Villarreal de Urrechua, 1943ko irailak 19. Igandea. Bazkalordua den arren, familia argazki bat atera behar dutela tematu da Angelines, gutxitan elkartzen direla eta horrelako egun berezi batek merezi duela hainbeste.
Gainera, Ramon argazkilariak berehala itzuli beharko du Donostiara eta, segituan erretratatzen ez baditu, argazkirik gabe geratuko dira. Ordainduko diote denen artean. Horrelako egun berezi batek merezi du hainbeste! Ez bat eta ez bi, meza nagusia bukatu bezain laster jo dute Kaletxikirantz. Mercedesen jostundegiak Kale Nagusira ematen du, baina ilunegia da denda, jendetsuegia kalea. Horregatik, jostundegiaren atzeko aldean jarri dira, betidanik Kaletxiki izenez ezagutu duten horretan. Eguzkia. Herriko bi kale nagusien artean dago eta batzuek diote kale izena ere merezi ez duela, baina leku lasaia da eta ez die hor inork enbarazurik egingo. Haize firfira leuna dabil, inguruko garrasiek salatzen dute hasiak direla bizilagunak bazkaltzen. Arkume errearen usaina dago.
Nolabaiteko ezinegona du Angelinesek, egon behar ez lukeen lekuan dagoenaren sentsazioa. Jakin badaki prestatzeke duela entsalada, eta arraina frijitzeko ere denbora beharko duela. «Gose naiz!» kexatu da lurrean, lehengusutxoen artean, eserita dagoen Javier. Ama Rosario erdi-erdian jarri dute, Narcisa polita magalean duela. Horman pausatuta, mezara joan beharrean pilotarekin jolasean aritu den Enrique; atzealdean hiru ahizpak. Harro erakusten dituzte aurten jaio diren alaba txikienak. Horien artean, gaurko protagonista: Isabel bataiatu berria. Urduri dago Angelines, gazta erostea ere ahaztu zaio. «Laster bukatuko al du!» pentsatu du bere golkorako, Ramon argazkilariari begira.
Aspaldi desagertu zen iragana
Zuri-beltzeko argazki zahar bat infinituaren joan-etorri amaigabean istant bat atxikitzeko ahalegina dela zioen Roland Barthes teorialariak, itsasargi bat ozeano zabalean, anbar aletxo batean duela milioika urte preso geratu zen euliari erreparatzearen parekoa. Urretxuko Kaletxikin 1940eko hamarkadan ateratako argazki honek ez dauka milioi bat urte, baina inpresio bera eragiten digu, aspaldi desagertu zen iragana islatzen duelako. Ispilu horri begira, jakin nahiko genuke Urretxu hartan nola janzten ziren, nola jolasten ziren, nola amesten ziren, nola bizi ziren… Argazki honek familiaren garrantziaz dihardu, familiek betikotu nahi izaten zituzten uneez, baina baita ausentziaz ere: non daude argazkiko Angelinesen eta beste emakumeen senarrak? Zergatik ez dira halako familia erretratu garrantzitsu batean agertzen?
Kontuan hartu behar dugu 1943 urrun hartatik hona gauza asko aldatu egin direla. Besteak beste, orduko argazkiek erlikia kutsu handia zuten, oso ezohikoak zirelako eta senideek bizitza osorako gordetzen zituztelako. Gaur egun, kamera digitalek argazkien desakralizazioa eragin dute eta apenas so egiten diegun, milaka irudien artean itota bizi garen honetan. Hala eta guztiz ere, argazkietarako apain-apain jartzen jarraitzen dugu eta beti «ondo» atera nahi dugu, etorkizunean irudiok ikusten ditugunean iragana izan zena baino ederragoa irudikatu nahiko bagenu bezala, argazki bakar batek iragan iluna argiztatzeko eta berrasmatzeko boterea izango balu bezalaa, iraganeko argazki bati begira aspaldi hil ziren pertsona kuttunek bizirik jarraitzen dutela sinetsi ahalko bagenu bezala.