Aritz Olea Goenaga (Beasain, 1997) Software Ingeniaritza lanetan dabil gaur egun. Herritarron kezka eta interesak zein ziren ikusita, koronabirusaren datuak eskura izateko aplikazio bat sortzea bururatu zitzaion: Zomorro-19.
Zomorro-19 izeneko aplikazioa sortu duzu. Nola bururatu zitzaizun ideia hori?
Ikusi nuen jendeari interesa pizten zion gai bat zela, Twitterren edota bestelako web orrialdeetan intzidentzia eta koronabirus kasuen gaineko informazio bila ibiltzen zirela asko eta asko. Konturatu nintzen aplikazio bat sortzea ez zela horren zaila, eta hori dela eta jendeak koronabirusaren eguneroko datuak eskura izateko aplikazio bat egitea erabaki nuen.
Zertarako balio du aplikazio horrek? Nola funtzionatzen du?
Aplikazioak atzetik duen zerbitzari baten bidez funtzionatzen du. Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen zerbitzu batek bost minuturo publikatzen ditu koronabirusaren datu berriak. Nik programatutako sistemari esker, bost minuturo begiratzen dut ea datu berririk badagoen, eta hala izanez gero, aplikazioan eguneratzen ditut datuk horiek. Aplikazioan gauza ugari ikus daitezke: intzidentzia, positibo kopurua, udalerri bakoitzaren datuak, herriak gorrian edo berdean dauden…
Nolakoa izan da Zomorro-19 sortzeko prozesua?
Martxoko konfinamenduan bururatu zitzaidan aplikazio hau sortzeko ideia, baina azkenean ez nuen aurrera jarraitu proiektuarekin. Azken hilabeteetan ostalaritza itxita egon denez, etxean aspertuta nengoen eta berriro ere honekin hastea erabaki nuen. Zerotik hasi nintzen eta bi aste inguru eman nituen aplikazioa sortzen. Gutxi gorabehera otsail hasieran jarri nuen eskuragarri eta oraingoz 400-500 deskarga izan ditu.
Non deskargatu dezake jendeak aplikazio hau?
Zomorro-19 deskargatzeko modu bakarra PlayStore bidez da, Android dispositiboetarako. iOS sistema eragilea duten dispostiboetarako oraindik ez dago eskuragarri, eta epe motzera begira behintzat ez dut ateratzeko asmorik. Deskargatzeko Play Storen Zomorro-19 bilatu eta azaltzen den lehenengoan klikatu behar da.