Ordizia, Zumarraga, Beasain eta Legazpi dira Gipuzkoako Azoken Sarean parte hartzen ari diren 16 udalerrietako lau. Denak ez daude abiapuntu berean, baina helburu bera dute.
Orain hamabost egun pasatxo, urtarrilaren 27an, egin zen bilera telematikoaren ondoren eman zen ezagutzera Gipuzkoako Azoken Sarea. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Federazioak –Goimen dago tartean– eta Elika Fundazioak elkarlanean sustatutako ekimen bat da, eta Gipuzkoako 16 udalerritako azokak aztertu, indartu eta horien etorkizuna bermatzea du helburu. Lau dira prozesuan parte hartzen ari diren Goierriko herriak: Ordizia, Zumarraga, Beasain eta Legazpi.
Erakunde sustatzaileek urteak daramatzate gertuko nekazaritzaren eta merkaturatze-zirkuitu laburren alde lanean, ekoizleek etekin ekonomiko handiagoa izan dezaten. Prozesu honen bidez azoka bakoitzaren etorkizunerako erronkak eta ekintza planak adostu nahi dituzte, eta horretarako Elhuyar, Eurogap eta Ikertalde aholkularitza enpresen babesa izango dute herri bakoitzeko ordezkari politiko zein teknikariek. Lehen lan saioak egin dituzte dagoeneko, eta maiatzera arte behintzat zeregin horretan ariko dira.
Goimen arduratuko da Goierrin dinamizazio prozesuaren koordinazio eta zaintza lana egiteaz, azoken sustapena helburu
Urtarrilaren 27an egin zen egitasmoaren aurkezpena eta lehen lan bilera. Hausnarketa prozesuak maiatzera arte iraungo du
Goimen Landa Garapen elkarteak sortze garaitik izan duen egitekoetako bat izan Goierriko azoken sustapen lana egitea, eta prozesu honetan ere zeregin horretan ariko da. «Gure lana izango da dinamizazio hauen guztien zaintza egitea, gai eta erronka komunak detektatzea, eta horiek mamitzen eta garatzen laguntzea. Koordinazio lan hori egingo dugu», zehaztu du Manex Aranburu Goimeneko kudeatzaileak.
Lehen lan-saioan helburuak eta ekarpenak partekatu zituzten sareko parte diren herriek, eta ondorioztatu zuten denek ere erronka oso antzekoak dituztela, nahiz eta herri bakoitza fase eta erritmo ezberdinetan egon. Ordiziakoa da historiaz eta tradizioz Goierriko azokaren garrantzitsuena. Hamarkadak daramatzate azoka sustatzen, eta aurreko agintaldian azokari buruzko diagnostiko bat egin zuten, erronkak eta ekintza plana diseinatzen hasteko. Ekimena begi onez ikusten du Adur Ezenarro alkateak: «Esperientziak elkarbanatzea eta dauzkagun arazoei soluzio ezberdinak ematea beti da aberasgarria. Sarean egotea onuragarria izango da denontzat, eta uste dut garrantzitsua dela ondo egiten ari direnetatik ikastea». COVID-19ak eten egin die neurri batean aurreikusitako plangintza, baina aurten hiru lantalde martxan jarriko dituzte. Ikertalde aholkularitza enpresarekin ari dira lanean.
Talde berarekin ari dira Zumarragan ere. 2016an egin zuten azokaren diagnostikoa partaidetza prozesu baten bidez, marka bat garatu dute, azokaren eremua ekoizleen beharretara egokitu dute eta urtarrilean Klik eta jaso armairua jarri dute, saltzaileek bezeroen enkarguak bertan utz ditzaten. Sareaz honako iritzia du Rosa Maizak: «Irizpide partekatuak izatea ondo dago, nahiz eta gero udal bakoitzak bere errealitatera egokitu. Oinarri komun batzuk edukitzea hobea da orri zuri batetik abiatzea baino. Gu ekintzen garapen bete-betean harrapatu gaitu».
Esperientzietatik ikasteko prest
Beasainen Eurogap taldearekin egingo dute azokaren lanketa. «Pixkanaka hasi ginen duela bi-hiru urte, eta guri sare hau ondo datorkigu, ikusteko non gauden eta baita gainontzeko herrietatik ikasteko ere», adierazi du Edorta Diazek. Ekoizle faltarekin duten arazoari ere aipamena egin dio. Legazpi Elhuyarrekin ari da lanean, eta Eric Galvezen esanetan, «oso ondo» hartu dute sarearen sorrera. «Denok denetik ikasiko dugu, eta uste dut egingo dugun hausnarketa kolektibo hori dela garrantzitsuena, esperientziak partekatzea, eta ondo funtzionatzen duenari balioa ematea».
Proiektuaren erronkak
Gipuzkoako Azoken Sarean herrialdeko 16 udalerrik hartuko dute parte.
- Helburu nagusia. Udalerrietako azokei bultzada ematea, bakoitzaren etorkizuneko erronkak eta ekintza planak zehaztuz.
- Ekoizleei eta produktuei balioa. Europako Batzordeak Europako Itun Berdearen esparruan onartu berri duen Baserritik Mahaira estrategiarekin bat egitea, ekoizleei eta tokiko produktuei balio handiagoa emanez.
- Herrialde mailako ordenantza. Gipuzkoa mailako azoken ordenantza bateratu bat sortzea, irizpide orokor batzuk finkatuz. Udal ordenantzen berregokitzapena ekarriko du horrek ezinbestean.