Xanti Mendizabal • Ordizia
CAFeko eskolatik, 1958ko uztailean, Lourdesera (Frantzia) erromesaldia egin genuen. Hiru mailetako ikasleak, irakasleak eta erizaina, eta laguntzaileak osatu genuen Amerikara joatearen pare izan zen abentura.
Detaile handirik ez dut gogoan, baina ondo baino hobeto gogoratzen naiz, CAFeko eskolatik Lourdesera (Frantziara) joan ginenekoaz. 13 urte nituen, 14 betetzeko. 1958ko uztaila zen. Lehenengo aldiz etxetik atera nintzenekoa, lehenengo aldiz Frantziara joan nintzenekoa.
Orduan oso modan zegoen Lourdesera erromesaldian joatea eta CAFeko eskolaren proposamena izan zen Lourdesera joatea. Oraindik mirariak egiteko makinak funtzionatzen zuen.
CAFeko eskolan hiru mailatako ikasleak joan ginen, gu gazteenak ginen. Gurekin batera, Jesus Dorronsoro, Mendizabal, Eustasio Larrañaga, Tiburzio Galparsoro, Pedro Mari Villar eta Juan Izagirre irakasleak, eta CAFeko erizaina eta bere laguntzailea joan ziren. Prozesioa, lur azpiko eliza, kobazuloa, erreka ederra… ikusi genituela gogoan dut. Lourdesera joateko, pasaporte kolektiboa atera behar izan genuen. Eustasio Larrañagaren ardurapean, beste 40 lagunen izen-abizen eta helbideen zerrendekin.
Garai hartan oso modan zeuden Duralex platerak ekarri zituzten irakasleek kontrabandoan, autobuseko aulkien azpian ezkutatua. Txirrindu bat edo bi ere ekarri zituzten, desmontatuta. Mugan txirrinduak harrapatu egin zizkieten eta ordaindu egin behar izan zuten.
Miraria, dena aprobatzea
Mirarik egin zuen Lourdesek? Bai, gurekin bai. Dena aprobatu genuen eta mirari handi samarra izan zen, bai. Beste mirari bat ere izan zen, hiru urtera: ordura arte, ikasturte bukaerako bidaiarako baimena aprobatzen zutenek bakarrik izaten zuten, baina lortu genuen denok joatea Kontseiluaren bitartez. CAFeko eskolan gure eskaerak bideratzeko sortu zen Eskola Kontseilua eta haren garaipenetako bat izan zen bidaiatzeko eskubidea denok izatea.