Latxa arrazako arkumearen kalitatea goratu eta hura merkaturatzeko proiektu berritzaile bat jarri dute abian Larsabi elkarteak, EHUk eta Apitropik aholkularitzak.
Euskal artegi eta baserrietan naturalki eta modu tradizionalean hazitako latxa arkumearen bilketa eta merkaturatze bateratua egiteko bokazioarekin sortu zuten Hego Euskal Herriko hainbat artzainek Larsabi elkartea 2017ko uztailean. Urte bereko abenduan, Uvesco banaketa taldearekin akordioa egin zuen elkarteak, Gaboneko kanpainaren «arkumearen portzentaia handi bat hemen» merkaturatzeko. Hitzarmen horren bidez 1.309 arkume enplegatu zituzten artzainek 2017-2018 kanpainan, produkzio osoaren %35. «Ontzat» jo zuten esperientzia, eta latxa arkumea bereizteko marka eta zigilua sortu zituzten. Administrazioei ere dei egin zieten artzainek, «iruzurraren aurrean» neurriak har zitzan.
Iazko urtea zaila zen Larsabi elkartekoentzat, «merkatua bat-batean gelditu» baitzen COVID-19ak eragindako osasun krisiarengatik. Baina bitartean ez dira geldirik egon, eta pandemiaren aurretik esku artean zerabilten proiektu pilotu bat jarri dute martxan otsailaren hondarrean: amaren esnearekin soilik hazitako arkumea zuzenean kontsumitzailearengana iristeko egitasmoa. Aurten, Oñatitik gehienez 80 kilometrotara –hango Zubillaga hiltegian hil eta zatitzen dituzte arkumeak– dauden udalerrietara ari dira bidalketak egiten. Apirilaren 10ean bukatuko da eskaerak egiteko epea, eta egiten duten balorazioaren arabera, datorren urtean eskaintza zabalduko dute. Informazio guztia www.latxarkumea.eus webgunean aurki daiteke.
EHU arkumeen laginak ikertzen
Apitropik kontsultoriak martxan jarritako landa-lan baten ondorioz sortutako egitasmoa da, eta Larsabiko artzainekin lankidetzan diseinatu dute. Noemi Salazar ingeniari agronomoa arduratzen da Apitropik, Larsabi eta EHU koordinatzeaz: «Latxa arkumeari eta artzainek horien ekoizpenean egiten duten lanari balioa ematea dago proiektuaren funtsean. Arkume proiektua Elkarlanaren eta Berrikuntzaren esparruan kokatuta dago, eta kalitate bereziko produktu honen salmenta modu berria probatu nahi izan dugu».
Bi ardatz ditu proiektuak. Batetik, EHU produktua «karakterizatzeko» egiten ari den lana, eta bestetik, kontsumitzailearen iritzia jasotzea. «Oinarri zientifiko bat eduki nahi genuen, jakiteko nola bereizten diren besteengandik nutrizio ikuspegitik. EHU Larsabiko bazkide guztien arkumeen laginak hartzen ari da, gantz azidoak eta kalitate organoleptikoa ikertzeko», zehaztu du Salazarrek. Bezeroekin hartu-emana ere estutu nahi dute, lehen eskutik jakiteko merkatuak latxa arkumeari balioa ematen dion. «Proiektua lantzen aurrez hasi ginen, baina pandemiarekin konturatu gara zer garrantzia daukan tokiko produktuak. Sortu den espiritu berri honetaz baliatzen ari gara produktu hau komertzializatzeko».
41 Artzainek osatzen dute Larsabi elkartea. Goierrikoak dira 12. Honakoak: Isidro-Iker Sukia (Lazkao), Ander Barandiaran (Idiazabal), Jon Harreguy-Martina Urbiztondo (Zerain), Kristina Arratibel (Ataun), Mariano Imaz (Ataun), Julen Herguedas (Ataun), Konstantino Zabaleta (Legazpi), Aitor Mantxola (Legazpi), Daniel Urkola-Nekane Aierbe (Zaldibia), Asier Rodriguez (Legorreta) eta Joseba Insausti (Ordizia).
Harrera ona ari da izaten
Eskaera epea igarota egingo dute esperientzia pilotu honen balorazio sakonagoa, eta lehen hiru asteek eman dutenarekin gustura daude eragileak. Salazarrek honakoa dio: «Oraingoz nahiko ondo doa, eta jarritako helburuetatik gertu gabiltza asteroko eskarien aldetik. Hurrengo kanpaina azaroan egitea dugu buruan». Mariano Imaz Larsabiko presidentea ere baikor dago egitasmo honekin: «Orain artekoa ondo doa, eta espektatibak ere onak dira. Lan gehiago egiteko asmoa daukagu».
Proiektu honekin egin duten apustua «multifuntzionala» dela dio Imaz ataundarrak: «Apustu sare bat da, eragile asko gaude inplikatuta. Oñatiko hiltegia sartu izanak bere balioa dauka. Bertako produktua ahalik eta gertuen garraiatuta eta gertu hilda kalitatean irabazi egiten da. Arkumearen estresa ere urritu egiten da. 0 Kilometroa filosofia hori ere denontzat da ona, baita ingurumenarentzat ere». Imazen esanetan, Larsabik 2017an egin zuen apustu hura «arrakastatsua» suertatzen ari zaie. Gaur egun elkarteko arkumeen %40 ari dira bertan saltzen.
Idiazabalgo Gaztainaditxuloko Ander Barandiaran Larsabiko juntakideak dio «hasiera batean uste baino gehiago saldu» dutela proiektu honekin. «Nik uste baino harrera hobea izan du, proiektua aurkeztu eta egun batera jendea arkume eske hasi zen». Hala ere, «oraindik egiteko bide luzea» dagoela dio, eta arkumea errentagarria izateko beste prezio batzuk aldarrikatu ditu.
Arkume proiektua
Latxa arkumea zuzenean bezeroen etxeetara bidaltzea da proiektuaren helburua. Eskaerak Whatsapp-ez egin behar dira (623 165 363) apirilaren 10a baino lehen. Hiru lote eskaintzen dituzte.
- %100 Arkumea. Latxa arkume osoa, sei piezatan (95 euro, BEZa barne) edo latxa arkume erdia hiru piezatan (60 euro, BEZa barne).
- Artzain Mundua. Latxa arkume osoa eta Idiazabal Gazta osoa (115 euro, BEZa barne) edo arkume erdia eta gazta erdia (70 euro, BEZa barne)
- Lagun giroan. Arkume eta gazta osoa, eta Getariako txakolina (125 euro, BEZa barne), edo arkume eta gazta erdia, eta txakolina (80 euro).