Goierriko komunikabide zaharrenetakoa da Berrenoako galtzada. Izenaren lehenengo aipamena 1208an azaldu zen, Nafarroako errege Antso Indartsuak Burundako herritarrei emandako foruan. Inguru hura liskar-eremu izan zen, Gaztelak 1200. urtean Gipuzkoa konkistatu zuenetik, muga bihurtu baitzen bi erresumen artean. Gaizkileen muga deitzen zioten, alde batekoek besteenean egiten zituzten arpilatzeek akuilatuta. Ataungo lurrak, ordea, 1390. urtera arte Nafarroaren esku egon ziren, Jentilbaratza gaztelua eraitsi arte.
Kontestu horretan, Berrenoa gaina zeharkatzen zuen galtzadak lotzen zituen bi aldeak. Nafarroako aldekoek ‘Naparritzako galtzada’ ere esaten diote. 1294an, Berrenoako gainean Gaztelako eta Nafarroako merinoek, Juan Ortiz de Balmaseda eta Diego Sanches de Garriz, bi eguneko negoziazioa egin zuten. Ganadu lapurretak, arpilaketak eta kalteak ordainarazi nahi zizkion batak besteari. Ordezkari nafarra bost zaldunekin eta oinezko 100 soldadurekin azaldu zen.
Mota askotako bidea
Antzinatetik zen Ataun eta Berrenoako inguru hori pasabide. Erromatarren aztarnak aurkitu dituzte: zilarrezko txanponak Otadizelai baserri inguruan, Usategi koban eta Lokatzako koban; eta urrezko eraztuna Jentilbaratzean. Sakana igarotzen zuen Asturica-Burdigala (Astorga eta Bordele) bide nagusiaren adar bat zatekeen.
Mende batzuk geroago, XVII.ean, Euskal Herria ipar-hego lotzen zuen arterietako bat pasatzen zen Berrenoatik: Nafarroako Erribera Kantauri itsasoarekin uztartzen zuen itzain eta mandazain bidea. Ataunen aduana ere jarri zuten. 1681ean, Juan Urrutia mandazaina ezkutuko azukre-karga batekin harrapatu zuen Ataungo aduanako buru Francisco Buriganak (lau mandotan abadejo arraina zeraman, ofizialki).
1695ean, berriz, Ataunek, Etxarrik eta Bakaikuk ituna izenpetu zuten, Nafarroatik sartzen ziren behor, behi eta idiengatik urteko 150 erreal Ataungo herriari ordaintzeko konpromisoz.
Done Jakue bideko erromesek ere erabiltzen zuten Berrenoako galtzada, Ataungo Ospitaleko agirietan dioenez. Zezen-bidea ere bazen. Tutera aldetik Azpeitiara edo Debara zezenketetara eramateko zezenak Berrenoatik jaisten zituzten. Bospasei egunean, 200 kilometro egiten zituzten.
Atauniker elkarteak 2017an bisita gidatua egin zuen Berrenoako galtzadara. Jexux Aizpuruak bildutako datuak dira artikulu honetan erabilitakoak.