Lucia Quiles Blancok (Beasain, 1998) txikitatik jakin izan du bere pasioa dantza zela. Bere ametsak egi bihurtzeko bidean, eta urte hauetan guztietan egindako esfortzuari esker, bere ibilbide profesionala osatzen hasi da, azken urteotan Go!azen telesailaren bueltan.
Go!azen fenomenoa hasi zenetik, beti ibili zara honen bueltan lanean, lehenik eta behin Bago!az saioan.
Go!azen fenomenoa ni txikia nintzenean hasi zela esango nuke, baina berriz itzuliko zela entzun nuenean ilusio handia egin zidan. Duela urte batzuetatik Donostiako Bamboo dantza eskolan nabil, eta 2017an Pausoka ekoiztetxekoek Bago!az talent show berrirako lau dantzari behar zituztela esan zigutenean, baiezkoa eman genien dudarik gabe. Esango nuke bertan hasi zela nire ibilbide profesionala dantzari bezala.
Zer nabarmenduko zenuke Bago!az saioan egin duzun ibilbidean?
Alde batetik kamera eta jende aurrean dantza egiteko lotsa edo beldur hori galtzeko balio izan zidan, eta bestetik dantzaren ezagutzan sakontzeko. Bago!azen estilo ezberdin asko landu genituen eta koreografiak prestatzeko oso denbora gutxi izaten genuen, aste batetik bestera denbora errekorrean dantzak ikasteko gaitasuna behar zen eta memoria azkartasuna landu genuen honi esker. Horrez gain, nire dantzako lagunekin esperientzia hau 3 urtez partekatzea ezin hobea izan da.
Go!azen teleasailean ibili zara uda honetan. Zer moduzko esperientzia izan da?
Figurante eta dantzari lanetan aritu naiz. Dantza-arloa ongi menperatzen nuen, baina antzezteari buruz ez dakit ezer eta erronka handia izan da niretzat. Esperientzia oso polita eta gogorra izan da, jende izugarria ezagutu dut honi esker, lantaldeak oso ongi zaindu gaitu eta musikalak grabatzen ezin hobe pasatu dugu. Bestalde, oso pozgarria da zuk egindako lan batekin haurrak ilusioz beteta ikustea.
Dagoeneko martxan dago Go!azen telesailaren datorren denboraldian parte hartzeko castinga. Parte hartuko al duzu bertan?
Pena ematen didan arren, aurtengo udan beste toki batean arituko naiz lanean eta ezin izango dut telesailean parte hartu. Hala ere, 16 eta 24 urte bitarteko gazteak animatu nahi ditut: dantzatzea eta abestea gustuko badituzue utzi lotsak alde batera eta aurkeztu castingera. Esperientzia ahaztezina da!