aldean bizi banaiz ere, Legazpi beti bihotzean daramat. Hor bizi dira Rogelio Botanz eta Natividad Parra nire gurasoak, eta haiekin oso eskertua nago, nire bizitzan eragin ikaragarria izan dutelako.
Nolakoa zen zure txikitako familia?
Gurasoak eta sei anaia-arreba gara. Arantzazu auzoan bizi ginen, musikaz inguratuta. Aitak abestu egiten zuen, gitarra bat ere bagenuen, eta Rogelio anaia zaharrenetik hasita, ia denok ikasi genuen.
Gabonak gogoratzen ditut bereziki, sukalde ekonomikoan ama afaria prestatzen… Afaldu eta gero abestu eta dantza egiten genuen, pasodobleak, tangoak… Sukaldean bero egiten zuenez, leihoa irekitzen genuen, eta urteetara, bizilagunek esan ziguten egun haietan leihora irteten zutela gu entzutera.
Zer oroitzapen duzu haurtzaroko eta gaztaroko Legazpiz?
Marrazkiak egitea gustatzen zitzaidan, aitarengandik jasota edo, berak oso ondo marrazten du eta kaligrafia oso dotorea du. 5 urterekin, pelikuletan ikusitako gauzak marrazten nituen, eta klaseetara joan nintzen kultur etxera, Jose Ramon Apaolaza eta Esther Agirre izan ziren nire irakasleak.
Musika, berriz, etxean eta kanpoan nuen. Herriko abesbatzan abestu nuen Xabier Barriolarekin, eta Don Migel Barandiaran parrokoa ere ezin dut ahaztu. Musikarekin batera, dantza ere oso garrantzitsua izan da niretzat. Urteak egin ditut Sustraiak dantza taldean.
Musika lanbide duzu orain.
Ez ditut musika ikasketak, baina gitarra eta gero pianoa jotzen ikasi nuen, nire kabuz. Nire txikitako ametsa izan da pianoa jotzea, baina etxeko egoera ikusita, ez nien gurasoei eskatu solfeora eta piano klaseetara bidaltzeko. Gero, 20 urte nituenean, etxe ondoko mertzedariatar mojen egoitzara joaten hasi nintzen, armonia jotzeko baimena eskatuta, ikasteko. Orain badut piano bat etxean, eta egunero bost-bat orduz jotzen dut, etxean bertan edo klaseak ematen. Piano irakaslea naiz. Ikasle helduei ematen dizkiet klaseak Bilbon, euren etxeetan.
Musikarako sentsibilitatea buruan dago, eta horrekin jaiotzen zara edo ez zara jaiotzen. Nire kasuan, etxean genuen gitarrarekin hasi nintzen eta gero Legazpiko abesbatzan abesten hasi nintzen. Hori guztia gero pianora pasa dut.
Abesbatzekin jarraitzen duzu.
Bizkaira etorri nintzenean jubilatu etxeetako abesbatzekin hasi nintzen lanean, eta gaur ere horretan ari naiz. Bilbainadak ere maite ditut, eta duela aste batzuk Bilboko Udalaren lehiaketan nik sortutako bilbainada batekin irabazitako saria jaso dut, aipamen bat. Baditut 25-bat bilbainada konposatuta.
Nondik datorkizu zaharkinekiko zaletasuna?
Aita Olaztikoa da (Nafarroa), eta txikitan amona ikustera joaten ginen sarri. Haren etxera sartzean konturatzen nintzen urte asko zituela, eta hango ohea, lanpara, palankana, kafe ontzia edo toskako platerak ikustean… Nik uste dut ordurako banuela sentsibilitate hori.
Txikitatik gustatu zaizkizu, beraz.
Hala da, bai, eta gero 16 urterekin bizi izandako esperientzia batek ere izan zuen eragina. Adin horrekin, Legazpin trena hartu, eta bakarrik, Donostiara joan nintzen San Telmo museoa ikustera, eta txundituta geratu nintzen lehen aldiz artista handien lanak ikustean.
