Nahi zenuena edo espero zenuena lortzen ez duzunean, frustrazioa sortzen da, ezinegonaren eta haserrearen arteko nahasketa. Gure mugak, beste pertsona baten erabakiak edo eguraldiak berak jartzen dizkigun oztopoekin sentitu dezakegu sentimendu hau. Urte honetan sarritan bizi izan dut. Batzuetan, negar malkotan hustu naiz, bestetan, maldizioka.
Egunerokoan ikusten dut, haur txiki eta ez hain txikien jarreretan, ezezko bat entzutean duten erreakzioetan. Badira sentimendu horri izena jarri eta landuta dutenak, beste batzuk aldiz, oihu edo malko bat bota eta berea lortzen dute. Behin vipera ezinikusis espezieaz hitz egin nizuen, bada beste bat, ez du pozoi hilgarririk baina momentuan paralizatuta uzten zaitu, pythonidae frustratunahiez. Bere nahiak, beste guztiaren gainetik jarri eta harri eta zur uzten zaitu egun batzuk pasa eta erreakzionatzen hasi arte. Arraza honek ez dio tarterik ematen frustrazioa sentitzeari. Nik ere ez dut atsegin egoera hori bizitzea, baina bizipen desatseginenak ere baliotsuak dira emozioen erregulazio bat emateko.
Momentuko beroaldi ugari izaten ditut. Norbaitek mintzen nauenean ez naiz triste sentitzen, haserretu egiten naiz. Haserrea bizi indarra da. Nire ongizaterako, ezin dut onartu nire muga fisiko zein mentalak gainditzea. Baina horrela da bizitza, bakoitza bere astotik jaitsi gabe bizi garen gizarte honetan. Pandemiak emozio negatiboetan bizitzera eraman gaitu. Gure baitan dago onarpena, emozio negatiboak sentituta ere, lanketa bat egin eta egoerari irtenbidea bilatzen saiatu behar gara. Ez dezala inork gure bizipoza kolokan jarri. Beraz, positibo izan, eman gabe.