Otsailaren 12an egindako ez-ohiko batzarrean finkatu ditu Goierri Valley elkarteak 2021eko erronka nagusiak. COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko elkartearen nortasuna definitzen duten balioek inoiz baino garrantzia handiagoa dute gaur egun.
Pandemiak sortutako egoera bereziaren ondorioz eta bazkide guztien partaidetza eta segurtasuna bermatzeko helburuz, modu telematikoan egin zuen Goierri Valleyk urteko ez-ohiko batzarra Teams plataformaren bidez. 2020an garatutako ekintzen errepasoa eta 2021eko kudeaketa plana eta aurrekontua azaldu ondoren, onespena eman zitzaien aurrekontuei. Partaidetza handia izan zuen batzarrak, eta orain arte jorratu dituen bost ardatz nagusietan lanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuen. Urtea bukatzerako, berriz, elkartearen estrategia berria aztertzeari ekin nahi dio Goierri Valleyk.
Jose Antonio Guerra elkarteko presidenteak azaldu zuen 2020ko ekintzen memoria. Iazko uztailean hartu zion lekukoa presidentzian Orkliko Jose Luis Perezi, GH Cranes&Components-eko ordezkari modura. 2020. urtea «indarrez eta proiektuz beterik» hasi zela esan zuen: Internazionalizazioa –Mexikon lehenengo aldiz presentzia izanez– eta Ilusion proiektua ziren –komunikazioa areagotzeko ereduak, proiektu partekatuak eta lidergoa lantzea enpresa bazkideetan–, besteak beste, 2020rako elkarteak zituen erronka nagusietako bi. Baina martxoan erabat irauli zen egoera, eta «2020a gogor kolpatutako urtea» izan zela nabarmendu zuen.
Berregituratu eta aurrera egin
Egun batetik bestera konfinamendu zorrotza ezarri zuen Espainiako Gobernuak, eta «aktibitate minimora buelta» bideratu zuen Goierri Valleyk. Era berean, esku artean zituen proiektu batzuk bertan behera utzi behar izan zituen, eta aurreikusitako plangintzak berregituratu. «Egun gutxitan denon egunerokotasuna erabat aldatu zen, eta horrek lehentasunak aldatzea ekarri zuen. Egoera horrek enpresen jarraipen bat egitea, eta elkarte bezala elkar laguntza bultzatzea ekarri zuen». Norbera babesteko ekipoen –EPI, gazteleraz– erosketa bateratu bat ere kudeatu zuen.
COVID-19aren lehen olatua igarota, bailarako industriaren «jasangarritasuna bermatzeko» lanari berrekin zion. Gosari aurkezpenak, CAF, Ampo eta Arcelor-Mittal Olaberria enpresen Begirada Estrategikoak, eta Erosketa, Giza Baliabide eta Laneko Arriskuen Prebentzioko mahaien ekintzak mantendu eta garatu zituen, formatu digitalean beti ere. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin gauzatzen ari den Berreabiarazi proiektuaren bidez elkarrizketa indibidualizatuak egin zituen enpresa bazkideekin, haien egoera ezagutu eta bide horretan laguntzeko. «Elkarteko bazkide guztien jarraipena egingo dugu aurten ere, bizi dugun egoeraren aurrean behar diren irtenbideei buruz hausnartzeko», zehaztu du Guerrak.
Elkartearen balioetan sakondu
Elkarteko idazkari Iker Galparsororen esanetan, 2021ak ez ditu erronka txikiak ekarriko. Batzarrean adierazi zuen elkarteak «bere estrategia aztertzeko beharra» ikusi zuela, eta urte amaieran heldu nahi zaiola definizio berriari. Hori gauzatu bitartean, orain arte jorratu dituen bost ardatz nagusietan lan egingo du Goierri Valleyk, Galparsororen esanetan: Enpresa guztien Interkooperazio sarean; Enpresa traktoreen lankidetza sarean; ETEak indartzen; Ikusgarritasunean eta notorietatean; eta Balio erantsiko zerbitzuetan. Azkenik, Eider Iztueta diruzainak 2021eko egitasmoaren aurrekontuaren berri eman zuen.
451.044 Euroko aurrekontua du Goierri Valley elkarteak 2021eko egitasmorako.
Elkartearen nortasuna definitzen duten balioak «orain inoiz baino garrantzitsuagoak» direla argi ikusi zen batzarrean. Hona Jose Antonio Guerraren hausnarketa: «Goierri Valleyn elkarlana jorratzen dugu, hori da gure helburu eta esentzia. Ilusioz beteriko elkarte bat gara, eta gauzak beste era batera eginez hobetzeko prest gaude. Goierrin mundu guztian lehiatzen diren enpresa asko daude. Urrutira iristeko gertu begiratu behar da, aliantza baita eboluzionatzeko biderik onena. Benetako lankidetza aktiboaren bidez, ezagutza partekatuz eta berrikuntzak eginez, gure inguruko industria-lehiakortasuna, etorkizuneko jasangarritasuna eta bizi kalitatea bermatu nahi ditugu. Gainera, ingurune honetako enpresek elkarren arteko ezaugarriak dituzte: Ekintzailetzaren espiritua, munduarekiko irekitasuna eta berrikuntza jarrera iraunkorra».
2021erako erronkak
Goierri Valleyk orain arte jorratu dituen bost ardatz nagusietan egingo du lan.
- Enpresen interkooperazioa sarea. Gosari aurkezpenak eta Ordezkarien datu baseak mantenduko ditu. Horrez gain, Value ShARE, Munduan eta Enpresen guztien arteko proiektuak landuko ditu.
- Traktoreen lankidetza sarea. Enpresa traktoreen lankidetza sarea bermatzeko Mailakako foroak eta Ordezkarien arteko harremanak sustatuko ditu.
- ETEak indartzen jarraitu. Digitalizazioa, Industria 4.0., Elektromugikortasuna, Erosketak, Lidergoa eta Enpresen Diagnosia gauzatuko ditu Berrabiarazi proiektuaren bidez.
- Ikusgarritasuna eta notorietatea. Arlo hauek sakon lantzeko asmoa du aurten Goierri Valleyk eta elkarteko publiko direnen artean marka ezagutarazteko hainbat proiektu jarriko ditu martxan bitarteko digitalak erabiliz.
- Balio erantsiko zerbitzuak. COVID-19k eragindako egoerari aurre egiteko laguntza eta horien kudeaketa, interesezko solasaldiak, gune industrialen kudeaketa, formazioa, inbertsio mahaia eta beste zerbitzu batzuk eskainiko ditu.