Beasaingo zaindari Loinazko San Martinen egunean, otsailaren 5ean, ospakizunik ezin izan da egin aurten. Baina haren omenez erdigunean jarritako estatuak balio izan du, lore eskaintza xume modura bada ere, keinua egiteko. Datorren urtean 60 urte beteko dira eskultura inauguratu eta jarri zutenetik. 1962ko otsailaren 5ean ipini zuten.
Urte berezia izan zen 1962 hura Beasainen. Pio IX.ak Amunabarro baserriko Martin Loinaz edo Martin Agirre santu izendatu zutenetik 100 urte ziren, eta handikiro gogoratu zuten. Tartean, harpidetza herrikoiz ordaindutako eskultura eginarazi zuten beasaindarrek. Oinarrian eskaintza euskaraz ere jartzeko sena eduki zuten: ‘Bere seme maiteenari, Beasaingo herriak’.
Martin Loinazkoaren bizitzak liburu askotarako eman du. Nagasakin (Japonia) hil zen, 1597ko otsailaren 5ean. Hortik jaieguna, sinistunen zeruratzearekin bat etorri ohi dena. Martin Igokundekoa ere deitu izan zaio.
Baina, hezur-haragizko pertsonaiak bezainbesteko historia bitxia du harrizko bertsioa egin zuen eskultoreak, Amador Lucarini Makazagak (Bilbo, 1907-1971). Italiako Pietrasanta herrikoa zuen aita, Angel Lucarini, Carrara ingurukoa, eta Bilbora etorri zen beste bi anaiarekin batera. Hirurak izan ziren eskultoreak, baita Angelen sei seme-alabetatik lau seme ere, Amador eta hiru anaia: Ospetsua izan zen Joaquin Lucarini Makazaga.
Libertarioak eta anarkistak
Hargintzaz eta eskulturagintzaz gain, beste ideia batzuk ere ekarri zituzten Lucarini anaiek Italiatik. Akratak, libertarioak, naturistak eta anarkistak ziren, besteak beste, Enekoitz Telleria kazetari segurarrak gogorarazi duenez (Berria, 2021-2-6, ‘Lucarinitarrak: marmola zainetan’). Loinazko San Martinen eskulturaren egile Amador Lucariniz, Luis Mari Lucarini bilobak esan du: «Askatasunaren maitale bat zen aitona, oso gizon prestatua. Eta anarkista».
Libertarioak eta anarkistak izanda, 1936ko gerra haustura eta mugarria izan zen Lucarini anaientzat. Amador CNT sindikatuko batailoi baten kapitain ibili zen, Euskal Armadan gudari. Santoñako errendizioan atzeman zuten faxistek, 1937ko irailean, eta hiltzera kondenatu. 30 urteko kartzela-zigorrarekin kommutatu zioten heriotza, eta 6 urterekin azkenik. Dueso, Larrinaga eta Burgosko kartzeletan egon zen preso, 1949ra arte, hamabi urtean.
Boxeolaria ere izan zen Amador Lucarini. Bizkaiko txapeldun izatera heldu zen. Gerra ondoren, eskultura utzi eta marmolgintzan hasi zen, erlijiozko irudien eskari ugarietan zegoelako lana.