Eresti Oiarbide • Hizkuntza aholkularia
Duela urte batzuk, lagun batek honakoa esan zidan «Hurrengoan, hitzaldi edo bileraren batera joaten haizenean, parte hartzaileen artean emakumeak zein gizonak bazeuden, hitza hartzeko edo galderak egiteko tartea iristen denean, jarri zan arreta ea lehenengo entzuten dun ahotsa emakumearena edo gizonarena den». Hilabete batzuetan zehar, behaketa lanak egin nituen, eta ohartu nintzen esperotakoa bete egiten zela, gizonezkoa izaten zen hitz egiten lehena, ia kasu guztietan.
Aurrekoan entzun nion Marc Giró kazetariari berak gizon zuri heterosexual aberatsek baino bizkorrago hitz egin behar izaten duela elkarrizketa edo dena delako fororen batean buruan daukan guztia esateko aukera izan nahi badu. Izan ere, gaztelaniazko BBVA sigletan sartzen diren zuri burges gizon aberatsek nahikoa dute aulkian ipurdia atzeratzeko keinua egin, hankak gurutzatu, eta eskuak belaunetan jartzea, ahoa ireki ere egin gabe, espazioaren eta denboraren jabe egiteko. Baina lau hizki horietan kabitzen ez garenok bizkor eta ozen hitz egin behar dugu gure tokitxoa izan nahi badugu.
Agian ez naiz adibide egokiena izango –salbuespenak baieztatzen omen du araua–, ez baitut uste nire kasuan ozen, bizkor eta asko hitz egitea gizon artean ahotsa entzunarazteko estrategia izan denik (edo bai). Baina ziur nago horixe dela emakume, homosexual, migrante edo dena delako zapaldutako kolektibotako askok duten irtenbide bakarra euren iritzia foro mistoetan azaltzeko. Zergatik? Agian, hitza hartzeko lizentzia eta pribilegioa sortzetik dutenek leku hori beste batzuei uzteko imintzioren bat egingo balute… Bada garaia bakoitza bere pribilegioez jabetu eta elkarrekin gizarte justuago baten alde lanean hasteko.