Segurako Beheko Okindegian lanean jarraitzen du 75 urterekin Iñaxi Arrizabalagak (Zegama, 1945). Erretiroa hartzeko adina aspaldi bete bazuen ere, eguneroko lanak eta jendearekin harremanetan egoteak ematen dio bizia. Luze eta zabal kontatu du bere bizitzaren joan-etorria, Zegamako umetako garaietatik hasi eta gaur egunera arte.
Aspaldi Seguran bizi bazara ere, Zegaman jaiotakoa zara.
Bai, mendian gora dagoen baserri batean jaiotakoa naiz. Munoa esan izan diote beti. Baserri handia da, garai hartan, bi etxebizitza zituen, eta hurritzez eginiko pareta batek bereizten zituen bi etxebizitzetako ganbarak. Gogoratzen naiz nola pasatzen ginen alde batetik bestera, ganbara zeharkatuta. Ondoko etxebizitzan soltero batzuk bizi ziren, eta amona Juakina. Sagar goxo-goxoak zituzten, eta sarritan, beheko suan erretzen zituzten, krispin sagarra esaten genion. Ondo erreta plater batean jarri, eta goilararekin lagunduta jaten genuen. Hori jartzen zigunerako bazkaltzeko garaiak ziren ia, eta esaten genion; ‘Juakina etxera joan behar dugu guk ere bazkaldu egin beharko dugu’. Ta atzera berriz etxera ganbaratik.
Etxean zenbat zineten eta nolakoa zen zuen bizimodua?
11 anai-arreba ginen, ni seigarrena. Aitak eta aitonak ardiak zituzten. Ordiziako merkatura ere joaten zen aita arkumeak-eta saltzera. Baserrian, beti zegoen egiteko zerbait. Amak, umeak zaintzen nahikoa zuen, pentsa! Ume bat ibiltzen hasterako berriro ere haurdun zegoen. Aitaren aldeko amona ere, gurekin bizi zen. Bai… asko ginen etxean, senide zaharrenetik txikienera pasatzen genituen arropak. Frigorifikorik ez genuen izango, baina nik ez dut goserik ezagutu sekula; aitak ardiak hiltzen zituen, beraz, haragia nahikoa zegoen, esnea ere bai, patatak, babarrunak,… Gogoratzen dut, amak babarrunak egosteko heltzea jarri eta inork ikusten ez ninduenean, ogi kozkor bat bustitzen nuela bertan. Bihurri xamarra nintzen, ezin geldi egon.
Baserrian laguntzea ere tokatuko zitzaizun…
Noizbait aitak eskatu izan zidan, ardiak -eta zaintzera joateko. Baina batez ere, esnea eramaten, hortan laguntzen nuen. Txuri izeneko asto bat genuen, ez zen ez beherala akabatu! Ez dakit nik zenbat urte izango zituen, baina zaharra zen oso, eta egoskorra! Esnea asto gainean jarri, eta Urtzuletatik gora joaten ginen, atajutik-eta… A ze komeriak astoarekin! Ez zuen aldapan gora joan nahi izaten. Nik orduan 12 urte izango nituen.
Eta eskolara joan zinen?
Bai, sei urte nituenetik 12 bete nituen arte, San Pedro auzoko eskolara joan nintzen. Esnea partitu eta gero joaten nintzen, 9:00etan, neguan beti gehiago. Gustuko nuen eskola, eta bizkorra nintzen gainera. Gauza asko ikasten genituen, gaztelera ere bai; oraindik gogoan dut,‘ez dut gehiago euskaraz egingo’ ehun bider idatzi behar izan nuenekoa. Euskaraz ez zekien maestrak eta guk, euskaraz egiten genuen, hark ez entenditzeko, eta sutzen zen.
Behin eskola utzita, zer?
Etxean, aitari laguntzen. Anaia zaharrena umetan hil zen, beraz seigarrena artean, denak neskak ginen. Ahizpa zaharrena baserriko lanetan hasi aurretik, morroiak izan zituen aitak, ardiekin laguntzeko. Uste dut Santander aldetik etorritakoa zela, baten bat.
Zerbitzari ere ibili nintzen Donostian, Bergara jatetxean, bizpahiru urtez. Izeba eta osabaren ilobek, neska eta mutila ziren, egiten zuten bertan lan. Mutilak 21 urte edo izango zituen, eta bizi osorako ez zuela tabernako lana egin nahi, eta harakin ikastera joan zen. Haren ordez joan nintzen ni. Barrako lana baino nahiago nuen sukaldea, edo komedorea, hor bai ondo arreglatzen nintzela…Esku batean hiru plater hartu, bestean beste bi, eta ziztu bizian joaten nintzen, inguruko fabriketatik bazkaltzera etortzen zirenei zerbitzatzera.
