Miren Estensoro Garcia • Ekonomia ikertzailea
Nire lankide Miren Larreari entzun nion lehen aldiz lanean ditugun estilo femenino eta maskulinoari buruz hizketan. Literatura akademiko ugari dago estilo femenino eta maskulinoaren eztabaidari lotuta, eta lan esparruan gizonen eta emakumeen portaera behatu ondoren eraiki ziren bi kategoria horiek.
Emakumezko estiloaren bereizgarri nagusiak dira emozioak, zaintza eta norberaren hazkundea besteen ongizatearen bitartez bilatzea. Bestalde, gizonezko estiloaren bereizgarri nagusiak dira arrazionaltasuna eta objektibotasuna, eta norberaren hazkundea banaketaren eta indibidualizazioaren bitartez bilatzea. Emakume gehiago dira, estatistikoki, estilo femeninoa erabiltzen dutenak eta gizonak estilo maskulinoa erabiltzea ohikoago da (nahiz eta horrelako kategorizazioak tentuz hartu behar diren noski).
Kontua da, badela estilo femeninoa sarritan erabiltzen dugunen artean partekatzen dugun sentipen bat: ikusiezina sentitzearena. Badirudi, lanean, arrazionala eta objektiboa izateak profesionalago garela ematen duela. Berriz, emozioen kudeaketan aritu edo zaintza laneko esparrura eramaten dugunean, ze majak garen entzuten dugu sarri. Eta badirudi hori aleatorioki gertatu dela. Besterik gabe parean horrelako pertsona bat tokatu zaizulako. Gainera, askotan, ahultasun gisa interpretatzen da estilo hori, eta azkenean nekatu egiten da bat, eta amore ematen du. Horrek dakar estilo femeninoa ikusezin egitea.
Ba ez. Estilo femeninoa ere izan liteke estrategikoa. Eta oraintxe gizarte honek dituen erronka konplexuak ikusita (baita arlo ekonomikoan ere!), estrategia, objektibotasuna, arrazionaltasunaz gain, zaintza, emozioak eta hazkunde komunitarioa ere behar ditugu. Lehenik estilo guztiak errekonozitzetik has gaitezke, eta gero, behar bezala elkar-osatzeko lanean jarraitu.