Antxiñe Mendizabal Aranburu • Idazlea eta editorea
Oier Guillanek bere azken eleberrirako aukeratutako izenburuak irakurlea iraganera bidaia batera gonbidatzen ari dela esaten ari zaigu. VHS, Video Home System, 1980 eta 1990eko hamarkadetako bideo grabatzeko estandar zabalduena izan zen. Garai horretan bizi izandakoak ditu hizpide idazleak narrazioaren ohiko moldeak apurtu eta beste kontaera batzuk baliatuz, antzerkigintzatik gertuago, eta baita poesiara eta saiakera ere joz. Eleberria, baina, transgresorea ez ezik, transgeneroa ere bada, Aitziber protagonistaren anbiguotasunak agerian uzten duenez.
VHS road movie bat da, berez, irakurleari lehenengo orrialdeetatik irudituko zaio argitu beharreko misterio baten atarian dagoela: protagonistaren gaztaroan berebiziko eragina izan zuen Victor aktore-lagunaren heriotza. Horretarako, detektibe bat kontratatuko du, detektibe emozional bat, ikerketa emozional bat baitago istorioaren oinarrian. Protagonistak bere nortasunaren eraikuntzan giltzarri izan ziren gaztetako urteetara bidaia egingo du, Andaluziara eginiko bidaia batean murgilduz. Iraganerako jauzia memoria ariketa kolektibo bat izango da, edozein oroitzapenak aldaera eta begirada ugari eta ezberdin dituela erakutsiz. «Poesiaz zure bizitza egin, eta bizitzaz poesia» izan zen bidaia egin zueneko garaian goiburu eta jomuga. Urteak igaro ahala, gogo eta asmo berberak eusten ote duten jakingo du irakurleak, asmo bereko irakurleei galdera berbera luzatuz.