Bidelapurren testigantzak ugari iritsi dira historiaren joanetik. Gabezia eta eza nagusi ziren garaietan, XVII.-XVIII. mendeetan, bidaiariei alto eman eta zeukatena kentzetik bizi ziren. Erdi beldurrez, erdi mitikotuta –zeukatenei kentzen zieten gutxietakoak zirelako–, abenturazko bizikera nomada zen haiena, baita indarkeriazkoa ere. Bizarbeltz, Patakon, Patxikubaliente, Zunbeltz, Caballeras… izengoitiekin ezagutzen zituzten.
XVIII. mende hasierako bidelapur ospetsuenetako batzuk goierritarrak ziren. Jose Begiristain bat, Ataun ezizenak salatzen duen tokikoa. Edo Galtxagorri gabiriarra. Bidelapur lanbidea bizikera bihurtu zuten. Ez, seguru asko, nahikeria hutsez; izan zuten bizimoduak hartaratuta gehiago baizik.
Pedro Dorronsoro Olalla Galtxagorri Gabirian jaio zen, 1682ko otsailaren 15ean. Hamar senideko familiako lehenengoa zen, maiorazkoa. Baina besteren alorreko uzta bildu zuen.
Gerra askotako soldadu beteranoa zen Dorronsoro. Flandrian, Herbeheretan, Milanen eta Lisboan gudukatu zuen. Zaldia eta armak berekin hartuta, desertatu egin zuen, eta Urnietan kanpaina-denda batean jarri zen bizitzen. Gutxi iraun zuen hala, eta atzera Gaztelako armadaren euskal milizietan sartu zen. Lapurretan ere orduan hasi zen.
Morentin herrian (Lizarraldea, Nafarroa), Antonio Lukin indianoari talde batek egindako lapurretan parte hartu zuen Galtxagorrik. Erregimentuko kasakarekin jantzitako soldadu gisa identifikatutakoa zen.
Hainbat kolperen ostean, kartzela
Mihiak galdu izango zuen. Lukini eraso egin aurretik, sagardotegi batean ahoberokerian esan zuen kapela diruz beteko zuela, hogei egun joaterako. Ibañarrietan (Zestoan, Iraeta, Bedua eta Arroa artean) saiatu zen lehenbizi, Bautista Aleman gaizkile errepikatzailearekin. Baina biktimak ezagutu egin zuen Galtxagorri, eta hirurek taberna batean adiskidetsu bukatu zuten kolpea. Hori bai, isilik egoteko mehatxatuta.
Gerra basatian ohitua, gizatxarkeria guztiak sartzen ziren haien katalogoan. 1698an Itziarren zen, lapurreta eta bortxaketa saiakera batean. Berrobiko bi lapurretatan ere bai, edo Donostia, Usurbil eta Hernani artean.
Bidelapurren arriskuari gogor egin zion aurre Gipuzkoako Probintziak, aguazilen bitartez. Azkenean, bilakaera horrek 1796an Gipuzkoak bere polizia eratzera eraman zuen, mikeleteak.
Harrapatuz gero, errukirik ez zen bidelapurrentzat. Urkamendia, edo espetxea baldintza oso gogorrekin izaten zituzten zain. Galtxagorri kartzelan hil zen. Beste batzuek Ameriketara ihes egitea lortu zuten, gabiriarraren izengoiti bereko Tolosako Domingo Aranburuk eta bere taldekideek, adibidez, Goierrin egundoko ospea utzita.