Horregatik egin zenituen artearekin lotutako ikasketak?
Garai hartan nire bokazioak marrazketa eta musika ziren, eta Arte Ederrak aukeratu nituen. Leioan hasi nintzen ikasten 18 urterekin, eta orduan zaharkinen mundua gertutik ezagutzeko aukera izan nuen. 1985 zen, eta garai hartan Bilbon goi mailako zaharkin salerosle asko zeuden. Haien urrezko garaiak ziren eta hiriak arte bildumagileen mailan tradizio handia zuen. Denda ugari bisitatu nituen ikasle nintzela, artea, hau da, pintura eta eskultura begia lantzen ikasten delako.
Eta ikasketak amaitutakoan, zer?
Nire lehen lana Tolosan izan zen, hango eliza baten erretaula konpontzen. Marrazketa klaseak ere eman nituen Ormaiztegin, Antzuolan eta Elgetan. Gero larunbat eta igandeetan neska-mutikoen urtebetetzeetan pailazo ikuskizunak ematen hasi nintzen Donostian, eta esan daiteke lan hari esker, 25-27 urte nituenean Donostia barrutik ezagutu nuela, etxez etxe. Etxe ikusgarriak ziren, haietako asko Belle Epoque-koak. Maria Cristina hotelean ere jardun nuen animatzaile gisa.
Adinduekin ere lan egin duzu.
Ni oso umezalea naiz, baina zaharren egoitzetan ere aritu nintzen animatzaile lanetan; Donostiako Zorroagan hiru urte egin nituen. Orduan Legazpin bizi nintzen oraindik, trenez egiten nuen joan-etorria. Gizonen arropa denda batean ere lan egin nuen, eta pertsiar alfonbra denda batean. Han nenbilea, hiriko dirudunen etxeak ezagutu nituen.
«Gazte garaian, nire bokazioak marrazketa eta musika ziren, eta Arte Ederrak aukeratu nituen ikasteko»
«Beste etapa batean nago orain, heldutasunaren etapan. Orain beste modu batera gozatzen dut, zaharkinak museoetan ikusita.»
«Zaharkinen bilduma egitea nire pasioa da orain, baina itsutu gabe ari naiz, batzuk zor handiak egiten baitituzte»
Noiz hasi zinen zaharkinak erosten?
Lanean hasi eta irabazitako diruarekin, poliki-poliki: toskazko edo portzelanazko kafetera bat, kapela bat, bastoi bat, eskultura txiki bat, mahai tresnak… Donostiako zaharkin salerosleak ezagutu nituen, baina Bilbora ere joaten nintzen. Madrilera edo Bartzelonara joandakoan ere erosten nuen zerbait.
Bilduma egiten hasi zinen horrela.
Zaharkinen bilduma egitea nire pasioa da, baina itsutu gabe ari naiz, batzuei burua joaten zaielako eta zor handiak egin ere bai. Erositakoa gordetzeko, Legazpin bi lokal erosi nituen Laubide auzoan nire bizitzako aurrezkiekin. Bizkaira etorri arte, han gorde nuen bilduma.
Zenbat pieza zenituen?
Ikaragarri! Nire bilduma handitzen joan zen poliki-poliki, eta pieza asko eta oso onak lortu nituen, emakumezkoen 200 kapela nituen! Museo bat egin nahi nuen, huraxe zen nire ametsa, baina ez nuen lortu.
Zer egin zenuen bildumarekin?
Nire senarrarekin [Oliver Agirre] Bizkaira bizitzera joan nintzen 2007an, eta ezin izan nituen nire gauza guztiak eraman. Ordurako nire museoa ez nuela izango etsita nengoen, eta San Telmora deitu nuen, ea nire bildumaren zati bat nahi zuten. Baiezkoa esan zuten, eta kamioi batekin etorri ziren bila.
Zenbat pieza joan ziren San Telmora?
