Maria Antonia Hortiguela Burgosko Villayerno Morquillas herrian jaio zen eta 17 urterekin Euskal Herrira etorri zen. «Telefonicak Bergaran langileak behar zituela irakurri genuen eta lagun batek eta biok etortzea erabaki genuen». 66 urte bete zituen arte lan egin zuen, lehenengo Telefonican eta ondoren Mel eta Plasnor plastiko enpresetan. 2002an hartu zuen erretiroa. Ordutik, Gure Txoko jubilatuen elkarteko kidea da. Antzerki eta dantza taldeetako, abesbatzako eta zuzendaritzako kidea da. «90 urtetik gorakoei egiten diegun omenaldian, lau aldiz dantzatu dut aurreskua. Nork esan behar zidan niri Burgostik atera nintzenean…».
Gustuko antzezlana?
Komediak atsegin ditut. Dramei dagokionez, egunerokoekin nahikoa dut. Dena den, antzerki denboraldiko bonua dut eta saio guztietara joaten naiz.
Gustuko aktorea?
Denak gustatzen zaizkit.
Musika talde bat edo musikari bat?
Musika talde eta musikari asko gustatzen zaizkit. Manolo Escobarrekin, adibidez, barre asko egiten nuen.
Abesti bat?
Dos gardenias para ti.
Kolore bat?
Txuria eta gorria. Baina ez naiz Athleticekoa, e! Burgos taldekoa naiz.
Oporretarako toki bat?
Nire jaioterria. Sarritan joaten nintzen, koronabirusa heldu zen arte.
Liburu bat?
El arbol de la vida.
Zer gosaltzen duzu?
Fruta, tostadak marmeladarekin eta edateko jogurta.
Zumarragan biziko ez bazina?
Nire jaioterrian.
Zumarragako alkatea bazina, zer egingo zenuke?
Postu delikatua da. Meritua dute.