Dani Maiora Martinez (Ormaiztegi, 1996) 18 urte zituela hasi zen letrak idazten, eta hasiera batean kajoiean gordeta uzten zituen arren, azken bolada honetan hitz horiek abesti bihurtu eta publikoki rapeatzera ausartu da.
Zerk bultzatu zintuen abestiak idaztera?
Hasiera batean hobby bat bezala hartu nuen letrak idazteko ohitura hau, barruan neukana azaleratzeko bide ona iruditzen zitzaidan eta errimak bilatzeko kontu horrek dibertitu egiten ninduen. 18 urte nituenetik orain arte idazten jarraitu dut, eta konturatu naiz dagoeneko baditudala letra batzuen batzuk. Azken hilabeteetan aurrerapausoa eman eta lotsak alde batera utzita abesti batzuk grabatzeko hautua egin nuen. Youtubeko Skank kanalean ditut ikusgai. Oso gustura geratu naiz emaitzekin eta oraingoz jarraitzeko asmoa dut.
Zertaz hitz egiten duzu zure abestietan?
Orri aurrean jarri eta ateratzen zaidana edo adierazi nahi dudana idatzi egiten dut, baina egia da normalean batez ere gai sozialei buruz idazten dudala. Munduan gertatzen diren injustiziak islatzea gustatzen zait, uste dudalako garrantzitsua dela horietaz hitz egin eta ahotsik gabekoei ahotsa ematea. Bestalde, pertsona positibo bat naizela uste dut, eta mezu positiboak helarazten ere saiatzen naiz.
Skank ezizena erabiltzen duzu. Nondik dator hau?
Jamaikako reggae dantza estilo bat da Skank-a. Reggaearekin eta reggaearen kulturarekin oso identifikatuta sentitzen naiz eta dantzatzea asko gustatzen zait gainera. Esango nuke bi ezaugarri hauen nahasketak ongi adierazten duela nire izaera, eta horregatik erabaki nuen ezizen bezala erabiltzea.
Oraingoz soilik YouTubera igotzen dituzu abestiak. Gustatuko litzaizuke etorkizun batean kontzertuak ematea?
Pandemiaren kontu honek zaildu egiten du jendaurrean abesteko aukera, baina aurrerago eskaintzen badidate eta jendeari egiten dudana gustatzen bazaio gustatuko litzaidake kontzertuak ematen hastea. Uste dut askoz gehiago disfrutatzen dela kontzertu batean jendearekin konektatuz, ez abesti bat grabatu eta YouTubera igotzen soilik. Hori nahiko hotza iruditzen zait.