Leire Iturrioz Ugarte • Goieniz zinekluba
Sergio Cabrera zuzendariaren La estrategia del caracol filmarekin estreinatu zen Goieniz zinekluba, 1995eko martxoaren 2an. 1998 arte ikusle bezala ez nintzen gerturatu zineklubera, ikasle garaiak izanik, astea Beasaindik kanpo ematen bainuen. Ikusi nuen lehen filma La caja china izan zen. Handik aurrera, proiektatzen ziren film gehienetara gerturatu nintzen. 2005ean, antolatzaileetako batek animatuta, Goienizeko taldean hasi nintzen parte hartzen.
Pasa diren urte hauetan asko dira eman diren aldaketak. Horietatik nabarmenena filmen formatua bera da. Hasierako urteetan 35mm-ko filmak proiektatzen ziren zinematan. Kasu askotan 35kg.-ko pisua zuten zakuetan etortzen ziren. Film bakoitzetik kopia gutxi egoten ziren eta dezente kostatzen zen batzuk lortzea. Beste kontu bat kopiaren kalitatea zen, izandako emanaldien arabera hondatu egiten baitziren. Ez dut inoiz ahaztuko El sentido de la vida filma ikusterakoan pantaila erdialdean hasi eta pantaila osora hedatu zen orbana (erre zenaren seinale). Gaur egun, zinemak digitalizatu ondoren, asko erraztu da filmak lortzea.
Beste aldaketa handi bat informazio lortzearena izan da. Taldean sartu eta lehen 2-3 urteetan, batez ere aldizkarietan oinarritzen ginen, eta askotan informazioa lortzea ez zen erraza izaten. Ondorengo urteetan informazioa lortzea asko erraztu da; orain, interesgarria izan daitekeena aukeratzea da izaten da lana!
Aldatu ez dena, zorionez , gurekin urte hauetan guztietan egon zareten zinemazaleen parte-hartzea da, garai aldrebes honetan batez ere. Ea aurten zuekin guztiekin batera urteurrena ospa dezakegun!