Euliak eztitara bezala bildu ziren milaka gazte Larraitz gainera. Festa ederra zegoen iragarrita, eta musikari sorta bat bazen alaitzaile. Ilargi beteak argituta, Txindokiren itzalean, hiru edo lau mila lagun elkartu zirela diote kronikek. 1971ko uztailaren 31 zen, larunbata. Presarik gabeko gaua, asko luzatu zena.
Gaupasa antolatu zuten, antolatu ere, antolatzaileek. Ez Dok Amairu taldeko Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Artze Anaiak, Amaia, Antton Haranburu… eraman zituzten kantaldi erraldoira. Baina megafoniak huts egin zuen, eta bozgorailu eskasetatik ez zen ia ezer entzuten. Kantaldia desastre hutsa izan zen, alde horretatik.
«Txerri-boda bat bezala. Azkenean edozer gauza izan zen, akelarrea izan ezik. Kontzertu txar bat, kaka bat. Megafonoak ez zuen funtzionatzen, edonor igo eta bere diskurtsoa botatzen zuen… edozer. Txarriboda», kontatu zion Benito Lertxundik Entzun aldizkariko Urko Ansari 2014an.
Larraizko ermitaren inguruetan zen festa. Suak piztu zituzten gazte askok. Joandakoen artean, berriz, batzuk haserre, kontzertuaren iruzurragatik eta halako laidoagatik. Beste asko, gau giroa aprobetxatuz, festarako intentzioz. Hippy kutsua hartu zuen gauak, eta orduan eta haserretuago euskal kantaldi baten nahian joan zirenak. «Baina Larraitza deitu gintuztenean ez gintuzten espektakulo bat ikustera deitu, denon artean jaialdi bat osatzera baizik. (…) Tokiak espiritu berezi bat erantsi zion jaialdiari, akerrik gabeko akelarre hark antzinako oihartzunak zekarzkien. Baina inork gutxik zuen han akerraren oroitzapenik. Aitzitik, Wight eta Woodstockeko hippy-jaialdietan bilatu beharko genituzke gaupasa honen trazak eta antzak», idatzi zuen Luis Haranburu Altunak 1971-11-14ko Zeruko Argia-n.
Beste batek: «Ilargiari galde egin behar zertara joan ote ginen uztailaren azken gauean hiru edo lau mila gazte Txindokipera. Neuk badakit zertara: euskal kantari batzuen saioak entzun, berekin bat eginik neuk ere kantatu ahal izatera, eta euskal-berotzera ere bai. Eta alde honetatik hartu nuen ikaragarrizko masailekoa!», zioen, berriz, aldizkari eta egun berean Imanol Iriartek. «Mesede bat eskatuko nizueke Larraizko antolatzaileei: holako jaiek euskaldunak behar dute izan», ebatzi zuen.
Eskuin espainiarra puskak jaten
Bere bordatxotik, honela epaitu zuen Basarrik, lekua eta festa aipatu ere egin gabe: «Min ematen dit etxeko trapu zaharrak kanpora ateratzea. Egia da euskaltzaleon artean oker gabiltzala, berriro ganboatar eta oinaztarrak berpiztu direla, barregarri agertzen garela».
Ez zebilen oker. Espainiarzaleek eta eskuin itxiusaindunek gogor eraso zioten, promiskuitatearen aitzakian, euskal zeinuz jantzi zuten Larraizko akelarreari, egunkari eta liburuetatik.