Urkia auzoan hasi eta buka, tartean Murumendira igota. Bidean hamaika ezusteko, Itsasondon natur balioen eta pasaiaren kontserbazioaren alde egiten ari diren lanaren lekuko. Harritzeko moduko basoak ezagutzeko ibilbidea da.
Itsasondoko herrigunetik oinez abiatuta berdin-berdin egin zitekeen –hori bai, zazpi kilometro gehitu behar joan-etorriari–, baina Urkia auzoa da (455 metro) Ibiltarik abiapuntutzat aukeratutako tokia. Murumendiren magalpeko auzo horretan 19 baserri daude –2 hutsik–, eta eskola zaharra, plaza, Santikutz ermita eta frontoi txikia dira erreferentzia nagusiak. Urtean bi festa garai izaten dituzte bertan, maiatzean eta irailean, garai bateko erromeria kutsukoak biak ala biak. Eta auzo hori izan da Itsasondoko Udalak 2007an abiatu zuen Agenda 21 plangintzako ardatzetako bat. 2008an natura eta paisaia ikuspegitik garrantzi bereziko guneen inbentarioa egin zuen udalak, eta 2010ean Hiri Antolaketako Plan Orokorrean bildu zuen. Landa ingurunea bi kategoriatan antolatu zuen Itsasondok: ingurumena babesteko helburuz bata, eta baserri erabilerak suspertzeko helburuz bestea.
Urkia auzoko baserritarrek 40 hektarea inguru hartzen dituzten belardi, soro eta sagasti mantentzen dituzte, eta 600 hektareatik gorako baso eremuek inguratzen dute auzoa. Ingurua aberats eta bizi mantentzen bada ere, auzotarren ete herriguneko kaletarren arteko harremana ez ziren nahi bezain estuak, eta egoera hori iraultzeko, baliabide publikoak herritar nahiz kanpokoentzat eskura jarri dituzte. Batetik, Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin lankidetzan, Itsasondo-Urkia-Murumendi elkartzen dituen ibilbidea markatu zuten (PR-Gi 53/54), eta Urkiako aterpetxea ere sortu dute. Eskola zaharreko eraikinean sukaldea, jangela-egongela eta komuna atondu dituzte, eta aldameneko frontoi txikian gaua pasatzeko 20 hamaka jartzeko modua egin dute. Osasun krisiak baimentzen duen eran jarriko dute erabilgarri aterpetxea.
Lizarditik Zaratera, baso artean
Itsasondoko herrigunea Oria ibaiak sortutako ibar estu baten bi aldeetan zabaltzen bada ere, Murumendi aldera joz aberastasun handiko paisaiarekin goza daiteke. Udalerriak dituen 900 hektareatatik 700 inguru zuhaiztiak dira, eta horietatik 400 bertako basoek hartzen dituzte, hariztiek eta pagadiek batik bat. Iñaki Aizpuru botanikari eta Itsasondoko alkate dena izango da Ibiltari honetako gidari. Urkiako azken eraikinei bizkarra eman, eta eskubitara dagoen bidetik hasten da ibilbidea (PR Gi-54). Beheranzko joera du baso mistoaren artean zabaltzen den bide honek. Lizardikoerrota da lehen helburua (390 metro). Hogei minutuan iristen da bertara. Muko Erreka-Errekaundiko urez baliatuz biratzen da errota. Handik behera Lizardi erreka da toponimoa. Aurrerago daude bidean topa daitezkeen azken bi baserriak, Lizardierdikoa eta Lizardibekoa, Beizamako Korosagastiko hilketengatik ezagun egin zirenak.
Eta paraje horietan hasten da nabarmentzen Itsasondok ingurumena babestu eta berreskuratzeko egiten ari den lana. Orain dela dozena bat urtera arte, Murumendiko harkaitzak soilik zituen jabetzan udalak, eta urtez urte hektareak erosi eta erosi aritu da, gehienak pagadiak. Horietako sail batzuk onddo jangarrietan aberatsak dira, eta aurtengo udaberrian zuhaitz mikorrizatuekin lanean jarraitzeko asmoa dute. Eskuratutako sail horietan koniferak edo egurretarako beste espezieren bat bazegoen, horiek ustiatu eta bakandu ondoren, bertako espezieen landaketak egin dituzte. Haritzak landatu dituzte batik bat, baina baita gereziondoak, lizarrak, astigarrak eta otsanlizarrak ere.
