Berrogei urteko ibilbidea eginda desegin zen Drindots talde ezaguna iaz. Baina talde hark, izan zuen aurrekari bat: Arrano Beltza. 1981. urtean sortu zen Lazkaon, Alberto Pelaezek herriko hiru gazterekin bat egin zuenean. Jon Urdangarin, Triku Agirrezabala eta Josune Albisu txikitako lagunak ziren. Alkartasuna Lizeoko jaialdi batean kantatu zuen Urdangarinek, ikasle garaian. Pelaez soinu teknikari moduan joan zen, eta «galdetu zidan ea banuen lagunik talde bat osatzeko, jende gaztearekin jo nahi zuela eta». Laurak elkartu eta «entseatu gabe, korrika eta presaka, baina ilusioz» egin zuten aurreneko emanaldia, Lazkaoko festetan, «Realak lehen liga irabazi zuen urtean».
Udan egin zituzten hurrengoak, Iturmendin eta Hiriberri-Arakilen. Garai hartan, dantzaldiak oso bestelakoak izaten zirela dio Urdangarinek. «Egun osorako joaten ginen. Goizean kalejira egiten genuen etxez etxe. Bazkalondoan ere egiten zen, eta arratsaldez eta gauez plazako dantzaldia». Hiriberri-Arakilen, adibidez, hiru egunez segidan jo zuten.
Aldaketak etorri ziren gero. Albisuren ordez Iñigo Apaolaza hasi zen, eta 1984-85 urtean, Joxean Fuentes, Pelaezen tokian. Taldearen izena aldatzea pentsatu zuten, eta hala sortu zen Drindots. «Guretzat Arrano Beltzaren jarraipena izan zen», baina abestiak sortzen ere hasi ziren. Hala ere, sekula ez zituzten dantzaldiak eta herrietako festak utzi.