Leire Martinez de Santos Diez (Beasain, 1998) Munichen unibertsitateko praktikak egiten zebilela hasi zen jiu-jitsu brasildarra praktikatzen, eta han kirol horretaz maitemindu eta gero, gaur egun Azpeitian entrenatzen jarraitzeko erabakia hartu du.
Zertan datza jiu-jitsu brasildarra?
Judotik eratorritako arte martzial bat da. Baina, kasu honetan, ezin da aurkaria jo, sumisioaren bidez borrokatu beharra dago. ‘Leuntasunaren artea’ bezala ere ezagutzen da kirol hau, irabazteko modu bakarra aurkariari giltzak eginez baita. Aurkariak berak amore ematea erabakitzen badu ere irabaz daiteke.
Nolatan hasi zinen kirol honetan?
2019an Alemaniara joan nintzen unibertsitateko praktikak egitera. Betidanik erakarri naute arte martzialek, baina Munichen nengoenean askatasun gehiago sentitu nuen niretzat berria zen zerbaitetan hasteko. Bizi nintzen pisutik gertu zegoen gimnasio batean irakurri nuen hasiberrientzako doako klaseak eskaintzen zituztela eta animatu egin nintzen. Alemaniara heldu eta astebetera entrenatzen hasteko erabaki nuen. Egia esan lehenengo klasera joan nintzenean ez nekien ezer kirol honi buruz.
Zergatik jiu-jitsu eta ez beste arte martzial bat?
Aipatu dudan bezala beti izan dut arte martzial bat ikasteko gogoa, baina ez naiz sekula arte martzial zehatz batekin identifikatuta sentitu eta aitortu beharra daukat lehenengo klasera itsu-itsuan joan nintzela. Entrenamendua oso dinamikoa izan zen, jendea oso jatorra zen eta asko zaindu ninduten. Une hartan izugarri baloratu nuen hori, izan ere Munichera heldu berri nengoen eta ingurura moldatzen nenbilen oraindik, baina hala ere Jiu-Jitsuan jarraitzeko arrazoi nagusia kirola bera izan zen. Lehenengo klasean maitemindu egin nintzen, sentitu nuen nire kirola zela.
Zer esango zenioke kirol hau egiten hasi nahi duenari?
Ez itsutzeko garaipenarekin. Kirolean bizitzan bezalaxe lehiakortasuna muturrera eraman ohi da normalean, baina askotan garrantzitsuagoa izan ohi da kirolaz disfrutatzen ikastea eta prozesuaz gozatzea. Borrokaldi eta entrenamendu guztietatik irakaspenak ateratzea da funtsezkoena.