Xabin Fernandez Zubeldia • Kazetaria
Aurrekoan, mozorroen inguruan hitz egiten aritu ginen lagun batzuk. Eskola garaian zabor poltsekin egiten genituen artelanetaz hasi, eta orduak igaro genituen nostalgia koloretsu hartan igerian…
Eta, gauzak gogoratzen, inauteri batzuetan ezagutu nuen tipo bat ekarri nuen burura. Ahaztuta neukan irudi bat etorri zitzaidan gogora. Tolosan izan zen, zaldunita egun batean edo. San Frantzisko kaleko kantoi batean jarrita, jendeari begira zegoen. Eskuak poltsikoan, serio gizona. Pertsona gogorra ematen zuen. Konfiantza handikoa. Segituan esan zidan ez zela oso inauterizalea. Nahiago zuela mahai baten bueltan lagunekin kontutan aritzea, haiek aukeratu zuten mimo arropak soinean jantzi eta txoroarena egin baino. Saiatu nintzen haren iritzia aldatzen, baina segituan konturatu nintzen alferrik ari nintzela. Eta, halako batean, begietara begira nuela, atorra askatzen hasi zen. Nik ez nuen ezer ulertzen. Pixkanaka, arropa guztiak erantzi zituen, eta, tipo gogor haren barnetik, beste pertsona bat agertu zitzaidan. Momentu horretan ohartu nintzen ordura arte aurrean izan nuen gizon serio haren planta ez zela mozorro bat besterik…
Eta, bat-batean, emakume adindun bat nuen parean. Barregarria bezain lotsagabea zen. Nirekin egin moduan, inguruan zebiltzan guztiei errieta egiten aritu zen, eta, azkenean, bankuan eseri eta usoei ogia botatzen hasi zen. Ondoan jarri, eta izena galdetu nion. Ez zidan erantzun. Berehala ohartu nintzen, ordea, andre haren begiradaren atzean bazela beste zerbait. Bi aldiz pentsatu gabe, zimurretatik heldu nion, eta, tiraka hastean, maskara bat zeramala ohartu nintzen. Emakume maitagarri haren azpitik pailazo bat agertu ez zitzaidan, ba!
Hura bai artista! Txisteak eta pasadizoak kontatzen hasi zen. Inguruko guztiak barrez lehertzen jarri zituen. Batekin eta bestearekin, denekin moldatzen zen ondo. Hori da hori erraztasuna harremanak izateko, pentsatu nuen. Baina, pixkanaka, hari ere eroriz joan zitzaizkion kolore biziko arropa haiek, eta erizain sexualizatu bat agertu zen…
Erizainaren atzetik etorri ziren pirata maltzurra, hegazkineko azafata eskuzabala, bularrean tiroa jaso zuen soldadu eria eta laurogeiko hamarkadatik alde egin zuela zirudien aerobik irakaslea ere.
Eta, azkenean, azal guztiak kendu zituenean, gazte hauskor bat besterik ez zen geratu lurrean eserita. Biluzik. Burua belaun artean sartu, eta negarrez hasi zen. Ondo al zegoen galdetu nion, baina ez zidan erantzun. Haren ondoan geratu nintzen eserita, ordu luzez, isilik.
Eta, halako batean, burua altxatu eta begietara begiratu zidan. Orduan jabetu nintzen mozorro haien guztien azpian zegoen tipo hura, ni naizela.