Lourdes Mintegi Goikoetxea • Urtsuaran
Duela 65 bat urteko Urtsuaranen, gaur egun zutik dirauten baserri beretsuak zeuden. Baina alde nabarmen bat bazen, etxebizitza guztiak ongi beteak zeudela. Senide sail galanta izateaz gain, guraso, osaba, izeba eta aitona- amonak bizi ziren baserrietan, sukalde bereko mahai bueltan edo sutondoan kontuak eta eguneko pasadizoak elkarbanatuz.
Baserri guztietan noski azienda ere izaten zen, gehiago edo gutxiago, baina haiek gobernatu eta lurrak emandakoaz bizitza aurrera ateratzea zen helburu. Eskola ere bazegoen, maixu etxea, apaiz etxea eta eliza elkarri erantsiak, eta parean bolatoki irekia. Hauxe izaten zen auzoko haurrek elkarrekin jolas egiteko tokietako bat, horretarako izaten zen tarte apurretan.
Urte batzuk beranduago, 60ko hamarkadan, bolatokia estali eta elkarte modura egokitu zena, gazte bilakatutako haur haiek elkartzeko leku bilakatuko zena eta makina bat mondeju goxo plater dastatzen eman dituena. Elizatik oso gertu, auzoan aurretik ere bazen taberna edo jatetxe bat, denda funtzioa ere betetzen zuen eta geroxeago auzotarrei telefono zerbitzua ere eman ziena.
Argazkia 1956. urtekoa da. Urtsuaran, Segurako auzo izatetik Idiazabalera 1947. urtean pasa ondoren, gotzaina lehengoz heldu eta bertan jaunartzea eginda zeuden guztiei sendotza ematera joan zen egunekoa. Argazkian ateratzeko aukera asko ez zen izaten, eta orduan denak irteteko prest. Bertan daude sendotza egindako urtsuarandarrak (Etzegaratekoak barne), idiazabaldarren bat ere bai, eta noski, guraso asko ere bai gustura asko. Haurrek egun horretarako, etxeko eta auzoko jostunak jantzitako soineko dotoreenak ageri dituzte, eta horiek gero senide zaharrenetatik gaztegoetara pasako zituzten, behin eta berriz erabiliaz.
Pentsa zer nolako bizia zen auzoa urte horietan, zenbat haur eta gazte jende zegoen. Bertan sortutako bikote bat baino gehiago ere badira eta horietako baten ondorengoa nauzue ni.
Nik ere bertan eman nituen nire lehen pausoak, eta bizilagunekin uda garaian makina bat jolas eta abentura bizi ere bai. Bertan umetan eta geroxeago ere bizitako une polit eta gogoangarri asko ditut gogoan, eta gaur egun ere, ahal dudan heinean saiatzen naiz bertako egonaldiez gozatzen.
Joan den udan, aspaldiko urteetan entzun eta ikusi gabeko ume eta heldu taldeak entzuteko aukera izan da auzoan, egoera «berri» hau dela eta, lasaitasun, patxada edo toki berrien bila joanda edo, eta hori beti pozgarria da.