Imanol Intxausti • Segura
Egun garrantzitsua eta polita izaten da Seguran Ostegun eta Ostiral Santuetako prozesioena. Nazareno, akolito, penitente izan nintzen lehenengo, eta 16 urtetik aurrera, erromatar soldadu urdina naiz; danbor jotzaile lehenengo, eta orain korneta jotzailea.
Iaz bezala, aurtengo Aste Santua ere ez ohikoa izango da, hainbeste urteetan egin dugun planik ez baitugu izango aurten ere. Ostegun eta Ostiral Santuetako prozesioaz ari naiz. Nazareno lehenengo, akolito ondoren, penitente ere bai, eta azken urteotan erromatar soldadua naiz prozesioan.
17 urte egiteko nengoela, azkeneko momentuan proposatu zidaten erromatar urdina, danbor jotzailea izatea. Danborra jotzen zuen bati Gipuzkoako futbol selekziotik deitu zioten futbolean jokatzeko, eta niri esan zidan ea danborra jotzeko prest nengoen. Astebetean ikasi behar izan zuen danborra jotzen. Aita zena ere janzten zen erromatar orduan.
Hura urduritasuna lehenengo aldian! Izugarrizko jendetza etortzen zen garai hartan Segurara. Udaletxetik atera eta elizara arteko bidean hainbestean, baina elizara sartzerakoan, elizan, jendetza izaten zen. Elizatik ateratakoan ere bai. Txirrindulari lasterketetan bezala, jende ilara estuak nola zabaltzen ziren ikusten genuen. Erromatarrek gainera, ikusleen arreta erakartzen dute, besteak beste, prozesioko paso biziduna delako, ikusten gaituztelako eta arropak ere ikusgarriak direlako (Parisen egindakoak 1897an).
Hiru urte egin nituen danbor jotzaile, korneta jotzen hasi nintzen arte. Orduan ere korneta jotzaile bat falta zenez, eta ni trikitixa jotzen aritzen naizenez, niri proposatu zidaten. Hilabete lehenago hasten gara korneta doinuak entsaiatzen. Erromatar izateak gainera «saria» izaten du, ez dakit nondik eta noiztik datorren ohitura hori: Ostegun Santuan, udalak ordainduta, afaria egiten dugu Imazenean. Menua beti berdina izaten da: baratzuri eta ganba nahaskia eta txuleta. Elizara joan aurretik, berriz, adinekoen egoitzan meriendatxoa ematen digute.
Itzulerarako kezka
Parte hartzaileon artean giro ona izaten dugu eta bi egun oso polit izaten dira Ostegun eta Ostiral Santuak. Egun garrantzitsuak izaten dira gainera Segurarentzat, jende asko erakartzen baitute. Hala ere, bi urteko hutsunearen ondoren, badut kezka bat: ez dakit noiz itzuliko den edo itzuliko den. Azkenaldian kostatzen ari da jendea prozesioan ateratzea eta bi urteko etenaldi honek ez dakit onik egingo dion.