Bi mila! Kafeterak, platerak, mahai tresnak, abanikoak, mantillak, eskulturak, altzariak, sonbrillak, argazkiak, lanpara txikiak, liburuak, loreontziak, zilarrezko bitxiak, poltsak, eskularruak, mantelinak… Dekorazio arteen barruan edo Art Deco-n sartzen diren piezak ziren, osagarriak, emakumezkoen eta gizonezkoen arropak… eta piano bertikal bat ere bai, oso dotorea.
Balentziaga museoari ere egin zenion dohaintza.
Bai. Arropak eta osagarriak zirela eta, Balentziaga museora ere deitu nuen. Hango kontserbatzio arduraduna etorri zenean, harritua geratu zen bildumarekin. Inauguratu zuten egunean, hantxe zegoen jarrita nire izena, emaileen zerrendan. San Telmon ere jasota dago, eta esan behar dut nirea dela museo horretako emaileen zerrendan gehienetan agertzen den izena, 2007tik aurrera ere eman dizkiodalako zaharkin gehiago.
Legazpitik Bizkaira joan zinen, beraz.
2007an joan nintzen, arreo galantarekin, bildumako pieza batzuk niretzat gorde nituelako. Etapa berri bati ekin nion orduan, maila pertsonalean zein lanekoan. Bizkaira iritsi eta gutxira, Zorroagako lana galdu nuen, eta barruan nuen indarra aterata, Bilbon ate joka hasi eta jubilatuen etxeetan hasi nintzen abesbatzak zuzentzen. Baita piano irakasle lanetan ere. Eta orain arte!
Nolako etxea jarri zenuen?
Nik banekien nire etxe berrian zer sartzen zen eta zer ez, eta gauza batzuk bakarrik eraman nituen, kamioi batean sartuta: kristaleria, baxera, mahai tresnak, maindireak, mahai zapiak… 120 urte dituzte, baina egunero erabiltzen ditugu. Altzari txiki batzuk ere jarri genituen, apaintzeko: esekitokia, mahaitxoak, aulkiak… Etxea zaharkinekin apainduta daukagu, eta ganbara bat ere badugu, trajeak gordetzeko. Eskerrak horri!
Zaharkinen bildumari berriz heldu zenion gainera.
Horretan ere etapa berria hasi nuen. Frantziako herri eta hirietan egiten diren azoketara joaten hasi nintzen, eta nire aurrezkiekin zaharkinak erosten hasi nintzen berriz ere, Bordelen , Saran, Miarritzen… Frantzian tradizio handia dago zaharkinen salerosketan. 10-bat urteko etapa bat izan zen, oso aberasgarria, eta asko ikasi nuen. Antzinako arropa asko erosi nuen orduan.
Zer egiten duzu arropa horrekin?
Frantziako etapa horrek bat egiten du Bilboko desfileekin. Arropa asko erosi nuen, soinekoak, lebitak, kapelak, prakak… Duela 120 urteko moda zen, jatorrizko herrialdean erositakoa. Oso traje ederrak lortu nituen, emakumeenak zein gizonezkoenak, eta jantzi horiekin ateratzen naiz Bilboko desfileetan.
Zer dira Bilboko desfileak?
1900 eta 1920 urte bitarteko Bilbo eder hura islatu eta gogoratu nahi duen desfilea. Nire ekimenez, 100 bat lagun elkartzen gara, garai hartako jantziekin, eta Bilboko erdigunea zeharkatzen dugu, musikaz lagunduta. 2012tik egiten da, ekaineko azken larunbatean.
Jantzi horiek non gehiago ikus daitezke?
San Telmo museoari beste dohaintza bat egin nion 2016an, 250 pieza, eta duela bi urte beste pieza batzuk eman nizkion Errenteriako Kapitain etxean dagoen euskal trajearen museoari. Beraz, bi museo horietan ere badaude nire bildumakoak izandako arropak eta osagarriak, baita Balentziaga museoan ere.
Hainbeste diru eta denbora gastatuta, zergatik egiten dituzu dohaintzak?
