Sona handiko kazetariei galdetzen baldin badiete ea nondik hartu zuten erreportaje hura idazteko ideia, ez harritu erantzuten badute horretarako pista eman ziela Tegucigalpako azoka batean mangoak saltzen ari zen agurearen aurpegiko zimur batek. Azala zeharo gogortuta duten erreportari horiek begietara zuzen-zuzen begiratzeko ohitura dute. «Tigris eta Eufrates arteko herrixka hartan sentitu nuen bizitza injustua dela». Nik neuk asmatutako balizko elkarrizketa bateko erantzun posible bat da hori, baina googleatu euskaraz, frantsesez, gazteleraz edo ingelesez, eta esaldi horren erreplika zehatzak, agian, ez dituzu topatuko, baina bai kontzeptuari dagokionean antzekoak direnak. Kalea-erredakzioa-etxea auziaz galdetzen ez bazaie ere, kazetari horiek aurkituko dute zirrikituren bat esan beharrekoa esateko, adierazteko kalea behar dutela artikuluak osatzeko; istorioak kontatzeko, barkatu, haien hizkera erabiliz. Noski, ez dituzte erreportajeak, albisteak edo elkarrizketak idazten, ez; haiek, istorioak josten dituzte kalean haien begiekin ikusitakoari esker. Eta egun gehiegi daramatzat nire bikotekidea ez den beste inori begietara begiratu gabe eta kalera atera gabe; hori da kazetari kalezale mangozale mesopotamiko honek beste kazetari kalezaleei errieta lagunkoia egiteko arrazoia.
Itxialdiko 21. eguna da gaurkoa, martxoaren 4a, eta bihar naiz berriro kalera ateratzekoa. Lehenago, ordea, gutun bat bidaliko diot Iñigo Urkulluri: «Iñigo egurgarria. Zuk, ahalguztidun alaen horrek, eskatu bezala, ez naiz erlaxatu COVID-19aren aurka hartu beharreko neurrietan, baina, begira, kutsatu egin naiz, eta, erantzukizunez jokatuz, ez naiz etxetik atera eta balkoira irten naizenetan arnasari eutsiz egin dut. Horrenbestez, hurrengoan ez iezadazu adarrik jo, mesedez».
Etsialdi honetan idatzi dut gutuna. Ez pentsa, gauza asko idazteko baliatu dut; baita Twitterren gogaikarriak zaizkidan pertsonak klik bakarrarekin isilarazteko ere. Ene, naizena baino ziztrinagoa ez ote naiz bihurtuko gogaikarria zaidan oro ukatuz eta algoritmo malapartatuek hartutako erabakien ondorioz sortutako burbuila itogarri bat eraikiz…