Joan berri dena ez da urterik onena izan arte eszenikoen munduarentzat, baina inguruko udalak pixkanaka hasi dira kultur egitarauak osatu eta zuzeneko ikuskizunen aldeko apustua egiten. Beasainek eta Ordiziak martxan jarritako Antzerki Garaia egitarauari azken aleak gelditzen zaizkio oraindik, eta hura bukatzerako, Urretxuko eta Zumarragako Arte Eszenikoak programazioa hasiko da.
Antzerki Garaia egitarauaren barruan, Ttanttaka taldeak Ameriketako bidaia eskainiko du gaur Usurbe Antzokian; eta martxoaren 5ean Benetan Be taldearen Porno vs. Afrodita izango da ikusgai, Ordiziako Herri Antzokian.
Urretxu-Zumarragan, martxoan ekingo diote arte eszenikoen egitarauari, heldu nahiz umeentzako emanaldiekin. Aurreneko saioa, Xake Produkzioak taldearen Fadoak entzuten zituen gizona –argazkian– antzezlana izango da, martxoaren 5ean. Handik aurrera, eta abendura bitarte, ia hilero izango da antzerki emanaldiren bat. Beste horrenbeste umeentzako ikuskizunekin. Safari antzezlanarekin hasiko dira hilaren 21ean, eta beste sei saio izango dira guztira, abendura arte. Tartean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Amaren intxaurrak ikuskizuna; atzeratu egin behar izan zuten, baina maiatzaren 29an izango da.