Carol Soto eta Ana Urieta • Ikaskide Akademia (Beasain)
Ikasten denbora luzea ematen duzu, baina emaitza kaxkarrak lortzen dituzu? Agian ikasten ere ikasi beharra daukazu. Hona hemen zenbait aholku:
- Lehenik eta behin, behar duzun materiala ikas-mahaian ondo antolatuta jarri; era honetan ez duzu ezeren bila joateko altxatzen ibili beharko.
- Saia zaitez egunero toki eta ordu berean ikasten. Ezinezkoa bazaizu (entrenamenduak edota partikularrak dituzulako adibidez), sor ezazu aste osorako ordutegi bat eta errespetatzen saiatu.
- Distrazioak alde batera utzi, hau da, telefono mugikorra, musika, play stationa… Ez dizute kasu honetan mesederik egingo.
- Etxerako lanak, azterketak… agenda batean idatzi. Honek asko lagunduko dizu zure eguneroko lanean eta azterketa garaian antolatzen.
- Ikasi beharrekoa ataletan banatu; atalez atal ikastean, errazago gogora ditzakegu gauzak eta prozesua arinagoa egiten zaigu.
- Denbora ere saiotan banatu: 30 minutuko saioak gomendagarriak dira. Zure arreta eta kontzentrazioa mantentzea lortuko duzu, nekea ekidinez.
- Gai batekin hastean, hau ondo ulertu behar duzu, ulertzen duguna askoz ere lehenago barneratzen baitugu; ez ezazu loritoen moduan buruz ikasi. Ikasgaia behar adina aldiz irakurri.
- Oso lagungarria izango zaizu eskemak eta laburpenak egitea. Horiei esker, azken errepasoa egitea errazagoa izango zaizu.
- Trikimailu mnemoteknikoak erabili (buruz ikasteko). Interneten asko aurki ditzakezu, baita zerorrek asmatu ere.
- Emaitzak segituan lortzen ez badituzu ere, jarraitu lanean, ez etsi eta lortuko duzu.
Eutsi goiari!