Joseba Telleria Albizu • Irakaslea eta ikaslea
Batzuk gerra zibila bera sufritutakoak, asko gerra ondoreneko gosea eta miseria bizitakoak, eskolan egurra eta diskriminazioa jasotakoak, ikasten jarraitzeko aukera txikiak edukitakoak, halabeharrez apaiz edo moja joandakoak, elizaren kontrolpe zorrotzean hezitakoak, gizarte zerbitzu urriak ezagututakoak, Francoren diktadura eta errepresio urte luzeak jasandakoak, ume-umetatik lana besterik ikusi gabeak, urteetan aurrera egin arte, aisialdirik, astebururik, zubirik, oporrik, bidaiarik… nahiz baliabide teknologikorik izan gabeak. Familia gehienetan soldata bakarrarekin moldatutakoak. Gaur egun, pentsio duinen eske dabiltzanak, COVIDak gogorren astindutakoak eta gehienak txertoaren zain daudenak.
Fabrika, lantegi edo lanbide ezberdinetan ordu eta egun bukaezinak burututakoak, etxean eguneroko lan amaigabeetan aritutakoak, baserriko lanak partekatutakoak, euren gurasoen eta zenbaitetan osaba-izeba zaharren edo mutil zaharren zaintza bere gain hartutakoak, gure kultura eta izaera mantentzen saiatutakoak, seme-alaba ugariren heziketaz eta euren ikasketa luzeez arduratutakoak, hauek emantzipatzen lagundutakoak, ondorengo biloben zaintzan esku hartutakoak… Gure belaunaldia haiena baino hobeto bizitzea ahalbidetutakoak eta urteak pasa ahala, edozertan laguntzeko prest azaltzen direnak.
Batzuk joanak, beste batzuk badoazenak, baina asko, oraindik geure artean ditugunak.
Hain gutxi jaso eta hainbeste eman duen beste belaunaldirik izan ote da?