Erromeriak ere izango ziren garai hartan…
Bai, noski! Dantzan egitea asko gustatzen zitzaidan, San Bartolome egunean erromeria egiten zuten Zegaman. Hantxe joaten nintzen, ia dirurik ez poltsikoan, baina mutilen bat gerturatzen zen baso bat eskaintzera. Nik, baina, egarririk ez nuela esan, eta jo eta su dantzan segitzen nuen.
Madril txiki esaten genion Zegamari, pentsa! Orkestina ere bazegoen, ez zuten oso ondo joko, baina gustura ibiltzen ginen, ordu txikitan erretiratzen ginen.
‘Madril txiki’?
Bai, hala esaten genion! Seguraren ondoan diferentea zen Zegama. Fabrikak ere bazeuden garai hartan: elektronika esaten geniona, gizonak joaten ziren hara; papelera ere martxan zegoen, ni aitari laguntzen nola ibiltzen nintzen ez, baina nire ahizpa gehienak hantxe ibili ziren. 14 urterekin eskolako graduatua atera, eta ondoren, emakume asko joaten ziren papelerara lanera. Porterian ere emakume bat zegoen, Anastaxi, oraindik gogoan dut.
Bestalde, tren estazioa eta apeaderoa ere bazeuden Zegaman. Jende asko etortzen zen trenean, batzuk lanera, beste batzuk jai egunetan. Legazpitik- eta jende asko etortzen zen. Mugimendu handia zegoen, laneguna edo jaieguna izan. Gauzak dexente aldatu dira ordutik.
«Oraindik gogoan dut, eskolan,‘Ez dut gehiago euskaraz egingo’ ehun aldiz idatzi behar izan nuenekoa»
«‘Madril txiki’ esaten genion Zegamari, pentsa! orkestina ere bazegoen. Ez zuten ondo joko, baina gustura ibiltzen ginen»
«Gu baino lehenagokoak nola bizi izan ziren asko interesatzen zait. Nondik zatozen jakin behar da nora ailegatu jakiteko»
Segurara ezkondu, eta hemen bizi zara gaztetatik.
Senarra nuena, Juan Telleria, Juanito etxekoentzat, Segurakoa zen. Duela hamar urte hil zen. Hiru seme-alaba izan genituen, bata bestearen jarraian.
17 urte eginda nituenean, San Bartolomen, erromerian ezagutu nuen Juanito. Ogia partitzen ibiltzen zenez, horregatik ere ezagun nuen. Gizon langilea zen, okindegiko lanaz aparte, baserriko lanak ere gustuko zituen, txerriekin-eta ibiltzen zen. Beti ari zen zerbaitetan.
21 urte nituela ezkondu ginen, Donostian lanean ibili eta handik bueltan. Ezkondu aurretik etorri nintzen Segurara, senarraren familiaren etxe zahar batean bizi izan ginen lehenengo, eta handik, etxe honetara etorri ginen, Albaolara, edo Beheko okindegia bezala ezagunagoa. Senarraren familia bizi zen hemen, sei anaia-arreba eta ama, alarguna zena. Hamar bat izango ginen guztira, eta eskerrak lehendik ere jende askorekin bizitzera ohituta nengoen…
Okindegia etxean bertan zuten, gaur egun dagoen moduan, hau ez baita asko aldatu. Bertan egiten eta saltzen zen ogia, hori zen hemengo bizimodua; batzuk ogia egiten, besteak ogia partitzen… denentzako zegoen. Koinata haurdun gelditu zen, eta hori eta beste arrazoi batzuk medio, nik ere etorri behar izan nuen, okindegiko lanekin laguntzera.
Horretaz gain, garai hartan, arreoa preparatu behar izaten zen ezkondu aurretik, izarak, mantak, eta…hala etorri ginen!
Harrezkero pasatu dira urte mordo bat, baina Beheko okindegiak zabalik jarraitzen du, eta zu egunero-egunero mostradorearen atzean.
Bai, oso gustuko dut eta bizi osoa eman dut hemen. Aspaldi ez dugu ogirik egiten, baina klase guztietako ogiak saltzen jarraitzen dut, hori ere asko aldatu baita, lehen ez zegoen gaur adina ogi desberdin. Eta ogiaz gain, beste produktu batzuk ere saltzen ditut.
Dendara etortzen direnekin hitz batzuk egin… bizitza ematen dit horrek guztiak! Baina artean ere, jakin ere jakin behar da mostradore atzean egoten, ez pentsa! Baina horrek ez du inportantziarik, zeren gustura egoten naiz edozeinekin.
