Gatzak garrantzi handia dauka gure bizitzetan, guk uste baino handiagoa. Izan ere, ezinbesteko elementua da gizakion elikaduran eta prozesu industrial ugaritan. Eta zer esanik ez hozteko gailurik ez zegoen garaietan, jakiak egoera onean kontserbatzeko produkturik eraginkorrena zenean. Gogoratu besterik ez baserrietan zeuden urdai-askak, urdaia eta txerriki batzuk gatzatzeko erabiltzen ziren harrizko ontziak.
Elementu preziatua zen lehengo denboretan, gaur egun merkea eta ugaria bada ere. Urre zuria izenez ezagutzen zen, bere balioagatik. Hori dela eta, ur gazia azaleratzen ziren lekuak estimatuak ziren eta, seguruenik, asko eta asko ustiatuak. Euskal Herrian Añanako eta Leintzeko gatzagak dira ezagunak, baina baziren gehiago ere, leku-izenek salatzen dutenez. Normalean ‘gesal’ terminoaz osatzen dira.
Goierrin, hiru lekuri lotuak ikusi dugu: Gabiriak eta Mutiloak muga egiten duten Gesala parajeari; Ataungo Gesalbe parajeari; eta Zegamako Gesala eremu zabalari. Azken honek daukan hedaduragatik eta bere baitan sortu dituen bigarren mailako izenengatik, garbi dago aparteko garrantzia izan duela. Dena dela, eremu horretan bi alderdi bereizi behar dira: Amianoko Gesala eta Asurmendiko Gesala.
Amianoko Gesala izeneko alderdian ditugu Gesalbizkar (1494ko agirietan aipatzen dena, eta gaur egun Iruetxeta izenez ezagunagoa), Gesalberriko saletxea, Gesaletxe baserri eroria eta Gesaleko iturria. Azken hori ikusgarria da, iturbegitik behera gatzak sortutako zirrindara zuri eta usaintsua ikus daitekeelako.
Antzinako gatz lantegi zaharra
Asurmendiko Gesalarekin lotuta, berriz, ‘gesal’, ‘salinas’ eta ‘gatz’ izenak dituzten leku-izenak daude: Guesalcho (1809), Fábrica de sal (1814), Salina de Asurmendi (1814), Guesalberria u Osiñeta (1859), Río de Salinas (1861), Túnel de Salinas (1862), Gatzetxea (ahoz adierazia).
Itxura denez, alderdi horretan, gesala ematen zuen iturririk garrantzitsuena Latse baserrietatik gora egon behar zuen, trenbide ondoan zegoen Osiñeta edo Orosiñeta baserritik gora. Fermin Arakama eta Mariatxo Urreaga zegamarrek leku horretan Gatzetxea izeko eraikina egon zela adierazi ziguten 2016. urtean. Seguruenik hor egongo zen XIX. mende hasieran dokumentatzen den gatz-lantegia.
Ez dugu uste lantegi horren gaineko ikerketa-lanik dagoenik, baina jakingarria litzateke gatza sortzeko prozesua zein zen, ez baitu ematen lurrunketa naturalaren bidez egiten zenik. Ia seguru gaude, hango harri eta pareta zaharren artean hori jakiteko gakoak topa litezkeela oraindik ere.