Sortaldeko mendi lerroan Idiazabalek Olaberria, Lazkao eta Ataunekin egiten du bat. Ez dago inguru horretan izen handiko tontorrik, baina bista ederrak bai Aralar eta Aizkorri aldera, eta zelai zaindu ederrak oinpean.
Txomenareneko parkea du abiapuntu gaurko Ibiltarik, parajeok ondo baino hobeto ezagutzen dituzten bi gidari lagun dituela, Lake Oiarbide eta Antonio Berasategi. Zabaraingo altolagirretar indianoek altxatu zuten Txomenarene berria han zegoen baserriaren gainean, baina gerora etxea hutsik geratu zen eta 1991n udalak lorategia bereganatu, birmoldatu eta parke irekia sortu zuen. Hilerrirako bidean sartu, Otazabaleraino igo, pare horretan ezkerrera egin eta Santamari ekerako baserritarrek kalera jaisteko erabiltzen zuten estrata zaharra azalduko da parez pare.
Uzkangakoa da lehena, orain urte batzuk garbitu eta txukundatukoa. Bide eder eta bukolikoa inondik ere, harri labain eta kili-koloez egina. Kaskora iristean, Gurutzetako ermita eskubitara, eta hari erantsita Serotegi. Debozio handia izan dio inguru horretako jendeak Gurutzetako Andre Mariari, eta abuztuaren 15ean festa egin ohi da. Eta Albitsu eta Antia baserriak igarota dator bigarren estrata, Artsugaratskoa. Alboan oinezkoentzako harpausoak, eta beheraxeago bide zabalagoa. Artsugarats errekaren zubi bitxia igarota bukatzen da estrarea, Donejakue bidearen barrualdeko zati ere badena. Herrigunetik 1,2 kilometrora dago.
Nafarrasagasti eta Oiarbide
Atzera bidean gora eginez, Olaberri aldera ematen duten Nafarrasagasti eta Oiarbide auzo-baserriak dira hurrengo jomuga. Bi izen, baina etxe asko, Berasategik argitu duenez. «Olaberri mugako etxeko mordoxka bat dago izen horien itzalpean, nahiz eta urteek aurrera egin ahala etxe bakoitza izendatzeko zehaztapenak nagusitu diren, eta ahoz behintzat, itxuraldatzeak gertatu». Nafarroasagasti Goena etxeak aspaldiko taxua gorde du eta interesgarria da oso beraren egitura zaharra. Eta aipagarria da baita ere izen zahar horren aurretik are luzeago bat ere izan zela: Andranafarrasagasti.
Bideari segiz Oiarbide iturria dago eskuin aldera, eta bost-hamar minutuan Oiarbideko etxe nagusia, Ojarbii herri hizkeran. Hark eutsi dio auzoko etxe guztien izen erroari. Hasieran beste Oiarbideen pareko baserria zen, baina nonbaitetik aberastu zen bertako bizilagunen bat, eta XVIII. mende aldera, etxea dotoretu eta jauregi itxura eman zion. Horren lekuko da duen itxura barrokoa eta atalburuko armarria.
Irumugaeta, mugarri eremua
Oiarbide parean eskubira egin behar da, Olaberriko ur depositurantz. Eskubira jarraituz, 60 bat metrora, ezkerreko pistari heldu behar zaio. Pinudian barrena, ordu erdi pasako igoera dago Koskariztiko gainera iritsi arte, eta ezkerrera eta gora eginez, Idiazabal, Lazkao, Olaberria eta Ataun udalerrien arteko Irumugaeta muga-mendira iritsiko da ibiltaria. Hainbat tontor eta gaintxo dauzka, horietako bat lazkaotarren artean azken hamarkadetan Esparru (727 metro) gisa zabaldu eta ezagutzen den gaina. Berasategik berak Andraelorriaga izen zaharragoa aurkitua du eremu horrentzat. Itxiturak markatzen duen muga lerroari jarraituz, mugarriei erreparatu dakieke. Ataunekin muga egiten duen Harrobietako langan amaitzen da jaitsiera. Garbi eta ganadua lasai ibiltzeko moduan daude bazterrok, azken urteotan Idiazabalgo abeltzainek diputazioaren eta udalaren laguntzarekin larreak berreskuratzeko egindako lanari esker.