Zein da hemen jarraitzeko sekretua?
Sekretua da denekin ondo konpontzen naizela, edo hortan saiatzen naizela ahal dudan guztietan behintzat. Jendea ere jabetzen da hortaz, askotan esaten didate; ‘Zu Inaxi, mundu guztiarekin ondo beti!’ Nik beti erantzuten diet, ‘zergatik ez ba?’
Eta Segura, asko aldatu al da? Bazen denda gehiagorik?
Bai, baziren denda gehiago bai. Beste okindegi bat zegoen, goiko aldean. Beste denda bat ere bazen, Ineseneko denda esaten geniona. Denetik zegoen; jostekoak, basoak, ogia, janaria ere bai…
Hortik aurrera, gainontzean, herria ez da asko aldatu, etxe berriak eta bai, egin dituzte, igerileku aldea aldatu da gehien, baina herriko kaleak ez zait iruditzen asko aldatu direnik. Kotxe gehiago dabilela gora eta behera, hori bai!
Lana gogotik egiten oraindik ere, baina lanaz aparte, afiziorik baduzu?
Historia oso gustuko dut; batez ere, hemen inguruko historia. Otzaurteko istorioak, San Adriangoak, indusketak… horrelako hitzaldiak izaten direnean gustatzen zait joatea, eta parte hartzea, denbora badut behintzat. Asko ikasteko balio du.
Irakurtzea ere gustuko dut. Hor ditut gordeta liburu, aldizkari eta egunkari mordo bat. Dena gordetzen dut, zenbat ditudan ere ez dakit esaten, baina guztiak irakurtzeko denbora falta zait!
Hitzaldietara joaten zarela esan duzu, oraindik jakinmina duzun seinale…
Gu baino lehenagokoak nola bizi izan ziren asko interesatzen zait. Uste dut, jakin behar dela lehenengo nondik zatozen, nora ailegatuko zaren jakiteko. Ingurukoei ere esaten diet hori, baten batek barre ere egiten dit, baina tira, nire amonak ere esaten zuen; estroputz eginez ikasten zela oinez. Batzuk pentsa dezakete guztia dakitela, baina umiltasuna falta ere badute horiek.
Ondo merezitako erretiroa hartzeko asmorik ez duzula ematen du, hala?
Ba etxekoek ere esaten didate, okindegiko lanak utzi eta ea erretiroa noiz hartu behar dudan, badela garaia, baina ni gustura nago. Okindegian lanean segitzeko asmoa dut, gorputzak eta buruak uzten didan bitartean behintzat.
Baina agian opor txiki batzuk bai hartuko nituzke. Bakarrik ere joan izan naiz oporretan, ez naiz galtzen, eta segituan egiten naiz jendearekin.
Etxea lantoki, lantokia etxe
Zegamako Munoa baserrian jaio zen Iñaxi Arrizabalaga. 75 urte ditu, baina lanean segitzen du Segurako Beheko Okindegian, eta momentuz, erretiratzeko intentziorik ez du. Etxea izan du lantokia, eta lantokia, etxea. Segurako Kale Nagusiko 95. zenbakian, Ardixarra Etxea museoaren ondoan dago, Albaola izena duen etxe zaharra, Atariko ate handia zeharkatu, eta bertan dago, gaur egun oraindik, Beheko Okindegia. Hortxe egon da beti, eta bai, hortxe jarraitzen du. Obradorea martxan ez badu ere, –aspaldi utzi baizioten ogia etxean egiteari–, hantxe segitzen du, herriko dendari beteranoenak, Iñaxik, eguneroko lanak egin eta gerturatzen diren bezeroei eta bezero ez direnei ere, tertulia polita emateko beti prest.
Zegaman bizitrako ume garaiak gogoan ditu oraindik: eskolara joaten zenekoak, zein gustura joaten zen nahiz eta gaiztakeriaren bat eginda edo bere ama hizkuntzan, euskaraz, hitz egiteagatik soilik kastiguren bat eramaten bazuen ere; txuri astoarekin izaten zituen komeriak, egoskorra zen, baina Iñaxi ere ez da atzean geratzen, beraz dudarik ez egin bien arteko partida nork irabazten zuen asmatzen; Madril txiki, orkestina zuten herriak, ez zutenen ondoan, beste kategoria bat hartzen zutelako,… Aldizkari honetako lerro guzti-guztiak betetzeko adina istorio eta komeria ditu Iñaxik. Lerro hauetako protagonistak berak onartzen duen moduan, lotsak galduta dituelako, baina beti-beti, errespetuz, hori izan da bere sekretua.