Gipuzkoako Parketxe Sareak hamar urte bete ditu, fundazio bezala eratu zutenetik. Goierrin bi parketxe daude, parke natural banatan: Anduetza Zegaman, eta Barandiaran eta Lizarrusti bateratua Ataunen.
Geroz eta kaletartuago dagoen gizartea naturara hurbiltzea helburu bilakatu da, bere horretan. Zilborrestea eten dutenentzat, edota natura zein kultura-ondarea ahaztu dutenentzat, eskuerara dagoen zerbitzua da Gipuzkoako Parketxe Sarea foru fundazioa. Ingurumen heziketa eta aisia uztartuta, lehenengo hamar urteak betea da, 2020an.
Gipuzkoaren luze-zabalean, Aiako Harria parke naturaleko Arditurri parketxea, Aizkorri-Aratzeko Arantzazu aterpetxea eta parketxea, Pagoeta parke naturaleko Iturraran interpretazio zentroa, eta Goierrin Anduetza parketxea (Zegama), Barandiaran museoa eta Lizarrustiko parketxea (Ataun) kudeatzen ditu GPS fundazioak. Zaldibiar jatorriko Luis Mari Zaldua Etxabe urnietarra da zuzendari, 2010eko martxotik.
Fundazioa 2009ko abenduan sortu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Oñatiko, Aiako, Oiartzungo eta Ataungo udalek. 2014an batu zitzaien Zegamako Udala. Arantzazuko parketxea izan zen irekitako azkenekoa. «Ingurumen heziketaren arloko jarduerak bazeuden lehendik probintzian, batzuk diputazioaren esku eta besteak ez. Lau parke naturaletan parketxe bana zeudela ikusita, eta bakoitza bere aldetik ibili beharrean, sare modura kudeatzea pentsatu zuten», esan du Zalduak.
Luis Mari Zaldua Etxabe, Parketxe Sareen zuzendaria:
«Behin etortzen dena, normalean, berriz ere etortzen da. Familia erako publikoa da asko, umeekin plana egiteko»
«Gizakiaren eta naturaren arteko harremanetik sortutako jendeari esplikatutakoan, zaintzaile bihurtzen da»
Azpiegitura batzuk foru jabetzakoak ziren, eta beste batzuk udalenak. Hala Parketxe Sarean udalak gonbidatzea erabaki zuen Aldundiak. Ataunen, esate baterako, Lizarrustiko parketxea aldundiarena da, eta Barandiaran udalarena. Parketxe hedatu formularekin, Aralarko interpretazio zentro dira.
Natur ingurunea ezagutarazi
Parke edo ingurune naturaletan egonda, langai jakina du Parketxe Sareak. «Bi motatako helburuak zeuden, hasieran: antolaketa arlokoa bat, sarea sortu, sustatu eta zabaltzea; eta eginkizunen arlokoak. Gure eginkizuna Gipuzkoako natur ingurunea ezagutzera ematea da, haren garrantzia azpimarratzea eta jendea sentikortzea. Naturarekin lotutako eta harekin bat egindako aisialdi, jolas, jarduera eta ingurumen hezkuntza sustatzen ditugu helburuak gauzatzeko».
Gaur egun, finkatuta dauzka Parketxe Sareak lan-sistema eta jardueretarako metodologia, baita bisitarientzat prezio taula bateratua ere. Erakunde sortzaileek Fundazioarekiko duten «konpromisoa» baliotzat du Zalduak. «Horrek sendotasun handia ematen dio fundazioari. Zegamaren kasuan, adibidez, berez sortzailea ez den arren, hasieratik izan genuen harremana. Anduetza parketxe bezala 2014an aitortu zen. Horri garrantzia handia ematen diot. Oso harreman ona dugu, eta oso inplikatutako udala da, gainetikoak bezala. Ataunen ere ongi hartu dute egitasmoa hasieratik, eta lankidetza estua dugu udalarekin zein hango elkarteekin eta herritarrekin».
Ezagutu, maitatu eta zaindu
Hiru aldagaiko «ekuazio» hori da Parketxe Sarearen leloa. «Dama bestek egiten omen du, eta besteek esan beharko dute zer lortu dugun. Urte normal batean, 55.000-60.000 bisitariri ematen diegu zerbitzua, eta aurrez aurreko harremana izan dugu. 500 taldetik gora hartzen ditugu urtero.Orduan, neurri batean ezagunak bagara».
Baina belaunaldi berrien artean –guraso gazteak, haurrak…– etengabe daukate ezagutarazteko erronka. «Bezeroak leialak ditugu. Hasten dena, normalean, berriz ere etortzen da. Adin kontu bat ere bada. Ikastetxeez eta helduen taldeez gainera, familia erako publikoa etortzen da asko, asteburuan umeekin plana egin nahi duena. Hori berritzen joaten da, eta zahartzen, aldatzen. Beraz, oraindik ezagutzen goaz jendea».
Bisitariak erakartzeko amuak ez du berritzailetik ezer, baina horretxek funtzionatzen du: jendeak aurrean izan dituen gauzak, beste modu batean ikusten laguntzea eta gauzak deskubritzea. «Zaldibian, Osinberde edo Arkaka bera. Goierritar askok ezagutzen dute, baina inoiz joan ez denarentzat aurkikuntza handia da. Aparteko tokia da. Gu gabe ere, hurrena joan eta han zaborren bat ikusten badu, jaso eta etxera eramango du; zaintzaile bihurtuko da. Gure ekuazio nagusia da ezagutu, maitatu eta zaindu. Zaindu maite duzun hori».
Gizakiaren eta ingurumenaren, kulturaren eta naturaren arteko ezkontza-eredu bat gauzatu du Parketxe Sareak. «Gauza hunkigarriak eta aberatsak ditugu. Kultur paisaiak dira. Gizakia eta natura txanpon beraren bi aurpegi izan dira Gipuzkoan aspalditik. Hemengo natura oso gizatiartuta, humanizatuta dago. Baina, beste alde batera, gizakiaren jarduera erabat lotuta egon da natur eremuekien eta baliabideen aprobetxamenduekin. Gizakiaren eta naturaren arteko harremanetik sortutakoa jendeari esplikatzen diogunean eta ezagutzen duenean, maiteminduta geratzen da, eta horien zaintzaile bihurtzen da».
- 450.000 bisitari izan dituzte Gipuzkoako bost parketxeek 2010-2020 hamarraldian.
- 55.000 lagun urteko, normalean parketxeen zerbitzuak erabili dituztenak. 500 talde joaten dira, ikastetxeetatik gehienak.
- 2014. urtean sartu zen Gipuzkoako Parketxe Sarean Zegamako Anduetza. Ataungoa, hasieratik.