Lizardiko eguteran, esaterako, hiru hektarea haritz, lizar eta gaztaina sartzekoak dira. Baso pistak gorantz egiten du etengabe paraje horretan –bideko aldaparik handienak– eta ordu erdian Azkarateko gainera iristen da. Eskuin aldera segiz, pagadi dotore askoa lagun dela jarraitzen du bideak. Bazterretan kendu berriak diren alanbre sareak ikusiko ditu oinezkoak. Eta halako batean, udalak iaz egindako putzu bat, zapaburu, uhandre eta bestelakoentzat habitatak sortzeko. Ordu erdi batera dago Zarateko lepoa (620 metro). Bideak ezkerrera jarraitzen du GR-34 bidetik, baina merezi du tartean eskubi aldera egin, eta Domikoko mugarria bisitatzea, Itsasondo, Beasain, Bidania eta Beizamaren arteko muga adierazten duena.
Itzulera Larrazkandatik
Zaraten hasten da ibilbideko bigarren aldapa, Beasaingo lurretan dagoen pagadi batean barrena. Dantzaleku da hurrengo jomuga (1:45 minutu), eta hemen bi aukera: GR-ari segi ala Murumendiko tontorrera (868 metro). Pare horretan egonda merezi du gailurra zapaltzeak, eta dituen bistekin gozatzeak. Jaitsieran berriz egiten da topo GR-34arekin. Arrapaitzeko iturri ezaguna pasa eta handik gutxira Larrazkanda adierazten duen seinaleari jarraitu behar zaio Urkiarantz jotzeko.
Gainez gain doa bidea, Beasain, Ordizia eta Itsasondo arteko mugetan. Larrazkandara (656 metro) gozo iristen da, baldin eta bidea oso lokaztuta ez badago. Idoiaga baserrira doan bidea utzi, eta ezkerrerantz egin beharra dago puntu horretan, baso-pista sigi-sagatsuari behera segiz Urkiaraino. Babes bereziko izendapena duen eremuan egindako ibilbidea da, eta Itsasondok duen baso aberastasun ezkutua ezagutzeko aukera paregabea ematen du.
Kontuan hartzeko
- Urkian, aterpetxea prest. Osasun krisia hasi aurretik prest zuen Itsasondoko Udalak Urkian egokitutako aterpetxea, baina oraindik ez da zerbitzua ematen hasi. Eskolako eraikinean sukaldea, jangela-egongela eta komuna ditu eta aldameneko frontoi txikia gaua pasatzeko 20 hamaka jar daitezke.
- Lizardiko aita-semeak. Bada errota duen baserri horri lotutako bestelako pasarte ilun bat. Beizamako Korosagasti baserriko hilketen harira, bertako Arantzegi aita-semeak atxilotu zituzten, susmagarri zirelakoan. Gerora aske utzi zituzten errugabetzat jota.
- Domiko mugarria. Zarate lepotik eskuin aldera eginda aurki daiteke Domiko (Domingo) mugarri ikusgarria, 602 metrora. Harri landuz egina, Itsasondo, Beasain, Bidania eta Beizamaren arteko mugatokia da, Gipuzkoako hiru bailararen bat egite lekua.
- Arrapaitz iturria. Urkia aldetik Murumendira igota, beheranzko bidea egitean topatuko du mendizaleak ibilbideko iturri bakarra, Arrapaitz, Beasaingo lurretan. Gorakorako kantinplora urez beteta eramatea komeni da.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: 3 ordu eta erdi.
- Luzera: 9,76 kilometro.
- Desnibel metatua: 962 metro.
- Zailtasun teknikoa: Erraza.