Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Lionel Messi Legazpira etorri zenean udaltzainen txapelak harritu omen zuen gehien. Bitxia da. Lionel Messiren guraso balet zaleek Leonide Massine koreografoaren lana maite omen zuten, eta haren izenera gerturatu nahita hautatu omen zuten hirugarren haurraren deitura.
Bitxia dela esan dut udaltzainen txapelak harritu izana futbolaren koreografoa. Ez nau bere harridurak harritzen, kasualitateen kateak baino. Leonide Massinek Hiru Puntako Kapela baleteko lana koreografiatu zuen, eta hiru puntako kapelak erabili izan dituzte Espainiako jendarmeek eta, Legazpin, Trikornio izeneko kirol-txapelketa jokatu izan da.
Bitxia da Hiru Puntako Kapelaren koreografoaren izenkide kirolaria txapelak harritu izana, Trikornio txapelketa jokatzen zen herrian.
Telleriarteko talogileek postua jarri zuten 1980ko Agorreko Santikutzetan. Ilara luzeak izan zituzten. Tartean zen Lapurdiko hainbat herritatik etorritako kuadrilla bat eta eurekin zen Lili. Okzitaniako Blaiakoa izatez, baina Baionako lehengusina bisitatzera etorria Euskal Herrira. Arku txapelketa zen festa haietako beste nobedadeetako bat. Okerreko tiroa iritsi zen talogileen posturaino. Kopetan jo zuen gezi batek Lili. Eskuetatik eroritako taloa Gabinoren txakurrak jan zuen.
Delako Lili hori Lili Damita aktorea zen,1935etik 1942ra Errol Flynnen emazte izandakoa, 1938an zineman Robin Hood antzeztu zuen aktorearen emaztea. Robin Hooden emaztea geziak jota zauritu zuten Legazpin.
Errol Flynnek El Zorro ere antzeztu zuen, eta Antonio Banderas andaluziarrak ere bai, Montxo Armendarizen 27 ordu filmean parte hartu eta urte batzuetara. Lilik 27 ordu egin omen zituen konortea galduta, Legazpiko Alo praktikantearen etxean.