Erabat desagertu den ohitura bat izan zuen Goierrik duela 60-70 urte arte, inauteriak ospatzeko. Mozorroak deituriko pertsonaiak etxerik etxe eta kalez kale dantzan eta eskean ibiltzen ziren. Herri askotako ohitura zen, baina, denak ia aldi berean eten ziren, 1960 inguruan.
Beste hainbat bezala, erronda-festa egiten zuten inauterietan ere. Baina bazuen bereizgarri bat, inauteriek oro har oso berea dutena: isekarako, finkatutako arau sozialak puskatzeko eta aginteari trufa egiteko lizentzia zeukaten.
Mozorroak izenarekin ezagutzen zituzten. Zortzi-hamar bat mutileko taldea elkartzen zen –emakumerik ibili zenik ez dugu aurkitu–. Sei edo zortzi lagun, dantzari jantzita: praka eta alkondara zuriak; apreta zuriak xingola koloredunekin zeharkatuak; txapela eta gerriko gorriak; eta lepoan lotuta zapi loreduna.
Beste bi pertsonaia tratulariaren brusa beltzarekin eta kapelekin jantzita ibiltzen ziren, inguruan. Saskia eramateko ardura zeukan batek (zesteroa), eskean bildutako jakiak, opilak eta apurrak sartzeko. Zahatozaina zen bestea (boteroa), ardoa ezinbesteko bide-laguna baitzuten. Edonori eskaintzen zion.
Etxerik etxe, dantzan
Musika jotzeko soinu jotzailea eta pandero jotzailea ziren beste bi osagai behar-beharrezkoak. Izan ere, dantza zuen beste bereizgarri bat inauterietako eskeak, eta ez kantua, gainontzeko erronda-egunetan bezala.
Inauteri giroa zabaltzeko, etxerik etxe dantzan ibiltzen zen taldea. Lazkaon, adibidez, Lazkaomendiko mutil kuadrilla bat ibili ohi zen. Bittor Galparsorok Iñaki Linazasorori kontatu eta hark idatzi zuenez, 200 bat baserri zeharkatzen zituzten. Lazkaon ezezik, Zaldibian, Gaintzan eta Abaltzisketan ere ibiltzen zen mozorroen taldea.
Inauteri guztia hartzen zuten, horretarako: igande eta astelehen egun osoan, eta asteartean goizez. Bar Carmen zaharrean bazkaltzen zuten azken egun horretan. Arratsaldean Bernardatarren komentuko mezara joan ohi ziren udalbatzako agintariak, eta irteeran arkua egiten zieten mozorroek; baina erratzekin. Plazan bukatzen zuten ibilia, baserrietan bezala, dantza eginez.
Iseka eta absurdu giroa islatzeko, erratzak zituzten tresnatzat. Kalera jaisten zirenean edo baserri aurrera iritsitakoan, lurra garbitzeko imintzioak eta parodiak egiten zituzten. Maskuria erabiltzen zuten, eta bidean topatutako guztiei bizkarrean astintzen zieten, izan haur edo heldu.