Goieki Goierriko Garapen Agentziak martxoaren 1ean egin zuen urteko lehen administrazio kontseilua. COVID-19an sorrarazitako krisiak hainbat errealitate utzi ditu agerian, eta behar berri horiei erantzuten ahalegin berezia egingo du Goiekik esku artean dituen proiektu guztietan.
Goierriko enpresa sarearen errealitatea bertatik bertara ezagutzeko iaz martxan jarritako Berrabiarazi proiektuari jarraipena ematea, zahartzaro aktiboa sustatzen duen GoiOsasunLab proiektuaren bigarren faseari heltzea, energia planaren eguneratzea, iaz pandemiagatik bertan behera gelditu zen Enpresa Ekimen Berrien 24. Lehiaketa antolatzea eta Goierriren promozio turistikoarekin jarraitzea dira, besteak beste, Goiekik –eta turismoaren kasuan Goiturrek– 2021ari begira dituen erronka nagusiak.
Hamabi udal ordezkariren presentziarekin egin zen martxoaren 1ean Goiekiren urteko lehenengo administrazio kontseilua. Berrabiarazi egitasmoaren azalpenaz eta Goiekiren eta Goiturren 2020ko urteko kontuez aritu ziren batetik, eta bestetik, Goiekiko Ohiko eta Ezohiko Batzar Orokorrak egiteko, eta Goiturreko Ohiko Batzar Orokorra egiteko egunak eta gai zerrendak finkatu zituzten.
Berrabiarazi, berreskuratzeko
COVID-19ak sorrarazitako krisiak gorabehera eta ziurgabetasun egoera eragin du enpresetan, eta errealitate horri aurre egiteko, enpresen egoeraren diagnostiko bat egitea ikusi zen beharrezko. Enpresen egoera gertutik ezagutzea, enpresa sarearen etorkizun hurbileko erronkak ezagutzea eta egungo egoera hobetzeko ekintza-plan bat egiten laguntzea da Berrabiarazi proiektuaren bidez lortu nahi dena. Helburu nagusia honakoa da: Goierriko jarduera ekonomiko-soziala berreskuratzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak garapen agentzien esku jarritako tresna baten bitartez garatzen ari da proiektu hau Goieki iazko urritik, eta apirilera bitartean industria sektoreko 187 enpresa eta azken bost urteotan Ekintzailetza arloaren bidez sortu diren 150 enpresarekin elkarrizketak izango dituzte, 337rekin guztira.
Bertatik ateratarako ondorioekin eta beharrak identifikatu eta gero, 2021. urtea gidatuko duten proiektuak aterako dira, formakuntza, lidergoa, digitalizazioa eta sentsibilizazio arloetan besteak beste. «2020ak arlo desberdinetako errealitateak aldatu ditu, eta errealitate berri horiek ezagutzen fokua jarri eta eremu desberdinetan sortu diren beharrei erantzuna eman nahi diegu. Berrabiaraziko emaitzetaz baliatuko gara lan-lerro nagusienak definitzeko, eta ahalik eta azkarren irtenbideak bilatzeko», nabarmendu du Iker Galparsoro Goiekiko kudeatzaileak.
Arloz arlokako lanketekin segi
Goieki eskualde lehiakorra dela kontu jakina da, eta horretarako industria, ekintzailetza eta turismoa bultzatzen eta dinamizatzen jarraituko dute Goiekin. «Eskualdearen etorkizuneko jasangarritasunaren ardatz nagusiak dira, eta horiei esker, ekosistema soziekonomiko oparoa, lehiakorra eta balio erantsi handikoa izango dugu enplegua eta ongizatea sortzeko».
Gizarte arloari dagokionez, zahartze aktiboa sustatzeko GoiOsasunLab proiektuaren bigarren faseari helduko diote –aldizkari honetako 4-7 orrialdeetan zabalago landuagoa datorrena–; 2017an sortutako Energia Mahaia dinamizatzen jarraitzeko konpromisoa ere hartu dute (18 udalek, Goiekik, Goiturrek eta Goierri Valleyk osatzen dute); Enpresa Ekimen Berrien 24. Lehiaketa ere egingo da aurten, hainbat kategoriatan banatuta: Ekintzailetza ideia onena eta Enpresa barruan berrikuntza proiektu onena, besteak beste. Turismoan, berriz, Goierriren promozio eta dinamizaziorako ekintza plan zabala du esku artean Goiturrek.
Proiektu horiei guztiei aurre egiteko Goiekik dituen lau balioei egin die erreferentzia Galparsorok: «Errotzea, dinamismoa, konpromisoa eta berrikuntza dira gure esentzia definitzeko balioak, eta horiek gidatzen gaituzte barrurantz eta kanporantz gure lehiarkortasun posizioa finkatzeko eta merkatuan kokatzeko». Eta zeregin horretan guztian, komunikazioari garrantzi berezia emango dio Goiekik. Horregatik, goierritarrei dei egin die agentziaren sare sozialen (Facebook, Twitter eta LinkedIn) eta Newsletterraren bidez –webgunearen bidez egin daiteke harpidetza– zabaltzen diren proiektu eta informazio guztiei adi jarraitzeko.
2021erako erronkak
- Berrabiarazi egitasmoa. Iazko urrian abiatu zen proiektu honen helburu nagusia Goierriko jarduera ekonomiko-soziala berreskuratzea da. Horretarako, industria sektoreko 187 enpresarekin eta azken bost urteetan Goiekiko ekintzailetza departamentutik sortu diren 150 enpresekin elkarrizketak izaten ari dira Goiekiko teknikariak.
- GoiOsasunLab, zahartze aktiboa. Goiekiko Gizarte sailak, beste hainbat erakunderekin elkarlanean, zahartze osasungarria sustatzeko GoiOsasunLab proiektua garatu zuen 2020an Ataunen eta Beasainen, eta 2021ean Mutiloa, Olaberria, Segura eta Zaldibia batuko zaizkie. Proiektura atxikita ez dauden udalerrietako pertsonek ere izena eman dezakete.
- Energia Mahaiaren proiektuak. Ingurumen sailak hainbat ekintza garatuko ditu: Klima aldaketari aurre egiteko energia eta mugikortasun lanketa; Goierriko Energia Plana eguneratzea; Pobrezia Energetikoaren inguruko azterketa; eta udaletan energiaren monitorizazioa lortzeko plataforma digital baten ezarpena.
- Enpresa ekimen berrien lehiaketa. Iaz bertan behera geratu ondoren, aurten Enpresa Ekimen 24. Lehiaketa antolatuko du Ekintzailetza arloak, egoerara egokituta eta hainbat kategoriatan banatuta.
- Goierriren promozio turistikoa. Mugikortasun irizpideek erabat baldintzaten duten sektorea da turismoarena, baina Goiturrek eskualdea promozionatzeko ekintza sorta du esku artean: azoka turistikoetan presentzia, material promozionala, sustapena hainbat komunikabide, webgune eta sare sozialetan…