Karmelo Ezeiza • Beasain
Gaur egungo pandemia dela eta, tabernatara joatea edota txikiteoa kuadrilla osoarekin batera egitea ezinezkoa da.
Orain kontatuko dizuedan kontakizuna 70eko hamarkadan kokatzen da, Beasaingo taberna bikain, eder eta prestigiotsuetan. Nahiz eta egunero 15-20 lagun arteko taldeak txikiteoan ibili, asteburuko giroaren parekorik ez zegoen. Tabernak erabat beteta egoten ziren, zutik eta barrara ezin gerturaturik, barruan giro aparta egoten zen.
Behin, igande arratsalde batean, Loinaz tabernan (garai hartako tabernarik herrikoienean eta handienean) kuadrilla ia-ia guztiak zeudela zirudien, gure kuadrillakoak izan ezik. Gu kotxearekin genbiltzan, alde batetik bestera. Ez zegoen inongo trafikorik eta aparkatzeko arazorik ez zegoen. Oraindik goiz zenez, arratsaldeko zazpiak inguru, eta taberna nahiko hutsik zegoenez tabernariak eta kuadrillako lagunak nire kotxearekin barrura sartzeko plano mentala antolatu zuten eta horrela bertan tragotxo bat modu desberdinean hartu.
Antolaketan hasi ziren: tabernako ateak ireki, neurtu eta kalkuluak egiten, maniobra desberdinak egiteko. Apustuak egiten hasi ziren barra luze hartan: bi zutoin tartean sartuko ote zen ala ez. Kotxea sartzen hasi ginen. Atearen zabalera egokia izan zen eta ondo pasatu zuen 850 especial kotxeak. Ondoren, maniobra batzuk egin, barrako beheko aldean koska bat zegoen eta gurpilarekin hura gainditu nuen. Kotxearekin milaka maniobra egin ondoren sartu zen eta han egon ginen denbora dezente. Etortzen zen jende guztia harriturik geratzen zen. Guztien laguntzarekin kotxea atera eta Loinaz tabernako mahaiak eta eserlekuak hasieran zeuden bezala utziz beste bat arte agurtu genuen.
Lau-bost urtera berriz
Baina istorioa ez da hemen bukatzen, handik lau-bost bat urtera beste kotxe bat nuen, handiagoa, FU 1430/1600. Betiko legez, txikiteoan genbiltzan kuadrillan eta Loinaz tabernan apustuak egiten hasi ginen ea kotxe handi hura sartuko ote zen.
Hortaz, Loinaz tabernak berriz ere ateak ireki zituen eta zabalera nahiko justua zuela ematen zuen arren, atetik sartu eta barra eta zutoin tarte hartan sartzen hasi nintzen. Lehenengo saiakeran ez, baina bigarren aldian eta guztien harridurarako barrura sartu nintzen (nahiz eta kotxeari aldamenean arrasto bat egin atearekin jota).
Zaldian
Handik beste urte batzuetara, 70eko hamarkadaren bukaeran, Beasainen berreskuratutako lehen danborrada ospatu zen, eta aldi hartan zaldi gainean joaten ginen banderatuak. Loinaz tabernatik igarotzean zaldi gainean tabernara sartzeko gonbidatuak izan ginen.
Honek guztiak, herrietako festetan ikastolen aldeko laguntzak lortzeko antolatzen genituen taberna inprobisatuak gogoratzen dizkit. Taberna horiek edozein behe-toki, garaje edota aparkalekuetan antolatzen ziren. Orduan bai, kotxez tragotxoak egiteko aukera paregabea genuen.
Nola aldatu diren ohiturak eta ibilerak, gure gazte denborako hartu-emanak gaur egunean ezinezkoak dira. Garai hartan pozik eta umorez egiten zen eta inongo errieta edo iskanbilarik gabe.