Imanol Mercero • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Hiru belaunalditan bana daiteke haur literatura. Orokortuz, militantzia jardunagatik idazten hasi ziren irakasleak dira lehen belaunaldiko gehienak. Emakumezkoak irakasletza egindakoak ziren, kultur maila jasokoak. Gizonezkoak apaiztegitik pasatakoak ziren. Lehen belaunaldi honetako egile nabarmenak dira, esaterako, Marijane Minaberri, Asun Balzola (ilustratzaile-idazle), Joxantonio Ormazabal, Anjel Lertxundi, Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, edota Gregorio Muro Harriet komiki-gidoigilea.
Hurrengo belaunaldia sortzaile oparoena izan zen, gehienak gizonezko, kantitatez obra askoren jabe direnak, baina kalitatez nahiko justu-arrunt, salbuespenak salbu. Belaunaldi honetako obra goraipatuenen sinatzaile dira Pello Añorga, Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta.
Milurteko honetan hasi diren idazleak letretako ikasketak egindakoak izaten dira maiz, esaterako filologoak eta kazetariak, baina panorama asko zabaldu da, idazle eskolen eta herrietako literatur sariketa xumeen eraginagatik. Formatuari dagokionez aldaketa ematen ari da, albumetara dedikatzen diren idazle gazte asko baitago, eta proportzioan testugintza hutsa egitera animatzen diren gutxi. Belaunaldi honetan emakumeen presentzia orekatzen hasi da. Ondorioz, idazleen %40 pasa emakumezko dira (fitxatuta ditudan 97 idazletik 41 emakumezko, azken zenbaketan). Izenak aipatzean ezin da zerrenda itxi bat proposatu, euren ibilbidearen parterik luzeena etorkizun denean, –are gutxiago zerrendan ez daudenak baztertu–, baina dagoeneko obra nabarmenak idatzi dituzten autore hauek aipa daitezke, zalantzarik gabe: Miren Agur Meabe, Xabier Olaso, Harkaitz Cano, Castillo Suarez eta Leire Bilbao.