Legorretako eragileak indarkeria matxistaren inguruko gogoeta egiten ari dira, eraso kasuen aurrean nola erantzun ikasteko.
Pasatu zen martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta egun hori pasatzearekin batera, isildu dira egun horretan berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako oihuak. Isilik, edo isilago, baina ez geldirik. Legorretan bide horretan lanean ari ziren, eta horretan dihardute oraindik ere. Izan ere, herriko eragileentzat ireki zen indarkeria matxistaren inguruko gogoeta egiteko parte hartze prozesu bat martxan dute Legorretako Udalaren ekimenez, eta Arremanitz Kooperatibak gidatuta.
Lanketa hori zertan den azaldu du Asier Bagliettok Arremanitzeko kideak: «Proiektu hau Legorretako Udalak abiatu zuen. Bazegoen hor berdintasunaren eta hezkidetzaren inguruan herri mailan zerbait egiteko gogoa. Legorretako eskolarekin, aurretik ere bageneukan esperientzia bat, jolastokia egokitzen eta hezkidetza saio batzuk-eta ematen, baina eskolaz harago, herri mailan ere berdintasunaren inguruan lanketa bat egin genezakeela pentsatu genuen, eta hain juxtu, nondik nora jo zehazten ari ginen bitarte horretan, Legorretan eraso egoera bat gertatu zen, tratu txar fisiko batzuk gertatu ziren eta herrian erreakzio bat egon zen».
Gertakari horretatik abiatuta planteatu zuten garatzen ari diren prozesua: «Abiapuntua da, herrian horrelako egoera gehiago emanez gero, nola kudeatu ikastea, modu osasuntsu batean eman dadin erantzun bat, baita komunitatea zaintzea ere, ez gaudelako horrelako gertaera baten aurrean jokatzeko entrenatuta, normalean hartzen delako modu oso punitibista batean…», nabarmendu du.
Horrelako eraso bat gertatzen denean, eta aurretik gogoeta egiten ez bada, «oso zaila da ondo kudeatzea, tentsio handiko momentuak baitira, eta barruak astintzen dizkigu gainera», gehitu du talde bereko kide Maialen Gartziak. «Betiko roletan sartzen gara, gizonek salbatzaile papera hartzen dute, emakumeek akonpainamendu funtzioa egiten dute…». Hala, gogoetarako kanal bat ireki eta lanean jarri ziren, «ikusteko nola ekin horrelako momentuetan, erreparazioaren ikuspegitik… Azken finean, gai honen bueltan ikastea da asmoa».
Herritarren erantzun «oso ona»
Deialdia egin eta 25 lagun elkartu ziren lehen saioan, eta prozesuaren eskema marraztu zuten partaide guztien onespenarekin. «Denok eroso sentitzeko eta epaituak ez sentitzeko balio batzuk jarri genituen». Aurkezpenaren ondoren, «lehen bi saioak, segregatuak izan ziren, emakumeak alde batetik eta gizonak bestetik, eta bakoitzak ibilbide propioa egin du». Bagliettok azaldu duenez, «gizonentzat indarkeria matxistaren lanketa sakona egitea arrotzagoa izan zitekeelakoan, lehenik oinarriak finkatu» zituzten, «ulertzeko gizonak nola eraikitzen garen, indarkeriak ze toki duen gure sozializazioan, boterea eta pribilegioa zer den, indarkeria nola eragiten den…».
Gartzia berriz, emakumeekin aritu da: «Emakumeak normalean pauso batzuk aurrerago gaude, ikuspegia landuagoa daukagu, lehen pertsonan bizitzen ez badugu, gertu-gertuan bizi izan dugulako erasoren bat, eta gaiaren inguruko hausnarketa egiten hasita gaude, batzuen kasuan aspalditik eta oinarri batzuekin gainera». Emakumeekin helburua da, «ulertzea ardura ezin dela gurea bakarrik izan eta partekatzeko baldintza batzuk behar ditugula, eta horrek eraman behar gaitu elkarbizitza batera, ez sexuen arteko lehia batera. Emozioei ere tokia egin behar diegu».
Asier Baglietto, Arremanitz Kooperatiba: «Legorretan eraso egoera bat gertatu zen, tratu txar fisiko batzuk gertatu ziren eta herrian erreakzio bat egon zen»
Maialen Gartzia, Arremanitz Kooperatiba: «Nahi ez dugun egoera berriro ematen bada, ahal den prestatuen egoteko eta ardurak argi edukitzeko da prozesua»
Prozesu honetan bakoitza bere bidetik abiatu bada ere, asmoa da, «elkarri begira jarri eta emakumeek ikustea non dauden gizonak, eta gizonek ikustea non dauden emakumeak, eta hortik, batera eraikitzen hastea». Abiapuntuak «hain desberdinak dira, asko-asko zaindu nahi dugula bakoitzaren espektatibak zeintzuk diren, zer eskatzen diogun besteari, balioa eman nahi diogulako baita ere borondate hori, gai honi arreta jartzeko». Harrezkero, lau saio egin dituzte.
Bide luzea oraindik egiteko
Prozesu hau amaitzeko oraindik lan saioak geratzen dira aurretik, ondorioak ateratzeko unea ere iritsiko da, eta egitasmo honek, lanean jarraitzeko beste bide batzuk ere irekiko ditu ziurrenik, baina momentuz egin duten lanaren inguruko sentsazioak jasoz, partaideen hitzetan, «asko» ematen ari da. «Belaunaldi desberdinak elkartuta lan egitea oso interesgarria da, baita gizonek parte hartzea ere, lanean segitzeko indar handia ematen du», diote Legorretako Talde Feministako kideek.
Gainera, horrelako gaiak lantzen dituzten prozesuak abiatzeak badakar beste ondorio bat ere, partaideen iritziz: «Bileretatik kanpo ere gaiaz hitz egiten dela, eta hori ere oso positiboa da, horrekin ere asko lortzen delako, eta prozesu luzea bada ere, ustea da, ari garela aurrerapausoak ematen, aldaketa bat emateko jarrera agertze hutsa, badelako zerbait».
«Bi taldeen arteko elkarrizketa geratzen da oraindik, eta lur hartzea, egindakoa aztertzeko. Eta ondoren, egindakoa herrira nola gerturatu aztertu behar dugu, inork nahi ez dugun egoera berriro ematen bada, legorretarrak ahal den prestatuen egoteko eta ardurak argi edukitzeko».