Pandemia luze doa, eta asko nekatu egin dira. Ondorioz, ongizate psikologikoa arriskuan eduki dezakete. Edo, ongizatea bermatzeko, deskonektatzeko eta kutsatzeko aukerak handitzeko arriskua dago. Aitor Aritzeta psikologoak errutina, elikadura osasungarria, ariketa fisikoa eta osasun mentala zaintzeko ariketak gomendatu ditu indarrak berreskuratzeko.
Zer da neke pandemikoa? Nola sortzen da?
Pertsona batek sufritzen duen ondorio bat da, tentsio egoera bati aurre egiten denbora asko pasatzen duenean eta bere energia amaitu egiten denean. Egoera estresagarri horrek ezaugarri batzuk ditu: etorkizunarekiko ezjakintasun handia, egoera ekonomikoa nolakoa izango den beldurra, kutsatzeko beldurra, senideren bat galtzeko beldurra… Beste alde batetik, etengabea da berri txarretarako esposizioa. Horrek guztiak pertsona deprimitu egiten du, beldurtu. Azkenean, larritasun sentimendua aktibatzen zaigu. Larritasun sentimenduak denboran irauten duenean etortzen da nekea, pertsonari baliabideak agortzen zaizkiolako.
Nori erasaten dio?
Gehien eragiten dien populazioa dira: pertsona helduei, arrisku handiko taldea direlako; eta 16-27 urte bitarteko gazteei, bi arrazoi nagusirengatik. Bat, burmuina 25-27 urtera arte ez delako erabat garatzen eta bere jokabideen ondorioak aurreikusteko gaitasun txikiagoa dutelako. Hau da, inpultsibitate handia izaten dutelako; eta bi, ondorio ekonomikoak gehien pairatu dituztenak direlako. Hala jasotzen dute hainbat ikerketa soziologikok eta ekonomikok. Gazteek lanbide prekarioak dituzte eta asko eta asko kaleratuak izan dira. Etorkizunari begira ez dute itxaropen gehiegirik, gehi harreman sozialak izateko behar berezi bat dute baina mugatu egin zaie. Presio-eltze bat bezalakoak dira, eta eztanda egiten dute.
Aurretik ere baziren kolektibo sozial batzuk zaurgarriak zirenak, adibidez, pobrezian bizi zirenak edo gurasorik gabeko haurrak. Horiek ere oso modu larrian ari dira sufritzen pandemiaren ondorioak.
Neke pandemikoak zer ondorio ditu?
Motibazio falta, lo egiteko arazoak, estresarekin lotutako beste arazo psikologikoak, zaurgarritasun handia, tentsio egoerak etxe barruan eta testuinguru sozialetan, isolatzeko arriskua… ondorio oso desberdinak dira, baina guztiak ongizate psikologikoa mehatxatzen dutenak.
Psikologoen elkarteak egin zuen azken ikerketan agertzen zen estres eta larritasun egoerengatik egindako kontsulta maila %33 hazi zela azken hilabeteetan. Horrek esan nahi du neke pandemikoak baduela inpaktu bat pertsonek sentitzen duten larritasun orokorrean. Larritasun horrek eragiten du egunerokotasunari aurre egiteko zailtasunak areagotzea. Eta ikusi dira mendekotasun jokabideak igo egin direla, asko. Bereziki, jokoari eta droga espezifiko batzuei lotutakoak.
Epe luzera eraginik izango du?
Litekeena da nolabaiteko arrastoa uztea, batzuk kaxkarrak eta beste batzuk positiboak izan daitezkeenak. Pertsona askorentzat, lana galdu duenarentzat, larritasuna sufritu duenarentzat, ondorio psikologikoak bizi izan dituenarentzat… nolabaiteko inpaktua utz diezaioke eta aurre egin beharko dio eragin dion traumari.
Hori arlo indibidualean. Gizarte mailan ere izango du nolabaiteko ondorio bat. Ikusi egin beharko da. Nik uste gizarte enpatikoagoa izango garela, ikusten ari garelako zer nolako ondorioak izan ditzakeen besteengan gure jarrerak. Eta, beste alde batetik, ikusi egin beharko da haurrengan eta gazteengan zer nolako ondoriok utzi dituen euren gizartearen pertzepzioan. Bereziki, giza harremanei, ukipenei, pertsonen arteko komunikazioari… dagokionean. Enpatia garatzeko jokabide horiek pixka bat kaltetuak izan direlako. Pertsona batzuk fobiak garatu dituzte, agorafobia edo hafefobia, besteren batek ukitua izateko beldurra.
