Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
Lehengo batean jostorratza eta haria hartu, eta amona eta ama zanari hainbat aldiz ikusita, zulatutako galtzerdi pare bat patsadaz konpontzen aritu nintzen. Nola aldatu dan orain dela 100 urteko familia hura gaurko etxe-biltegi hau bilakatu arte; gauza erabilgarri batzuekin bizi ahal izatetik milaka trastez inguratuta bizitzera.
Umeak, gizentzeko joera eragiten duten aurrez-prestatutako janariekin elikatzen ditugu; osasuna, edertasuna, gaztetasuna eta antzeko mitologia besterik ez diren dohainak eskaintzen dituzten produktuak saltzen ditugu; erabili eta botatzeko zenbatezin gauza, sei urte edo askoz gutxiago irauteko asmatutakoak. Hori bai, geroz eta azkarrago aldatzen den itxura eta ontzietan noski. Dudarik gabe despilfarro ekonomiko bat da.
Bi mendetan merkatu-ekonomiak giza mota berri bat sortu digu: kontsumitzailea. Kontsumora iritsi ere ezin duen populazioaren zati handi bat daukagu gaurko munduan, baina, aldi berean gehiegizko kontsumismoa ere bai.
Nazio Batuen Ingurumen Programaren txosten baten arabera, kontsumitzaileen esku dagoen janariaren %17k zaborretan bukatzen du. Beste modu batera esanda, 2019an 931 milioi tona inguru alferrik galdu ziren munduan. Bitartean 690 milioi pertsonak gose arazoak nozitu zituzten.
Komunismoaren implosioarekin ideologien bukaera ere izan zela pentsatu zen. Baina neoliberalismoa ere ideologia bat da. Merkatuaren legeak, hazkunde mugagabeak eta irabaziak lortzeak, gizakiaren arazoak konpontzeko gai den proposamen errealista bat bezala aurkeztutakoa. Baina ulertzen ari gara zientzia bezala aldarrikatutako ideologia bat besterik ez dela.
Galtzerdietara itzuliz. Ohartu nintzen nire josketa lanaren bitartez erabilgarri-balio bat ekoizten ari nintzela. Baina merkatuan saltzeko ez izanik lan horren balioa BPGan ez zela kontuan hartuko. Alderantziz, dendara joan eta berriak erosi banitu BPGaren hazkundeari eta enpresa bakarren baten irabaziei ekarpentxoa egingo niela. Eta hazkundea sakratua da neoliberalismoarentzat.
Ekoizpena murriztu biztanleria pobretu gabe? Alde batetik ekologista erradikalak dauzkagu, borondatezko urritasun bizitza baten eta ekoizpen (kontsumo) txikiagotzearen aldekoak. Bestetik berriz, enpresen zuzendariak, etengabe traste eta marketing mezu berriak sortzen eta kontsumismoaren bitartez jendearen alienazioa elikatzen.
Kexu agertzea beharrezkoa da, baina mende honetako kontraesan eta nahitaezko aldaketen inguruan hausnarketa egitea, berriz, derrigorrezkoa. Pentsatzen dut hazkundearen eta kosta ala kosta irabaziak lortzearen lehentasuna arbuiatzen duen ekonomia sozial solidario bat bultzatzea posible dela. Txikiagotzerakoan hutsalkeriaren ekonomia txikiagotu behar dugu. Eta gauzak konpontzen aritzearen bertuateak berreskuratu.