‘Aurten ere ON! LilatON’ lelopean egingo dute aurten Lilatoia, era birtualean. Idiazabalen 150 emakumek parte hartuko dute.
Atzera kontaketa hasi da. Emakumeak prest daude berdintasuna eta emakumearen ahalduntzea aldarrikatzeko bost kilometroak egiteko. Iazko azkeneko lasterketa herrikoia izan zen Lilatoiaren 31. edizioa. Aurten, lasterketaren formatoa egoera berrira egokitu behar izan du Atletico San Sebastian klub antolatzaileak. Aurten ere ON, LilatON! lemapean, bost kilometroak korrika, oinez –nordic walking-a barne–, patinetan edo esku bizikletan egin ahalko dira edizio birtuala izango den honetan. Partaideek hainbat egun izango dituzte distantzia hori egiteko, eta zein egunetan egin aukeratu ahalko dute gainera; gaurko 06:00etatik martxoaren 8ko 23:00ak arte egongo da aukera. Non korrika egin partaideek eurek aukeratu dezakete, baina aire librean behar du.
2021eko Lilatoirako 2.000 emakumek baino gehiagok eman dute izena, 150 inguru Idiazabalgoak. Azken horiek talde gisa eman dute izena. Oso posible da aurtengo talderik jendetsuena izatea. Idiazabalgo Aizan! talde feministatik abiatu zen ideia. Hala kontatu du Laida Zeberio Aizan!-eko kideak: «Aurreko urteetan joan izan gara Lilatoia korritzera, Donostiara, eta primeran pasatu izan dugu». Idiazabalgo emakume asko apuntatu izan dira urtero-urtero, baina aurtengoa bezalako taldea sortzea kontu berria da: «Aurten betiko moduan egingo ez dutela, lasterketa birtuala egin behar zutela… hori jakin nuenean, Aizan!-eko gainontzeko kideei komentatu nien, ea aurtengorako animatuko ote ziren».
Hasierako asmoa zen, «aurreko urteetan proba egin izan dugun jende taldea elkartu, eta Idiazabalen bertan egitea». Aizan!-eko bileran komentatu, eta beste aukera batzuk hasi ziren ateratzen: «Pentsatu genuen herriko emakume guztiei deialdia irekitzea, eta Whatsapp bidez zabaldu genuen izena emateko gonbita». Telefonoz telefono joan zen mezua. «Eskoletara ere zabaldu genuen deia, amak eta alabak batera egitera anima zitezen, jubilatu elkartekoei,…». Pixkana-pixkana hasi ziren batzuk-batzuk izena ematen. Epea ixteko astebetera, gogorarazpen mezua zabaldu zuten. «Zein izango zen gure sorpresa? 100dik gora izen ematerekin aurkitu ginela, eta gutxinaka kopurua handitu egin da. 150 inguru izango gara, 9 urtetik hasi eta 65 urte bitartekoak». Korrika egiteko izena eman dutenez gain, igandean laguntzeko prest ere bolondres pila bat eskaini dira.
«Herriko emakumeen erantzuna sekulakoa izaten ari da!», nabarmendu dute Aizan!-eko kideek. Espero ez zuten jendetzak eman du izena: «Hori, nolabait aprobetxatu behar genuela iruditu zitzaigun, horregatik, herrian bertan bost kilometroko zirkuitu bat egingo dugu, partaide guztiak egun berean egingo dugu, lasterketa moduko bat antolatu dugulako, baina beti ere, egungo egoerara egokituz eta segurtasun neurri guztiak betez».
Herriko plazatik abiatuko da Lilatoia Idiazabalen, igandean, martxoaren 7an. «Irteera puntutik talde txikietan abiatuko gara, bakoitzak aukeratutako modalitatean». Lasterketa itxura izango du, irteera eta helmuga izango ditu, «baina ez da sailkapenik egongo, parte hartzea baita helburu nagusia, berdintasunaren aldeko aldarriak bistaratzea, eta beraz, ez da irabazlerik egongo».
Igandeko hitzordua girotzeko, musika egongo da, eta photocall bat ere jarriko dute. «Martxoaren 8ari lotutako leloak jasoko ditu, eta bertan, Lilatoian parte hartzen dutunek sinatzeko, zerbait idazteko edo marrazteko aukera izango dute».
Bestalde, herriko komertzioek ere bat egin dute ekimenarekin, eta hainbat produktu eman dituzte Lilatoiaren partaideen artean zozkatzeko. Horregatik, kolaboratzaile guztiei «eskerrak» eman nahi dizkiete.
Beste ekintza batzuk ere bai
Lilatoiaz gain, martxoaren 8rako ere hainbat ekintza aurrera eramateko asmoa dute Aizan! Talde Feministakoek. «Egungo egoera honetan, nahiko konplikatua izaten ari da antolatzea, baina egun horretarako zerbait egiteko asmoa ere badugu». Iaz, dantza modernoko eta Axari dantza taldeak elkarlanean prestatutako dantza ikuskizunarekin hasi zuten eguna. Ondoren, trikipoteoa eta emakumeen bazkaria egin zuten. Arratsaldean, berriz, eskualde mailako manifestaziora joan ziren. Beste urte batzuetan, elkarretaratzea ere antolatu izan dute.
Momentuz, datorren martxoaren 25erako Askotariko ahotsak dokumentalaren emankizuna antolatu dute. Dokumentalaren solasaldia ere egingo dute jarraian. Udaletxeko areto nagusian izango da, 18:00etan. Gonbidapenak lortzea beharrezkoa da
Aizan!-ekoek antolatutakoaz gain, martxoaren 8aren bueltan beste ekintza batzuk ere antolatu ditu Idiazabalgo Udalak. Martxoaren 9rako, asteartea, Izalbira paseoa, Lilatoiaren zirkuituan egingo dute. 11:00etan abiatuko dira, herriko plazatik. Gainera, Berdintasun diagnostiko eta lehen berdintasun planaren zirriborroa aurkeztuko dute. 2020an zehar herriko hainbat emakumerekin elkarlanean Idiazabalgo emakumeen eta gizonen errealitatea ezagutzeko lanketa egin zen. Hortik ateratako ondorioekin osatutako txostena izango da jendaurrean aurkeztuko dutena.
‘Etorkizuneko babesa’ kantua Lilatoia girotuz
Idiazabalgo Lilatoiaren ekitaldia musikarekin girotuko dute, konfinamenduaren ondoren herriko lau gaztek sortu zuten Bart musika taldeko hainbat kideren eta bi kolaboratzaileren artean sortu duten kantarekin, hain zuzen ere. Lehen aldiz entzungo da egun horretan. Abestiak emakumeak eta migrazioa gaia jorratzen du, pop balada doinua du eta Etorkizuneko babesa da izenburua: «Emakume migrante baten bidaia kontatzen du, egiten duen bide horretan pairatzen dituen gauzak kontatzen ditu, eta emakume horren helburu nagusia da bere haurrak babestea». Irune Urteaga (bibolina eta ahotsa), Igor Serrano (hitzak, ahotsa eta kitarra), Jone Herrero (eskusoinua), Sara Cabañes (zeharkako txirula) eta Maite Garmendia (pianoa eta ahotsa) dira abestiaren sortzaileak.