«Pandemiaren ondorioak oso desberdinak dira, baina guztiak dira ongizate psikologikoa mehatxatzen dutenak»
«Informatuta egotea ezinbestekoa da. Arazoa da gaininformatuta egotea. Oreka bilatu behar da. Informatu bai, baina erregulatzen saiatu»
Nekeak utzikeria dakar?
Neke pandemikoa egokitze pandemikotik desberdinduko nuke. Egokitze pandemikoa beste fenomeno bat da, mekanismo psikologiko bat. Osasun psikologikoa babestu nahian, gure burmuina egoera larri batera egokitzean datza. Horregatik, hasieran hamar pertsona hil zirela esaten zigutenean hunkitu egiten ginen eta gaur esaten digute ehun hil direla eta ez gaitu horrenbeste hunkitzen.
Egokitze pandemikoak pertsonek beren autozaintzarako jokabideak lasaitzea dakar. Baliteke hasieran beldur handia izatea, baina urtebeteren ondoren esan dezake ‘jada nazkatuta nago eta harrapatzen badut zer egingo diogu’. Ondorioz, handitu egiten ditu kutsatzeko arriskuak.
Soilik COVID-19aren pandemiarekin gertatzen dira halakoak? Arazo berriak dira?
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) 2019an aitortu zuen burnout edo erredura sentsazioa gaixotasun laborala bezala. Europan sei milioi pertsona inguruk sufritzen dute gaixotasun hau. Eta neke pandemikoaren oso antzekoa da. Kontua dena da erredura sentsazioa testuinguru laboralean gertatzen dela.
Neke pandemikoa gaixotasuna da?
MOEk ez du gaixotasuna kontsideratzen, oraindik ez delako behar beste ikertu pertsonengan duen eragina. Baina alarma piztu zuten estres eta larritasun sentimenduak nola agertzen ziren ikusita.
Ugaritzen joango da?
Neke pandemikoaren ondorioak geroz eta larriagoak izango dira ez bada irtenbiderik ikusten. Adibidez, txertoaren agerpena itxaropenerako egoera bat da. Gizarteak itxaropena behar du bizi dugun egoerari aurre egiteko. Irteerarik ikusten ez bada ondorioak geroz eta larriagoak izango dira, jendearentzat oso zaila delako tentsioarekin bizitzea.
Nola tratatu behar da?
Bi arlotan esango nuke: Alde batetik, Tylerrek, bere garaian energiaren eta tentsioaren arteko harremana ikertu zuen egile batek, esaten zuen energia berreskuratu behar dugula tentsioari aurre egiteko. Energia berreskuratzeko arlo pertsonalean egin beharreko gauzak nahikoa garbi daude: bat, elikatu ongi; bi, loaren errutina mantendu; hiru, kirola egin, endorfinak askatzeko; lau, osasun mentala zaindu. Adibidez, mindfulness-a, yoga, meditazioa… eginez. Energia gehiago baduzu, erresilientzia gehiago duzu eta indar gehiago duzu tentsio egoerari aurre egiteko; beste aldetik, arlo sozialean, erakunde publikoek ere badute zer egiterik. Gizarteari aisialdi ekintzak modu ziur batean garatzeko espazioak eskaini behar zaizkio.
Irtenbide ona da erabat deskonektatzea eta inguruan zer gertatzen den ez jakitea?
Ikerlariek diote informatuta egon behar garela eta aholkatzen dute egunean ordubetez albisteak ikustea, entzutea, irakurtzea… Informatuta egotea ezinbestekoa da. Arazoa da gaininformatuta egotea. Oreka bilatu behar da. Informatu zaitez apur bat eta gero saiatu erregulatzen filmak ikusiz, liburuak irakurriz… Horrek laguntzen dizu, jakinda zein egoeratan gaude, ez bihurtzea egoera zure bizitzaren nukleoa.
Gainera, komunikabideek, batzuetan, ikuspegi sentsazionalista izaten dute, beldurtzekoarena. Horrek ez du ondorio onik, beldur irrazionala handitzen duelako. Baina guztiz desaktibatzea ez da ona, gizartetik kanpo geldituko ginelako eta beste arrisku batzuk biziko genituzke.