Dantzaleku da hurrengo geralekua, Ataun eta Idiazabalen arteko mugan, Arantzazumendin, dagoen padagi txikia. XX. mendearen erdi aldeko urteetan festa ederrak egiten zituzten bi herrietako gazteek soinujoleen doinupean. Harrezkero asko aldatu dira ohiturak, baina oraindik ere eusten diote urtean behingo bilkurari bi herrietako gazteek, eta Idiazabalgo abeltzainek ere han elkartzeko ohitura hartu dute Santiago edo Done Jakue egunez. Paraje horretan 200 metro behera eginez gero, iturria eta orain dela urte gutxira arte Luis Katarain artzain zenak erabilitako txabola topatuko ditu mendizaleak.
Atxurbideko muino zabala
Baina gora egitea da kontua, Dorronsoro gainera igotzea (781 metro). Aldapa pikoari egin behar zaio aurre horretarako, eta hauspoak hauspo, gainak erakusten duen argazkia bikaina da, aparta da begiratokia. Alde batera Aralar eta Ataungo Domoa, eta bestera Aizkorriko gailurreria. Langa pasatu, eta eskubi aldera jo beharra dago Atxurbideko gaina zapaltzeko. Hala ere, megalitoen zaleek ezkerrera ere egin dezakete itxitura kontran dagoen Urrezulko armurea edo Jentiltxulo bisitatzeko.
Jaitsiera eta igoera labur baten ondoren, mendi zeharrari izen ematen dion muinora iritsiko da ibiltaria, Atxurbidera. Behorrak larrean dabiltza artean, eta muinoaren erdian, Tomas Ugartemendia eskulturgile leaburuarrak Iñaki Iparragirre eta Eduardo Irizar ETAko kide hilei eskainitako oroigarria dauka. Behe aldera egin, eta Oregiko txabolaren ezkerretik pasatuta, baso pista batean sartu beharra dago erdi erorian dagoen Ariztizabal baserrira iritsi arte. Gorrotxategiren oilo haztegiaren ondoko kaminoari segituz, hasitako leku berean bukatzen da ibilbidea.
Kontuan hartzeko
Axari Trail lasterketa laburreko ibilbide bera du hein handi batean, eta hori koloreko arrastoei segika ez dago galbiderik.
- Uzkanga eta Artsugarats. Ibilbidearen hasieran dauden bi bailaran horietan estrata (‘estrarea’ Goierriko hizkeran) bana daude. Santamari ekerako baserritarrek erabiltzen zituzten Idiazabalera jaisteko.
- Oiarbide iturria. Abiapuntutik ordu erdi pasara dago Oiarbide iturri berritua, lehenagokoaren aurrealdean eraikia. Hilario Aranburu eta Juanito Urzelai aritu ziren hargin eta igeltsero lanetan, 1991ean. Florentino Goiburuk jarritako bertsoa dauka kanila gainean.
- Arantzazumendi bailara. Irumugaeta eta Atxurbide artean dagoen bailara, herri lurretan. Dantzaleku pagadi txikia du ezkerrera, eta 200 metro behera eginda iturria eta Aritzederko Luis Katarain artzainak erabiltzen zuen txabola.
- Dorronsoro gaina. Atxurbideko muinoarekin batera, ibilbideko ikusmirarik ederrena eskaintzen duen gaina. Aralar eta Aizkorri parez pare ditu.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: 3,5 ordu
- Luzera: 11,2 km
- Desnibela goraka: 750 metro
- Zailtasuna: Erdi mailakoa