Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Urtebete inguru da iluna sartu zitzaigula, ilunpearekin etxekotu ginela, kasik hibernatzen hasi ginela, noiz eta udaberri aurretxoan. Baina gurean salbuespena izan dena lege da Ipar Hemisferioan. Urtero-urtero, Norvegiako hainbat tokitan, kasik sei hilabete luzez ilunpetan bizitzera behartuta egoten dira. Nahitaez. Urtea joan, urtea etorri. Hori dela eta, duela urte gutxi batzuk, Rjukan herriko mendi garaienetan halako ispilutzarrak egokitu zituzten eguzkiaren argitasuna plazaraino irrista eta irits zedin, bizipoza bertaratu zedin.
Alabaina, urtebetearen buruan udaberria berriro ere itsasgoraren antzera zabaltzen hasia zaigu: galsoroetan nabari da, edota kimuetan eta ernamuinetan, baina loretan ezin hobeto igartzen da, izan mimosetan, izan magnolietan. Bitxia da, baina primaderaren abiadura orduko berrogei kilometrokoa omen da. Beste modu batean adieraztearren, minutuko 28 metro kentzen dizkio negu egoskorrari. Portugal hegoaldean, otsailaren akaberan hasten da ate joka eta bultzaka, eta, hiru hilabeteren ondotik, ibiliak ditu Norvegiara bitarteko hiru mila kilometroak. Bistan denez, mendietan abiadura mantsotu egiten du, baina ordeketan aisago hedatzen da, eta hegaldatzen, enaren edo kukuaren gisara. Hala bada, zerikusirik ez euri etorri berriaren freskuraren —20 kilometro orduko— eta elurrak erakutsi zigun moteltasunaren artean —4 kilometro orduko.
Hilzorian zegoela, Goethe idazle alemaniarrak ere ‘Licht! Mehr licht!’ oihukatzen omen zuen, argi gehiago eskatzen, alegia, argi gehiago… Eta horixe bera oihukatu izan dugu hilabete luzeotan, argiminez. Baina poeta lehenago ere hilzorian egon zen, orain dela ehun urte inguru, amodiominez orduko hartan, eta Zelter lagun musikariak hogeita bat aldiz irakurri zion poema bat, hogeita bat aldiz xuxurlatu behar izan zion poema bera idazle gaixoa berpiztu zedin, poeta suspertu zedin. Adiskidetasunak eta poesiak ere bai baitute argitasunik. Irakurri, bestela, Bitoria Gandiagaren poema udaberritsu hau, argitasunaren aldarri:
Egun onak bildu.
Egunen artean
onak aukeratuz joan
alez ale.
Begiak zoli erabili egun bakoitzari ongi
begiratzeko.
Egun bakoitzari
bere balioa ematen ikasi.
Egun bakoitzari
bere alde ona bilatu.
Egun bakoitza
dohain berri bezala hartu
ahalbide berri bezala hartu
zabalduz doan mirarizko jauregi edo
paraje zoragarri bezala.