Nik arropa horretaz gozatu dut dagoneko, jantzi egin dut, gizonezkoa zein emakumezkoena, argazkiak atera ditut, bideoak egin ditut… eta horiek ikusgai daude nire blogean [fernandobotanz.blogspot.com/]. Baina bilduma guztia gordetzeko toki aproposik ez dut, ezta nahiko dirurik ere arropak ondo zaintzeko. Horregatik beti izan dut argi museo bati emango nizkiola. Eta argi daukat, baita ere, eta idatzita utziko dut, ni hil eta gero nire zaharkinak San Telmori eman behar zaizkiola.
Zertan da orain zure bilduma?
Eguneroko erabilerarako gauzekin bakarrik geratu nintzen, hautaketa bat eginda, ezinbestekoarekin bakarrik. Orain jantzirik ez dut ia erosten eta ez dut erosiko. Barruan, distantziarekin bizi dut erostearena, eskulturaren bat edo erosten badut, oso berezia delako da. Beste etapa batean nago orain, heldutasunaren etapan. Prozesu psikologiko bat da, eta ez dut ia erosteko har hori. Orain beste modu batera gozatzen dut, zaharkinak museoetan ikusita.
Eta nola dago zaharkinen mundua?
Honetan ekonomiaren egoerak eragin handia du, eta orain ekonomia gaizki dabilenez… Bilbon, adibidez, ez da ia zaharkinen saleroslerik geratzen, eta geratzen garen zaharkinen bildumagile apurrak erromantiko hutsak gara. Mundu hori kitto! Jendeak ez ditu zaharkinak nahi etxean, ez ditu zilarrezko mahai tresnak nahi, edo argi mutilak, edo altzari handiak…
Zaharkinak eta musika, bi pasio handi
Ekainaren azken larunbateetan Bilbok XX. mendearen hasierara bidaiatzen du, eguerdian hasita hiriko alde zaharra eta erdigunea zeharkatzen dituen desfileari esker. Musikaz lagunduta, duela 120 urteko Bilbo erakusteko asmoz garai hartako jantziez apainduta ateratzen dira kalera ehundik gora lagun, alkatearen papera eginez Fernando Botanz Parra buruan dutela. Legazpiar horrek 2012an martxan jarritako ekimena da, eta urtero egiten da Desfile Bilbao 1900 izenburuarekin.
Botanzek berak etxeko ganbaran mimo handiz gordeta dituen jantziak dira desfilean ateratzen diren batzuk. Gaztetatik zaharkinak biltzeko duen zaletasunari eta pasioari jarraituz erositako arropak eta osagarriak dira, Frantzian aurkitutakoak gehienak. Bilduma ederra egitera iritsi zen, baina zatirik handiena San Telmo, Balentziaga eta Euskal Trajearen Museoari emanda da, aurretik haiekin ondo gozatu eta gero. Hantxe ikus daiteke bere bildumaren zati bat. Argazki eta bideo bidez ere ezagutu daiteke duela mende bateko janzteko era Botanzi esker, erositako ia soineko eta traje guztiak, bakoitza bere osagarriekin, jantzi eta kameraren aurrean erretratuak eta azalpen bideoak eginda dituelako. Bere blog-ean ikus daitezke: http://fernandobotanz.blogspot.com/.
Botanzek ez ditu erabiltzen egunerokoan garai hartako jantziak, baina etxean egunerokoa da garai hura. Zaharkinez beteta, museo bizi bihurtu du, bera bizi den museo txikia. Duela 120 urteko maindireen artean lo egitea, garai hartako mahai zapiak, tresnak, baxera eta kristalera erabiltzea, ispilu zahar batean begiratzea… plazer hutsa direla dio.
Museo txiki horretan bada Botanzek duen beste pasioaren lekuko bat: pianoa. Familiarengandik jasota, txikitatik sentitzen duen pasioa da musika, eta gaur egun lanbide du, pianoa jotzen erakusten dihardu eta Bilbo inguruko hainbat abesbatza zuzentzen ditu. Bilbo bera ere, pasio txiki bihurtu du, eta hainbat bilbainada eskaini dizkio.