Zauriak sendatzeko eta almorranak osatzeko, eta belarriko minarentzat erabiltzen da landare hau.
- Izen herrikoia. Ebaki belarra edo Txanpon belarra.
- Izen zientifikoa. Umbilicus rupestris Dandy. (Crassulaceae)
- Ezaugarriak. Espezie belarkara da, eta itxura arrariatsua du. Zurtoin eta hosto mamitsuak ditu eta gehienez 60 zentimetroko altuera hartzen du. Normalena da 10-15 zentimetroko luzera duten aleak aurkitzea. Gehieneko garaiera, garatzen den eremuaren eta edukieraren araberakoa izango da. Ezaugarri nagusietako bat da zurtoin nagusi osoa estaltzen duen infloreszentzia garatzeko gai dela. Hor aprobetxatzen eta garatzen dira loreak –zuri-horixkak–, eta, ondoren, haziekin zabaldu. Eremu harritsu, murru eta labarretan hazten den landarea da, eta Venusen zilborra izenez ezaguna bada ere, Euskal Herrian Ebaki belarra (zauriak sendatzeko erabiltzen delako) edo Txanpon belarra izenez da ezaguna. Askotariko klimetan haz daiteke: Euskal Herrian, Espainian eta Portugalen, eta baita eremu hotzagoetan ere, Erresuma Batuan kasu.
- Atal erabilgarriak. Hostoak erabiltzen dira batez ere, eta kasu batzuetan baita zurtoinak ere.
- Propietateak eta erabilpenak. Herri medikuntzan zauriak eta almorranak osatzeko erabili izan da, kataplasma moduan batez ere. Hosto garbiak ondo txikitu, eta zauri eta almorranen gainean jartzea da aukeretako bat. Beste aukera bat hostoa txapa baten gainean berotu ondoren, mintz fina kendu eta zauri gainean jartzea da. Primerako orbaintzailea da. Belarriko minarentzat ere erabiltzen da, hostoak eta zurtoinak txikitu ondorengo likidoa belarrira isuriz. Egunean bitan gutxienez egin behar da mina desager dadin.
- Kontraindikazioak. Ez da halakorik ezagutzen.
Iturria: Legorretako Udalak kaleratutako ‘Ez zela kajoi batean gordetzekoa’ liburua.